Xabier Izaga Gonzalez
UHINA BEKAK

Pentsamendu kritikoa plazaratzeko ekimena abiatu dute Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioek

Pentsamendu kritikoa bultzatu eta saretzeko asmoz, Uhina bekak sortu dituzte Iratzar eta Ipar Hegoa fundazioek. Uhin berriak eragingo dituzten ideiak eta proposamenak errealitatean eta «hainbat esparruren arteko elkarrizketan» uztartzeko «ekarpen txiki bat» egitea dute helburu.

Iragan astean aurkeztu zituzten Iratzar eta Ipar Hegoa fundazioek sortutako Uhina bekak. Idoia Zengotitabengoak eta Jagoba Zuluetak, hurrenez hurren bi fundazioetako kideek, laguntzon helburua azaldu zuten: pentsamendu kritikoa bultzatu eta saretzea.

Ikasleen ibilbide akademikoan edo militantzia esparruetako gogoeta eremuetan sortzen den pentsamendu kritiko eta politiko berrituari egin nahi dioten ekarpena dira Uhina bekak. «Plaza publikora jauzi egitea ez da samurra eta gure aldetik pentsamendu kritiko hori aitortu eta saretzen eta hedatzen lagundu nahi dugu. Gogoeta eta eztabaida politikoa freskatu eta aberasteko uhin berriak irits daitezen behar dugu», esan zuten aurkezleek. Uhin berri horiei hedatzeko kanala zabaldu nahi diete, errealitatearekin elkarrizketan jarri eta biderka daitezen.

Sei ardatz

Sei atal edo ardatzetan sailkatu dituzte bekak: burujabetza eta estatugintza; ekonomia eta sindikalismoa; feminismoa; euskara, kulturgintza eta naziogintza; iragana, etorkizuna eta iruditegi soziala, eta azken beka Euskal Herriko Unibertsitateko “Subiranotasuna Europako herrietan” masterreko amaierako lan bati emango diote. Sei atal, baina zazpi beka; izan ere, ekonomia eta sindikalismo ataleko bi lani sari bana emango diete. Beka denak 500 eurokoak izango dira, «sari xumeak», baina lan horiek argitaratzeko aukera ere izango da.

Artikulu luzeak edo liburuak izan daitezke, baina beste formatu batzuk ere onartuko dituzte: hala nola dokumentala edo dinamika sozial bat. Izan ere, lan horiek bizitza izan dezaten nahiko lukete, «plazara joango den ekarpena izan daitezen». Ezinbesteko baldintza da, halaber, lanak euskaraz egin eta aurkeztea. Deialdia Euskal Herriko zazpi lurraldeetako edonorentzat da, baita arrazoi sozial, ekonomiko edo politikoren batengatik atzerrian bizi diren euskal herritarrentzat ere.

Bere lana aurkezteko asmoa duenak uda osoa izango du proiektua zirriborratzeko, beka eskatzeko epea irailaren 30era artekoa da eta. Data hori baino lehen, lanaren laburpen bat eta haren nondik norakoak aurkeztu beharko ditu: hipotesiak, helburuak… eta egilearen curriculuma. Hurrengo hilabeteetan proiektuen hautaketa eta balorazioa egingo dute arlo akademikoko zenbait lagunek. Hautatutako lanen egileek sei hilabeteko epea izango dute beren lana garatu eta 2021eko udan osorik aurkezteko. Informazio zehatza nahi duenak www.iratzar.eus eta www.iparhegoa.eus webguneetan topatuko du.

Herri prozesurako lanabes

«Badakigu hau ekarpen xumea dela, beste batzuek egiten dituzten beste askorekin jakintza eta ezagutza berri horri guztiari sostengua eta behar duen bultzada eta kanala emateko ekarpena da. Ekarpen txiki baina beharrezkoa», diotsa Jagoba Zuluetak GAUR8ri. «Euskal Herriak behar duen sormen prozesuari edo ildo sortzaile horiei guk laguntza ematen diegu. Ez da gure fundazioen barnean gertatzen den prozesua, baizik eta herrian dagoen prozesua, eta hau horretarako lanabes bezala ulertzen dugu».

Zuluetak dioenez, izango da buruan ideia bat izan eta zerotik hasitako lanen bat aurkeztuko duenik, baina «seguruenik, horientzat irekita egonda ere, proiektu honen hartzaile nagusia jadanik zerbait aurreratuta daukana da, are unibertsitatean master amaierako lan bezala edo tesi bezala aurkeztuta edukita, hor utzi baino beste forma batez idatzi, kalerako, eztabaida politikorako edo beste eztabaida batzuetarako modu baliagarrian jarri nahiago duena. Badakigu badagoela horrelako jende pila bat Euskal Herrian».

Jagoba Zulueta

 

«Adimen kolektiboa eraiki nahi badugu, kolektibo hori ere ireki egin behar da, ezin da izan ‘betiko jendea’, edo kopuru mugatu bat»

Ipar Hegoa eta Iratzar fundazioen zereginetako bat pentsamendu kritikoa bultzatzea da, hain zuzen. Beka hauen xedea pentsamendu hori plazara agertzea dela ulertu dut.

Ekimen honek zehazki helburu hori bilatzen du. Gure ustez, pentsamendu kritiko hori egon badago, jakintzaren eta ezagutzaren ikuspuntutik esparru pila batean gazte asko, eta gazteak ez direnak ere bai, lan izugarria egiten ari dira, ikasketen bidez, unibertsitatean, tesietan eta masterretan, baita akademiatik kanpo ere, baina zentzu eta norabide berean, gure fundazioetan eta beste ikerketa edo gogoeta zentro batzuetan egiten den bezala. Baina, era berean, ikusten dugu badagoela nolabaiteko zailtasuna egoera berri bat eraikitzeko ezagutza berri hori, eraldaketa prozesuari gaur egungo egoerak eskatzen dituen erantzun eta proposamenak eta freskotasun berria ekartzeko beharrezkoak diren horiek plaza publikora, plaza politikora iristeko.

Orduan, teorian eta praktikan horretan ari gara, baina geure buruari galdetzen genion Ipar Hegoa eta Iratzar erakundeek dauzkaten prestakuntza beharretatik haratago ere ez ote genuen eskaini behar gure bidea kanal gisa, hainbat pertsonari laguntza eman eta uhin horiek plazara irits daitezen.

Hainbat esparru elkarrizketan jarri nahi dituzuela diozue. Haien arteko inkomunikazioa sumatu duzue?

Elkarrizketan jartzea esaten dugunean, adierazi nahi dugun ideia da ikasle asko eta militante asko badabiltzala egoera bat ikertzen, hipotesiak egiten, erantzunak bilatzen, baina beharbada haien lana horretara mugatuta geratzen dela. Esate baterako, esparru akademikoan geratzen denean, ez da errealitatean eragiteko erreminta bilakatzen. Eta guk horretarako izan behar duela uste dugu.

Norantz goazen eta gure helburuetara gehiago hurbiltzeko eraikuntza ziklo berri baterako zer erreminta behar ditugun nolabait definitu behar dugulako sentsazioa dugu, eta horretan uste dugu badaudela ideiak, jakintza, lan ugari, baina errealitatearekin hizketan jarri behar ditugula diogu, hutsune bat dagoela pentsatzen dugulako. Hau da, hori guztia ez denez eramaten bere osotasunean edo parte handi batean eguneroko lan militantera, bestelako eraldaketa prozesuetara edo nahi ditugun esparru guztietara, ez denez behar bezala plazaratzen, etenda dago elkarrizketa; ez dago hartu-eman bat eremu teoriko horren eta herrigintzan jarduten duen jende guztiaren artean.

Akademiako lan teorikoaren eta kalearen artean, esate baterako?

Bai, eta askotan pertsona berak dira. Herri txikia gara, ez dago harresi bat, unibertsitatea ez da jende arrotzez betetako lekua, badago herrigintzan ere diharduen jendea. Herrigintzarako, politikagintzarako, sindikalismorako eta bestelako mugimendu batzuetarako ere badauzkagu egitura finkoak, baina askotan aire berria hartu eta bestelako ondorio batzuk biderkatzea kostatzen zaienak. Hor ikusten dugu hutsunea, ez pertsonen edo mugimenduen arteko etena, baizik eta uhin berri horiek zer-nolako protagonismo eta lekua daukaten sortzen ari garen ziklo berri baten definizioan. Uste dugu ahots gehiago, ideia gehiago eta berriak behar direla. Azken batean, adimen kolektiboa eraiki nahi badugu, benetan kolektibo hori ere ireki egin behar da, ezin da izan «betiko jendea», edo jende kopuru mugatu bat. Herri honek dauzkan indarrak askatu egin behar ditugu. Benetan dagoen potentzial horri bide emateko, aitortza bat egiteko gai izan behar dugu, eta elkarrizketa horren bitartez jende asko aditutzat jo eta aditu bezala entzun, proiektuak aurrera eraman behar ditugunean oinarri askoz aberatsagoa eta eguneratuagoa izateko.

Burujabetza eta estatugintza atalari dagokion azalpenean diozuenez, demokratizazioaren pribatizazioaren garaia da hau. Aurreko krisian kapitalismoa aldatu beharra zegoela onartu zuten askok, eta covid-19aren honetan ere sistema publikoaren defentsa sutsuak entzun ditugu; hala ere, uhin indartsua beharko da kapitalismoaren uhinaren aurka.

Krisi garaiaren hasieran entzun genituen horiek, kapitalismoa birfundatu egin beharra zegoela, edo covid-19aren ondoriozko krisian ere estatuaren esku hartzearen aldeko iritzi asko, zerbitzu publikoak loriatuz… baina gero, gauzak pixka bat baretzen direnean eta urgentziak desagertzen direnean, ikusten dugu zein diren aplikatzen dituzten neurriak, eta benetan zein den parean daukagun etsaiaren dimentsioa. Horregatik, uste dut badaukagula eginbehar bat, pentsatzea horren neurriko mailan jarri nahi baldin badugu, herri bezala jokatu behar dugula. Norberaren txikitasunetik eta talentutik ideia bikain batekin zerbait lortuko dugula pentsatu beharrean, artikulatu egin behar ditugu uhin horiek, baita pentsamenduan egon daitezkeen protagonistak eta ideiak ere, eta gure artean ideiak partekatzeko esparruak eraiki, horietatik abiatuta elkarrekin hazi, eta egoerari eta erronkari aurre egiteko moduko eta haien mailako erantzunak topatuko ditugu.

Burujabetza eta estatugintza ardatz bat da. Herri honek estatu bat eraiki behar du bere jendea babesteko, aurrera egiteko, bestelako eredu bat eraikitzeko. Eta burujabetzaren ideiak gai edo beka konkretu hori ez ezik, beste guztiak ere zeharkatzen ditu, nolabait ideia zentrala da: herri gisa, pertsona gisa, gorputz gisa zer egin dezakegun, zer egin behar dugun eredu justuago eta askeago bat izateko eta horretan bizitzeko.