Miren Azkarate Badiola

Gorputz okerrak

Iritsi da uda. Aurtengoa arraroa edo hobeto esanda, ezohikoa. Hondartzetan sartzeko aforoa, herriko eta auzoetako festarik ez, bidaiatzeko arazoak, hauteskundeak… Inoiz ikusi ez dugun errealitatea dugu 2020. urteko uda honetan, jada pasatako udaberriarekin jakin bagenekiena, baina ikusi arte guztiz sinistu ez duguna.

Inoiz imajinatuko ez genituen agertokiak, urtea hasi zenetik mundu guztian zehar ikus daitezkeenak, ez da udararen ezaugarria esklusiboki. Nire amonak esaten zuen bezala, prest egon behar da datorrena datorrela aurre egiteko.

Hala ere, badira hain ezohikoak ez direnak ere, urtero-urtero errepikatzen direnak eta aurtengoan ere ez direna salbuespen izan: udarako dieta milagroak. Bereziki emakumeei zuzendutako iragarki eta kanpainez ari naiz. Gorputz lirain, polit, argal eta perfektu bat izateko dieten bonbardaketa zuzenaz mintzo naiz: zer jan, zein kirol egin eta tankerako argazki edo bideoak nonahi! Gainerako gorputzak, hor azaltzen ez diren guztiak ez desiragarriak eta onartezinak balira bezala. Gorputz zuzena gorputz okerren alboan. Eta aurtengoan Bilgune Feministak ekainaren 28an Harrotasunaren Egunean erabili duen leloa erabiliz eta goraipatuz, “hemen gorputz oker bakarra gorputz polizialarena da”. Betiko iltzatuta geratuko zaidan leloa, bereziki ona iruditu zaidalako eta arrazoi guztia duelako. Niretzat, gainontzean, ez baita gorputz okerrik; ez baita gorputz oker bat potoloa dena, edo iletsua dena, edo identitate ez normatibo bat adierazten duena, edo honekin edo harekin edo haiekin oheratzen dena. Horiek dira gorputz zuzenak niretzat, norbera ongi sentiarazten dutenak, azken finean, askeak direnak. Eta horrek Donostiako Koordinadora Transmarikabollo Feministaren beste lelo gogoangarri bat ekarri dit burura: “askatasuna ez da kontsumitzen, borrokatu egiten da”. Ni prest! •