Pello Otxandiano

Poli(s)tika erreskatatu (I)

Igande honetako hauteskundeak igarota eta uztailaren 17an Herri Elkargoko lehendakaria hautatuta, hauteskunde ziklo oso bat itxiko da Euskal Herrian. Eta, hauteskunde ziklo bat itxi eta hamarraldia estreinatzearekin batera, fase politiko berri bat abiatuko da. Izan ere, covid-19ak nahi izan du 2020. urte hasieran agertu eta hamarraldi gako bati hasiera eman, hamarraldi bat zeinak norabide-aldaketa sakon bat eskatuko duen orain arteko politika askotan. Covid-19ak krisi aroaren bizipen erreal bat ekarri digu, sentigarri egin du, inoiz ez bezala, bizi gaituen gizarte molde hauskorra eta etorkizun ziurgabea; krisi aro globala gure bizitzetara ekarri du, esfera sozialera zein intimora. Nahikoa argi dago dagoeneko arrisku handiko garai berri batean murgildu garela.

Egokiera ona atzera begiratu eta igaro berri dugun hamarraldiaren herri-ikuspegiko bilana egiteko. Ez baita edonolako garaia izan iragan berri dugun hamarraldi hau, ETAren zikloaren itxieraren hamarraldia. Dinamika soziopolitiko berri bat abiatu bide zuena, ordura arte posible izan ez zena posible egingo lukeena. Eta, ezbairik gabe, herri-ikuspegitik begiratuta, gauza asko gertatu dira azken hamar urteetan, bere neurrian baloratzen jakin behar direnak: Nafarroan aldaketaren aldeko gobernuak abiatu eta eskuin-mutur nabarristaren hegemonia pitzatu da; Ipar Euskal Herrian Lurralde Elkargoa osatu da; ETAren bukaera bururaino eraman da, gizarte zibilaren bultzadaz eta estatuen borondatearen kontra; erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte-ekimena hauspotu da; independentziaren aldarrikapena inork inoiz eraman ez duen punturaino eraman du Kataluniak; estatuen egiturazko krisia sakondu egin da; gizarte-mobilizazio forma berriak agertu dira indarrez. Bilanaren alde positiboari begiratuz gero, asko da aurreratu dena.

Balantzaren beste aldean, iragan hamarraldia Kutxabank-en bankarizazioaren garaia izan da, baita Euskaltelen salmentarena ere. Gipuzkoan, abertzaleen arteko lankidetzaren hipotesia frogatu ahal zitekeen lurraldean, “atez atekoa berdin ETA” operazio populista trumpianoak hipotesi hori bazterrean botata utzi du; hiru eremu administratiboetan Euskal Herriaren autoeraketaren aldeko lehendakariak izanik, aukera paregabea galdu da erreferentzia nazionala indartzeko; Autonomia Erkidegoan erabakitzeko eskubidea instituzionalizatuko lukeen akordioa ez da eztabaida parlamentariora eraman nahi izan. Bilanaren alde ilunari begiratuz gero, galdutako aukeren hamarraldia ere izan da iragandako hau.

Galdutako aukerei erreparatu

Bilan guztiek dute alde iluna eta alde positiboa. Gauza bakoitza dagokion neurrian baloratu behar da. Baina bidea urratu nahi dugunok, aukera berriak ireki nahi ditugunok, behartuak gaude galdutako aukerei erreparatzera. Eta zentzu horretan, esango nuke, iragan hamarraldian herri hau hasi berri dugun hamarraldi gako honi begira sendotzeko aukerak galdu direla, eta ez nolanahikoak. ETAren zikloaren amaiera herri gisa errentabilizatu baitzitekeen, eta modu askotara. Izan zitekeen euskararen aldeko akordio soziopolitiko handi baten bidez, euskal enpresa eredu baten aldeko ekimen handi bati esker, euskal hezkuntza sistemaren eraberritze errotiko batekin, erabakitzeko eskubidearen aldeko akordio politiko bat tarteko, edo beste hainbat modutara. Baina ez. EAJk, euskal oasiaren gisako narratiba kontserbadoreak baliatuz, herri honen sabai aspirazionala beheratu du eta izan ditzakegun gaitasun komunitarioak blokeatu ditu.

Bidea urratzeak zein dinamika soziopolitiko eskatzen duen sakon aztertzeko garaia da, bai gizarte politikoan eta bai gizarte zibilean. Irudipena daukat ETAren aroan posible izan ez zena ETAren ondoko aroan posible egin nahi izatearen automatismoa presenteegi dagoela. Eta badagoela belaunaldi bat herrigintzan aurreko faseko bizipenek gehiegi baldintzatzen dutena. Gizarte zibil autonomoak bere buruari egozten dion misioa –berdin euskalgintzak zein erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak, adibidez– ezin da izan EAJren eta EH Bilduren arteko akordio politiko bat erdiesteko bide orria proposatzea. Besteak beste, iragan hamarraldiak frogatu duelako saiakera horiek, laudagarriak izanagatik ere, ez direla eraginkorrak. Poli(s)tika erreskatatzeko garaia da. •