2020/07/18

Jonatan Molina Torres
Haur eta Nerabeen psikologoa

Duela egun batzuk Bilbon egon da Alicanteko aditua, UPV/EHUk antolatutako udako ikastaroetan. Oso modu argigarrian hitz egiten du autismoaz eta hiperaktibitateaz.

«Kezkatzekoak ez dira autismoaren edo hiperaktibitatearen sintomak, horiek haurrari sortzen dizkioten arazoak baizik»
Amagoia Mujika Telleria
0718_molina1
Aritz LOIOLA | FOKU

Autismoa eta hiperaktibitatea kaleko hizkeran modu arinegian txertatuta dauden hitzak dira. Autismo espektroaren nahastea (AEN) eta Arreta Defizitaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea (ADNH) herritarren %5 ingururi eragiten dioten nahasmenduak dira. Kasu askotan, diagnostikorik gabe.

Duela egun batzuk Bilbon elkartu dira adituak UPV/EHUren udako ikastaroen harira nahasmendu horien inguruan aritzeko. Tartean izan da Jonatan Molina alacantarra, haurren eta nerabeen arloan espezializatutako psikologoa.

ADNHaz aritu da Molina. «Nahaste horren zailtasun handiena norbere burua erregulatzeko zailtasuna da; ez altxa orain ez delako unea, ez esan hori errieta egingo dizutela, ez egin hori tokiz kanpo dagoela... neurri horiek hartzeko ezintasuna da». Molinaren hitzetan, «buruaren erdian ordainlekuetako barrera horietako bat daukagu. Zerbait okurritzen zaigunean, barrera jaitsi egiten da eta aztertu egiten dugu egitera goazena egin edo ez egin. ADNH duten haurrek barrera hori etengabe goian daukate, altxatuta. Ez daukate iragazkirik beren burua erregulatzeko orduan».

Zer da ADNH?

Arraro samarrak suerta daitezkeen siglak dira ADNH. Baina hiperaktibitatea edota Arreta-Defizitaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea esanez gero, ezagunagoa egiten zaigu, ezta? Finean atentzio eza, inpultsibitatea eta hiperaktibitatea bezalako arazoak sortzen dituen nahasmendua da. Haurraren adinarekin bat ez datozen sintomez ari naiz eta hori datu garrantzitsua da. Finean, haur guztiek, gehiago edo gutxiago, sintomatologia hori izaten dute, baina ADNH daukan haurraren kasuan sintoma horiek oso nabarmenak dira, neurriz gorakoak, eta arazoak sortzen dizkiote bere egunerokoan. Eskolan, besteekin harremantzeko orduan, etxekoekin... arazoak izaten ditu haurrak jokaera horien ondorioz.

Askotan, hizkera arruntean, «horrek autista dirudi» edo «hori hiperaktiboa da» errazegi esaten da, ezta?

Bai, halaxe da, eta erabilera horiek maiz nahastea sortzen dute. ADNHaz ari garenean ez gara ari asko mugitzen den edo bihurria den haur bati buruz. Denboran luzatzen diren eta haurraren egunerokoan arazo larriak sortzen dizkioten jokaerez ari gara. Finean, nahasmendu bati buruz ari bagara horixe esan nahi du, haurraren bizitza nahasten duen arazo bat dela. Mugitua edo pixka bat despistatua den haur bati buruz ari bagara, eskolan, etxean eta lagunekin ondo moldatzen dena, ez gara nahasmendu bati buruz ari.

Zein da nahasmenduaren jatorria?

Psikologiak uneotan daukan galdera potoloetako bat da hori, artean erabat erantzun ezin dena. Garbi dagoena da heredagarritasun maila altua duela. Kasuen %70ean heredatutakoa izaten da. Horrek esan nahi du ADNH daukan haurraren gurasoetako batek nahasmendu hori bera daukala, nahiz eta askotan diagnostikatu gabeko kasuak izan.

Badira beste faktore batzuk. Adibidez haur oso goiztiarretan edota jaiotzerako orduan oso pisu txikia izan dutenetan, kasu gehiago ematen dira. Finean, ADNHa neurogarapenean ematen den nahaste bat da, garunaren garapenean gertatzen den arazo bat. Horregatik, oso goiz jaio diren haurrek edota pisu oso txikia izan dutenek, beren garapena ez dute erabat osatu, hutsuneak gertatu dira eta hazten doazen neurrian, horiek nabarmendu egin daitezke eta ADNH bat ekarri.

Azken urteotan kasu gehiagoren berri izaten ari gara. Kasu gehiago daude edo hobe diagnostikatzen dira orain?

Nahastearen prebalentzia paretsu samar mantentzen da, ez bakarrik urteen joanean, baita herrialde eta kultura desberdinetan ere. Datuen arabera, herritarren %5 inguruk dauka ADNH. Egia da orain askoz ikusgarriagoa dela, nahasteari buruz askoz gehiago dakigula eta hobeto identifikatzen dugula. Gainera, badira eragina izan dezaketen faktore sozialak; gehiegi mugitzen den haur batenganako tolerantzia eskasagoa, haurra modu librean mugitzeko espazio gutxiago... baina horrek ez du esan nahi faktore sozialek ADNH kasu gehiago sortzen dituztenik. Akaso gerta daiteke berez ADNHrako joera daukan haurraren sintomak areagotzea egungo baldintza sozialetan. Hori gerta daiteke, baina inongo faktore sozialek ez dute nahasmendua sortzen kasu bakar batean ere.

Zure hitzetan, ikasgela guztietan dago ADNH daukan haur bat eta, akaso, diagnostikatu gabeko besteren bat.

Bai, diagnostikatu gabeko kasu asko daude. Finean, gurasoek hor arazo bat dagoela igarri behar dute lehendabizi eta gero buruko osasuneko baliabideren batengana jo, izan publikoa edo pribatua. Hortik aurrera profesional bati dagokio diagnostikoa egitea.

Baina diagnostikatu gabeko kasuak aipatzen ditudanean, ADNH izateko sintoma guztiak izan gabe, beren atentzio gabeziak, inpultsibitateak eta hiperaktibitateak arazoak sortzen dizkieten haurrei buruz ari naiz. ADNH diagnostiko garbi bat izateko, sintoma kopuru jakina izan behar da garbi. Baina, batzuetan, sintoma horiek denak izan gabe, laguntza behar duten haurrak badaude.

Diagnostikoa izateak laguntzen al du haur horren ongizatean?

Bai. ADNHaren kasuan, normalean kronikoa den nahasmendu bati buruz ari gara. Haurrak ADNHa izateko aurretiko joera genetikoa dauka eta sintomak oso txikitatik hasten dira agertzen. 0-3 urte bitartean sintoma horiek lausoagoak dira; jenio biziko haurrak dira, oso erraz haserretzen direnak, gaizki jaten dute, gaizki lo egiten dute... Haur hezkuntzan hasten direnean gehiegizko mugimendu hori hasten da igartzen eta, 6 urtetik aurrera, atentzio gabezia.

Baina nahasmendu kronikoa da eta diagnostikorik eta esku hartzerik gabe, nahastea bere kasa zabalduko da. Frogatuta dago ADNH daukaten helduek istripuak izateko arrisku handiagoa dutela, zauriak eta lesioak izateko aukera handiagoa eta baita bizi itxaropen murritzagoa ere. Azken finean, ADNHari lotuta duten inpultsibitateak arrisku handiagoko praktikak egitera bultzatzen ditu. Horregatik, garrantzitsua da diagnostikoa ahalik eta goizen egin eta nahastea ez areagoatzeko lanean ahalik eta azkarren hastea.

Esku hartze hori, botikekin eta psikoterapiarekin egiten da? Kasu bakoitzarentzat bere neurrira?

Haurren kasuan, 3-5 urte bitartean, psikofarmakologia ez da lehen hautua. Adin horretan gurasoen entrenamendua da lehen aukera. Hartara, gurasoekin lan egiten da haurraren zenbait jokaera eusten eta moldatzen laguntzeko estrategiak irakatsiz. Horrekin ez dira sintomak desagertuko, baina haurrari laguntzen zaio nahasteak sortzen dizkion arazoak modu hobean kudeatzen, horretarako tresnak eskaintzen zaizkio.

Azken urteotan ikerketa asko egiten ari dira norabide horretan. Jarduera fisikoa eta jolasak uztartzen dituzten zenbait programa neurokognitibo ADNH duten haurren gabeziak indartzen saiatzen dira; atentzioa, inpultsoak eustea, arauak betetzea... Badirudi jolas horien bitartez lortzen dela ADNH duen haurraren garunean garatu gabe dauden zenbait funtzio indartzea. Adin goiztiar horietan horiek dira gailentzen ari diren esku hartzeen norabideak.

Horiez gain, eskolako lana dago. Eskolan zenbait prozedura, estrategia eta metodologia indartu behar dira ADNH duen haurra hobeto molda dadin.

Botikak behar diren kasuetan, termostatoaren metafora aipatzen duzu.

Hori da. Botikak, finean, baldintza optimoak jartzen ditu haurrak estrategia kognitibo bat aurrera eraman dezan. Beharrezkoa eta komenigarria den kasuetan, medikamentuek hori egiten dute, baldintza egokiak sortu. Nik termostatoaren metafora erabiltzen dut nire hitzaldietan. Hitzaldia ematen ari naizen gelan, termostatoa puskatu eta neguan bost gradu egiten baditu, nekez lortuko dut parte hartzaileek nire hitzei arreta jartzea. Edo alderantziz, berrogei gradu egiten baditu, beroak akabatzen egongo dira denak eta ez didate kasurik egingo.

ADNH duen haur baten kasuan, kasuak hala eskatzen duenean, medikamentuek termostatoaren lana egiten dute, baldintza egokiak sortzen dituzte. Baina, hortik aurrera, nahiz eta baldintza egokiak egon, gerta daiteke haurrari ez interesatzea egin behar duena edo ez jakitea nola egin behar duen. Horregatik, psikoterapiak sekulako funtzioa dauka, haurrak berez garatu ez dituen gaitasun batzuk entrenatzen laguntzen duelako; kontzentrazioa, antolaketa, bere buruaren kontrola...

Beraz, botikak baldintza egokiak sortzen ditu, baina botikek ez dizkiote estrategiak erakusten haurrari. Hori psikoterapiaren egitekoa da eta horregatik da hain garrantzitsua.

Hezkuntza sistema prest al dago kasuak detektatzeko eta horiekin egoki lan egiteko?

Tira, hezkuntza sisteman alor publiko askotan bezala gertatzen da maiz: gehiegizko burokraziaren eta zama administratiboaren ondorioz, kasu bat atzematen denetik diagnostiko bat egiten denera oso baliotsua den denbora joan daiteke. Gainera, buruko osasunarekin lotutako baliabide publikoak gainezka daude. Oso ohikoa da ADNH daukan haur batek buruko osasuneko kontsulta bat izatea hiruzpalau hilabetean behin eta horrek asko zailtzen du tratamendu egoki bat emateko modua.

Hala ere, mentalitate aldaketa bat gertatzen ari da. Bilbon izandako udako ikastaroetan, laurogei bat parte hartzaile izan dira eta, gehienak, irakasleak. Irakasleak gero eta kontzienteago dira formakuntza behar dutela beren ikasleen artean ADNH atzemateko. Ez da lantegi erraza, formakuntza espezifikoa behar delako eta nahastea oso ondo ezagutu behar delako, baina itxaropena badago, hezitzaile asko beren burua prestatzen ari direlako. Irakasle ia guztiek beren lan ibilbidean barna ADNH kasuren bat ezagutuko dute. Haur hori erronka bat da irakaslearentzat, baliabide onenak eskaini behar baitizkio bizitzan aurrera egin dezan. Mentalitatea aldatzen ari da.

Beste gauza bat da, eta horiek ur handiagoak dira, eskolak zenbat eta nola hobetu behar duen ikasle bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko, bere ahulguneak eta indarguneak identifikatzeko, behar duena emateko eta eman dezakeena eskatzeko.

Bilbon izandako ikastaroan beste ertz bat ere landu duzue: eskola espezifikoak edo eskola inklusiboak.

Erantzun orokor bat ematea zaila da, kasu bakoitza desberdina delako. Ikasteko orduan zailtasun bat izatetik, dislexia bat adibidez, hizketarik ez dagoen autismo zorrotz bateraino doazen kasuez ari gara. Horregatik, zaila da orokortzea eta haur guztientzat aukerarik onena zein den esatea.

ADNHaren kasuan, frogatuta dago ikasgelan bertan hartzen diren neurriek eta erabiltzen diren teknikek emaitza onak ematen dituztela. Nahastearen sintomak samurtzea baino, sintoma horiek haurrari arazorik ez sortzea da helburua. Nik beti esaten dut kezkatzekoak ez direla ADNHaren sintomak, sintoma horiek haurrari sortzen dizkioten arazoak baizik. Arreta arazoak, inpultsibitatea eta hiperaktibitatea dituen haur batek egunero arazo larriak izango ditu eskolan; etxeko lanak egitea ahaztu zaiolako, irakasleak ohar bat jarri diolako agendan, lagunek ez dutelako berekin jolastu nahi, etxean errieta egiten diotelako... Esku hartzeen helburua nahasteak sortzen dituen arazo horiek samurtzea izan behar da, haurrak gainetik ken dezan porrotez betetako motxila hori. Nik uste dut eskolak bide horretan lan egin behar duela, motxila hori arintzen lagundu behar diola eta badaude horretarako estrategia egokiak eta eraginkorrak.

DCR estrategia aipatu duzu ikastaroan. Ikasgelan bertan erabil daiteke, haurra atera gabe. Datu garrantzitsua.

Estrategia erraza da, kostu baxukoa eta gelan bertan egin daiteke, ADNH duen haurra gelatik atera eta gehiago estigmatizatu gabe. Askotan haurra bere nahasteak sortzen dizkion arazoak lantzeko gelatik ateratzen dugu eta, bitartean, ikasgelan gertatzen dena galtzen du eta bere gaineko estigma areagotu egiten da. Gelan bertan ematen diren esku hartzeak dira egokienak, ez dute trabarik sortzen, haurrak gelako martxa jarrai dezake eta irakasleek maneiatzeko modukoak dira. Hori datu garrantzitsua da. Alferrik da oso eraginkorra den tresna bat edukitzea gero irakasleek modu errazean ezin badezakete erabili ikasgelan duten errealitatearekin eta ratioekin.

Nik proposatu dudan estrategia DRC deiturikoa da; eraginkorra da, gelan bertan erabili daiteke, kostu baxua du eta irakasleak ez du denbora asko behar aurrera eramateko.

DRC estrategia egunero helburuak finkatzean datza.

Haurraren neurrira egindako jantzi bat da. Hori datu garrantzitsua da, DRC bakoitza desberdina delako, haurrak dituen beharren arabera. Haur batzuek arazo gehiago dituzte maila akademikoan, beste batzuek maila sozialean, beste batzuek jokaera arazoak dituzte... Hartara, lehenik haur horrentzat egokiak eta lorgarriak diren helburuak finkatu behar dira. Lorgarriak izatea oso garrantzitsua da. Adibidez, ez da oso errealista haurra egun osoan aulkitik ez altxatzea finkatzea helburu bezala. Seguruen ez du lortuko. Egunean behin edo bitan bakarrik altxatzea, adibidez, helburu egingarriagoa izan daiteke. Behin helburu egingarriak finkatuta, horiei lotutako sariak zehaztu behar dira. ADNHaren kasuan funtzionatzen duten gauzak biltzen dituen estrategia da; indartze positiboa, epe motzeko helburuak, motibazioa eta haurraren inguruan lan egitea.

Hori oso garrantzitsua da. Profesional askok kontsulta batean lan egiten dute ADNH duen haurrarekin, mahai batekin, fitxa batzuekin... frogatuta dago horrek ez duela funtzionatzen. Haurraren eguneroko inguruan txertatzen diren estrategiek funtzionatzen dute, eskolan eta etxean kasu.

Lehen aipatu duzunez, ADNH kasuen %70ek jatorri genetikoa dute; alegia, gurasoetako batek ere ADNH du. Pentsatzekoa da eskolaren eta etxearen arteko elkarlana eskatzen duten estrategia horientzat traba bat izango dela hori.

Horrela da. ADNH duten helduetan zailtasun handienak honakoak dira; beren burua antolatzeko gaitasun gutxi daukate, gauzekin berehala aspertzen dira, gauza asko ahaztu egiten zaizkie... Irudika dezagun jokabide-eredu hori duen heldu bat ADNH duen haur batekin. Haurren kasuan, egunero erronka bat da. Informazio kliniko horrek, jatorri genetikoarenak, izugarri laguntzen digu estrategiak prestatzeko orduan. Izan ere, badakigu ez dela nahikoa gurasoei pauta sorta bat ematea, badakigu oso-oso gertuko jarraipen bat egitea beharrezkoa dela, ADNH duen helduarentzat erronka zaila baita.

Aniztasunaren ikuspuntutik, ADNH duen haur bat egotea ikasgelan haur guztientzako ikasgai garrantzitsua izan daiteke.

Haurrak orokorrean oso sentiberak dira behar bereziak dituzten lagunekin; ezintasun fisikoren bat duena, Downen sindromea duena... baina normalean haur horrek ezaugarriren bat izaten du, fisikoa edo intelektuala, bere egoeraren berri ematen duena.

ADNH daukan haurraren kasuan, ez dago bereizgarririk. Ikasgelan traba egiten duen haur bat da, bihurria, astuna, txandak errespetatzen ez dituena... horrelako kasuetan askoz zailagoa da enpatia sentitzea eta jokaera horien atzean nahasmendu bat dagoela ulertzea. Horregatik oso garrantzitsua da tutoreak gelan gaia lantzea, informazioa ematea, ADNHa zer den azaltzea eta haur horri nola lagundu esatea. Askotan ikaskideek laguntzen diote haur horri bere burua erregulatzen, esku hartze horiek oso interesgarriak izaten dira. Nola? Urduri ikusten badu egitekoren bat ematen dio; aulkitik altxatzen bada, irakasleak errieta egin aurretik, berriz esertzeko esaten dio... ikaskideak oso-oso garrantzitsuak dira. Izan ere, ADNH duten haurren portzentaje altu batek bazterketa jasaten du eta beste batek erasotzailearen profila garatzen du.

«Mentalitate aldaketa bat gertatzen ari da. Irakasleak gero eta kontzienteago dira formakuntza behar dutela beren ikasleen artean Arreta Defizitaren Nahasmendua eta Hiperaktibitatea atzemateko»

«Arreta Defizitaren Nahasmenduaz eta Hiperaktibitateaz ari garenean ez gara ari asko mugitzen den edo bihurria den haur bati buruz. Denboran luzatzen diren eta haurraren egunerokoan arazo larriak sortzen dizkioten jokaerez ari gara»

«Askotan ikasgelan traba egiten duen haur bat da, bihurria, astuna, txandak errespetatzen ez dituena... horrelako kasuetan askoz zailagoa da enpatia sentitzea eta jokaera horien atzean nahasmendu bat dagoela ulertzea. Horregatik oso garrantzitsua da tutoreak gelan gaia ondo lantzea»