2020/08/01

Erreportajea
TXERRIA ETA SISTEMA
Komunista ala kapitalista, elikagai merkeen kostua beti da oso altua

Bere moldagarritasun eta sinbolismoagatik, eskala industrialean jaio eta hiltzeko programatu diren arraza eta prozesuen errentagarritasunagatik, txerria sistema politiko askoren oinarrian dago. Arrisku itzelak ditu, ordea, osasunerako, ekologia eta ekonomiarako, sistema bera kolapsoaren ertzean bizi den piztia bilakatzerainokoak.

Mikel Zubimendi Berastegi
Sistematxerriabiona

Txerria artifizialki intseminatzean ez zaio sekula begietara begiratu behar. Begiratzen zaudela pentsatzen badute, izoztu egiten direlako. Ia 360 graduko begirada daukate; batzuetan badirudi ez daudela zu ikusten, baina begietara erne begiratzen badiezu, une oro begira dituzula ikusiko duzu.

Txerria animalia ikaragarri moldagarria da, esanahi sinboliko eta kontraesanezkoz betea. Peggy eta Peppa Pig bezalako fikziozko txerriak daude eta badago, badagoenez, «txerri industriala», hazkuntza industrialaren baldintzek espeziearen dibertsitate genetikoa gutxituko zuen arraza berri eta erresistente bat eskatu zutelako.

Biblian, Koranean eta Toran animalia nazkagarria dela esaten da. Judu eta musulmanentzat txerria elikagai debekatua da eta bere sinbolismoa sabelkeria eta lizunkeriarekin lotuta dago. Aldiz, Txinako zodiakoan, zorioneko izakiak dira, normalean ondo zainduta eta elikatuta egoten direlako. Horregatik uste dute txinatar familia askok Txerriaren zodiakopean jaiotako umeak oso zortedunak direla, beti izango dutelako ondoan zainduko dituen norbait. Aristotelesen esanetan, txerriak «pertsonen antz handiena» duten animaliak dira. Zeltek basurdea miresten zuten, txerria Phaea eta Cerydwen ugalkortasunaren ilargiaren jainkosekin lotzen zituzten, beren ospakizunetan basurde edo txerri bat erretzen zuten eta haragi zati onenak leinuko gerlari indartsuenentzat mozten zituzten.

Agian, txerriaren sinbolismoaren adibide ezagunena George Orwellen “Abereen etxaldea” eleberrian dago, non abereek beren zaintzaileak garaitu eta gobernu sistema propioa ezartzen duten. Sobietar Batasuneko estalinismoaren inguruko alegoria izanik, printzipio komunisten ustelkeriagatik gutxietsi zituen Stalin eta enparauak txerriarekin irudikatu zituen.

Txerria, kolapsoaren ardatz

Segidan, baina, beste bi liburu bitxi eta ederren hariak hartuko ditugu, txerritegi industrialen inguruko hausnarketa hau josteko. Bata herrialde komunista batean kokatzen da, bestea munduko potentzia kapitalista handienean. Lehena, Thomas Fleischman-en “Communist Pigs: An Animal History of East Germany’s Rise and Fall” da, eta, bigarrena, Alex Blanchette antropologoaren “Porkopolis: American Animality, Standardized Life, and the Factory Farm”. Elkar kontrajartzen eta, era berean, orekatzen diren narratibak eskaintzen dizkigute, sistema eta txerria, edo nahi bada, txerrien sistema ulertzeko hainbat gako emanez.

Idazkera finez idatzitako eta dokumentazio lan handi batean oinarrituriko lanean, Fleischmanek txerria Alemaniako Errepublika Demokratikoaren garapenaren eta erorketaren funtsezko elementua izan zela kontatzen digu, herrialdeak printzipio komunisten araberako elikadura sistema industrial modernoa sortzeko eta mantentzeko egin zituen ahaleginetan izan zuen garrantziagatik.

Ekialdeko Alemaniak nola lortu zuen, 1980ko hamarkadaren erdian, Mendebaldeko Alemaniak eta Britainia Handiak baino txerri haragi gehiago ekoiztea biztanleko. Eta aldi berean, planifikatutako praktika horrek sortu zituen ondorio latzak pairatu zituen; esaterako, simaurrak eragindako kutsadura, animalien gaixotasun hilgarriak eta elikagaien eskasia.

Funtsean, nekazaritza mailan, komunismoak kapitalismoaren ohiko praktika asko islatu zituen, eta txerriaren industriak konbergentzia horren adibide garbia eman zuela aipatzen du lanak. Bere analisiak 1989an herrialdeak izan zuen kolapso politiko eta ekologikoa ulertzeko argia ematen du eta ohartarazpena ere uzten digu: elikagai merkeen kostu altuarena, orain eta etorkizunean.

Txerri komunistak

Txerri komunistak batez ere Eberswalden (Basurdeen basoa) kokatu ziren, denbora batez txerri haragia produzitzeko munduko industria handiena izan zuen hirian. Fleischmanek kontatzen digunez, sozialismoaren lehen bi hamarkadetan elikagaietan autosufizientzia nazionala izan zuten helburu, 1960ko hamarkadan herrialde inportatzaile izatetik esportatzaile izatera pasatu nahi izan zuten eta nekazaritza industriala horretarako bide motzena zela pentsatu zuten.

Hartara, pilaketa eta higiene gabeko baldintzei eutsiko zien «txerri industrial» bat behar zutenez, Ekialdeko Alemaniako arduradunek Jugoslaviara jo zuten, bertako txerritegi industrialetan erresistenteak ziren arraza amerikarrak erabiltzen baitzituzten.

Eberwaldeko instalazioen eraikuntza 1967an hasi zen, Jugoslaviaren laguntzarekin, eta 1970eko hamarkadan bukatu zen. Hasieran dena «ondo» joan zen, Britainia Handia eta Danimarka gainditu baitzituzten txerri haragi ekoizle gisa. Baina 1980ko hamarkadaren hasieran eredu horrek astinaldi latzak jaso zituen: Ekialdeko Alemaniako txerri taldearen parte oso handi bat hil behar izan zuten bi epidemia sortu zirelako, eta, bestetik, herrialdeko mugimendu ekologistaren sorrera dago, nitratoen eraginez ur edangarriaren kutsatzearen aurka altxatu zena.

Kapitalismoaren imitazioa

Fleischmanek hausnarketak ondorio baten aitorpenera gonbidatzen gaitu: gizarte postkapitalista batek hartzen duen forma edonolakoa izanda ere, kapitalismoa imitatzen badu, hondamenera doa. Hori ere egia da nekazaritza industrialaren arloan. Blanchettek ikertutako enpresa efiziente eta berritzaileekin konbaratuz gero, Fleischmanen enpresa sozialistek ez zeukaten prezio mekanismo bat beren erabakiak gidatzeko. Ekialdeko Alemaniaren Estatu Planifikaziorako Batzordea eta Nekazaritza Ministerioa ez ziren ados jartzen txerriaren industria errentagarria zen edo ez ebaztean, planifikatzaileek ez zeukaten presiorik etengabeko berrikuntza baten alde apustu egiteko, beren txerrientzat diru berria bilatzeko eta biltzeko.

Haragi ekoizpenaren botila-lepoak eta kanpoko lehiakideek egin zuten txerri bazkaren pilatzeak Ekialdeko Alemaniako txerri komunistak aire zabalean elikatzera behartu zituen, dieta desorekatuarekin elikatzen ziren eta ez zuten hiltzeko behar zuten pisua hartzen.

Txerritegi industrialen sozialismoa kapitalismo bihurtzera kondenaturik bazegoen, galde daiteke ea kapitalismotik harago norabait joaterik badagoen. Blanchettek, aldiz, argi uzten du kapitalismoaren aurrerabideak naturaren esklabotzan sakontzea dakarrela.

Erromantizismo bukoliko gabe

Blanchetten lana zoragarria da. Txerritegian bertan hasi zen lanean, hango langile komunitatearekin bizitzen; txerria jaio aurretik eta hil ondoko prozesua bertatik bertara, eskala erraldoi batean, ezagutzeko parada izan zuen. Ez du eskandalua bilatzen. Ez du horrore industrialaz eta aszetismo beganoaz abusatzen baserri txiki eta independenteen defentsaren portu segurura iristeko.

Bere ustez, ez delako erromantizismo bukolikorako garaia. Haragiaren industria ez delako salbuespen makabro bat, kapitalismo garaikidearen adibide tipikoa baizik, muturreko bere errealitate batzuek ebidenteago egiten dutena.

Txerritegi industrialek ez dute txerri haragia soilik produzitzen, pilulentzako osagaiak ere ekoizten dituzte, jelak, edari gaseosoak, kosmetikoak, ordenagailuak. Gelatina egon daiteke liburu baten azalean; hildako txerriak daude irakurtzen ari zaren tinta eta paperean. Baina hori bakarrik ez. Txerritegi industrialek jasaten dugun oraina eta datorkigun etorkizuna aurreitxuratzen dute.

Kanpotik opakoa dirudien arren, badira deigarriak suertatzen diren hainbat kontu. Adibidez, gerenteak eta langileak beren lanpostuaren operazio zatikatu eta konplexuak ulertzeko nola borrokatzen diren. Beste industria kapitalistetan bezala, lanaren banaketa fisiko eta mentala gertatzen da txerritegi erraldoietan. Gerenteek «txerri-taldea» deitzen duten abstrakzio batekin «lan» egiten dute; langileek, aldiz, animaliekin beraiekin. Gerenteak estatistikez, laginketez, bisitetan egiten dituzten ikuskaritzez eta paperezko formularioez fidatzen dira, jakintza kuantitatiboa produzitzeko. Langileak, ez. Hauek ez bezala, gerente gehienek ez dute txerritegien alde «bizia» (txerriak hazten diren zatia) eta «instalazioa» (hiltzen diren zatia) ezagutzen.

Baserritar txiki eta independentearen «mentalitate zaharra» banakako txerriak gobernatzea zen; gaur milioika aleko taldeak gobernatzen dira. Baserritarrak egingo lukeen moduan animalia partikular bat lagundu ordez, txerri industriaren politika denbora tarte erregularretan animalia ugaltzaile guztien stock genetikoa ezabatu eta ordezkatzea da. Taylorismoa muturrekoa da «instalazioan». Milaka langile pega-pega eginda, elkarren segidan, tripak atera eta zatiak mozten, hiru segundoero hiltzen den txerri batek markatzen duen erritmoan.

Haragiaren industriaren lan banaketa ez dago txerri haragi kiloko zentimo batzuk irabazteko bakarrik, osasun publikoa babestu behar izaten da ere. Osasun-hesi bat dago enpresatik kanpora, bai eta enpresa barruan ere. Familia bereko kideek ezin dute enpresaren alde «bizian» eta hiltzeko «instalazioetan» lan egin. Beldur handia baitiete gerenteek epidemiei. Izan ere, txerriaren listuaren, odolaren, gorozki edo semenaren partikula mikroskopikoak eta haztegiko bakterioak langileen belarri, azazkal edo sudurzuloetan sar daitezke, nahiz eta protokoloz lantokian bertan dutxa hartzera behartuta dauden.

Pertsona bakarra dago prozesu osoa, txerri-taldea bere osotasunean, bizitzaren aurretik eta heriotzaren ondoren, ikuskatu dezakeena: zuzendari exekutiboa.

Espezieen arteko elkartasuna

Hogeita hamar urteko tartea dago Fleischmanek eta Blanchettek kontatzen dituzten historien artean. Blanchettek ikertutako AEBetako gupida gabeko industria global eta hiperteknikoaren aurrean, Alemaniako Errepublika Demokratikoko Eberwalde hark pintoreskoa dirudi.

Argi, ordea; txerritegi industrialak arrazoi askorengatik kondenatu daitezke, baina ez eraginkorrak ez izateagatik. Oso sentikorrak baitira merkatuaren gorabeheren aurrean, milioika txerriren gorputzekin egindako milaka produkturen nahasketa kimikoak neurtzeko gai dira, operazio erraldoiak kudeatzen dituzte. Eta ez dituzte hezur tonak zabortegira botatzen, industriatik txerri antza duen ezer ere ez da ateratzen, ez bada ihes egiten duen odol pixka bat, batez ere koipea.

Haragi-industria kapitalista krisian egon daiteke, baina galdetzekoa da ea bere lehiakide sozialistak, hitz horiekin hitz egiterik badago, nola eutsiko liokeen egoerari. Horrek ez du esan nahi, inondik inora ere, txerri-industria kapitalista erori ezin denik. Urruti gabe covid-19arekin oraintsu ikusi den bezala, mundu osoan zehar txerritegietako eta hiltegietako milaka langileren kutsatzeek erakutsi dutenez, edo mundu osoa gelditu eta konfinatu den garaietan txerri haragi kontsumoak izan duen beherakada nabarmenak bistan utzi duenez.

Orain, eta oso bereziki orain, gaixotasun zoonotiko batek mundua astindu duen honetan, nekazaritza industrialaren basakeriak animaliekin dugun harremana birpentsatzea eskatzen du. Eta barneratzen hasi behar da espezieen arteko elkartasuna ezinbestekoa dela gizarte justu baten edozein bisio eta misiotarako.

Taylorismoa muturrekoa da. Milaka langile pega-pega eginda, elkarren segidan, tripak atera eta zatiak mozten, hiru segunduero hiltzen den txerri batek markatzen duen erritmoan

Haragiaren industria ez da salbuespen makabroa, kapitalismo garaikidearen adibide tipikoa baizik, muturreko bere errealitate batzuek agerikoago egiten dutena

Bereziki orain, gaixotasun zoonotiko batek mundua astindu duen honetan, nekazaritza industrialaren basakeriak animaliekin dugun harremana birpentsatzea eskatzen du

Txerriaren listuaren, odolaren, gorozkien edo semenaren partikula mikroskopikoak eta haztegiko bakterioak langileen belarri, azazkal edo sudurzuloetan sar daitezke

Ez zekiten txerriaren industria errentagarria zen ala ez, ez zeukaten presiorik etengabeko berrikuntzarako, dirua bilatu eta biltzeko

Diseinatu dituen txerrien gorputzak bezala, haragiaren negozioa hondamen ekologiko eta finantzario baten ertzean dagoen piztia handi eta hauskor bilakatu da