Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Mistizismo bila artelatz artean

gaur8_0822_loraldia
gaur8_0822_loraldia

Agian izango da olibondo artean irakurtzeagatik. Beharbada Lawrence Durrellen «Justine» nobelak eraman nauelako Alexandriako kaleetan zehar. Baliteke izatea Extremaduran arratsaldean erortzen den bero zaparengatik. Baina orientalismo kutsu batek barnebildu nau. Urrutiko jendarte eta garaiak. Kale anitzak eta nahasiak. Hizkuntzak eta erlijioak, nahi beste. Mistizismo bat airean, etxeko ate oro, dendak, oinezkoak, bizikletariak, dendariak, baita fruta eta barazkiak ere bustitzen dituena. Arrazionalegi bihurtu ez ote zaigun zalantza. Gure independentziarena.

Gaztela autoz zeharkatu nuen lehenik. Non nengoen galdetu zidatenean, kafea hartzeko geldiunea egiten ari nintzela whatsappa begiratuta, pentsatu nuen: Antonio Machadoren poemaren batean, zehazki. Behin garia bukatuta, Caceresera hurbiltzen ari nintzela, arteak eta artelatzak. Enborraren azala kendu berri, gorri, bizi. Noizean behin ahuntzak, behiak edota urdeak, ur putzu baten inguruan pilatuta. Lasaitasuna eta patxada eman zizkidan paisaiak. Parean jarri zitzaidan kamioia aurreratzeko presarik gabe. Salorinora iritsi arte.

Ehunka batzuk dira urtero bidaia egiten duten euskal herritarrak. Jaioterrira, gurasoren baten herrira bestela. Ikusten da irribarreak ihes egiten diela hara iritsitakoan. Juliren taberna. Gaztetxoak igerilekuan. Lavapiesetik atzo iritsi ziren lehengusuak. Zenbat haur berri. Eguzkiak azkenean ihes egiten duenean, aulkiak kalera atera eta txutxu-mutxuka aritzeko ordua. Entzun duzu Rosari jazo zitzaiona aurrekoan? Halakorik!

Oporretan zaudenean dena da ederrago. Ez dituzu ezagutzen herritarren arteko haserreak, ezinikusiak. Giroa bare dago, ez dago beharrera joateko presarik. Beste kaña bat? Bai, noski. Azken-aurrekoa. Ez dituzu ezagutzen egunerokotasuna markatzen duten botere harremanak. Zein nagusi ankerra den orain finka hura erosi duena. Egunero lanean dauzka zaindariak lau sosen truke. Joan zaitez hiriburura, hemen ez baitago ezer ere.

Zerbait sartu zitzaidan barnera, paisaiak kutsatuta edo. Sentitzeko beharra. Azken aldian euskal politika gutxi sentitzen dugu. Emoziorik gabe hitz egiten dugu. Nekatuta, agian. Badirudi beste askori ere gertatu zaiela eta ari dira zerbait bilatzen. Gernikako arbola, ea zerbait abiatzen dugun horrela. Egia esan, izugarri aspergarria iruditu zait beti kantu hori. Aukeratzekotan, Telesforok idatzi zuen “Irabazi dugu”, nahiago. Epikoegia, 1970eko hamarkadakoegia, bai, pena bat. Bestela “Debako Martxa”-ren bertsio bat egin dezakegu, letrarekin. Nahiko futbolero estilokoa da, Italiako ereserkia bezala, gogoz abesteko gehiegi afinatu beharrik gabe.

Zerbait asmatu beharko dugu, euskal herritarroi mistika kutsu bat emango diguna. Extremaduratik etorritakooi, Marokotik eta Ekuadortik iritsitakooi. Zortzi arabar abizen ditugunoi edo ijito abizena dugunoi. Badirudi munduak abiadura hartu duela eta azeleratzen ari dela. Faxistak berriro datoz, eta utziz gero, ez dute zalantzarik izango berriro ere guztiok paretaren kontra, fusilen aurrean ezartzeko. Euskalduntasun bizia behar dugu, irribarrea, batasuna eta kemena emango dizkiguna. Berriro ere 1970eko hamarkadako epikaren erretorika, ene, adjektibo berriak bilatzea zein zaila den. Bada, asmatu egin beharko ditugu. •