2020/09/05

Erreportajea
MITROVICAN EZ DAGO BIZITZERIK
Kutsadura izugarria da Kosovo iparraldeko eskualdean NATOren bonbardaketen eta meatze lanen ondorioz

Izugarria da Mitrovican minbiziarekin eta kutsadurarekin zerikusia duten gaitzen kopurua. Agian, inor ez litzateke bertan bizi beharko, baina, «izoztutako» liskar egoera baliatuta, jendea bizi, bizi da zonaldean. Kutsadura ikaragarria azaltzerakoan, aldeek erantzule desberdinak aipatzen dituzte: albaniarrek, meatze ustiapena, serbiarrek, NATOk egindako bonbardaketa kimikoak.

Miguel Fernandez Ibañez
Mitrovica1

Bada munduan toki bat, bakarra ez bada ere, non ziurrenik inork ez zuen bizi behar: Mitrovica, mende oso batez Balkanetako meatze eskualderik garrantzitsuenetarikoa izandako gunea. Arrazoia bertan nagusi den kutsadura izugarria da, baina denak ez datoz bat triskantza ekologikoaren iturburua azaltzeko orduan. Kosovon beste gauza askorekin gertatzen den bezala, gakoa, hitz egiten ari denaren aberrian dago, albaniarra ala serbiarra ote den.

Nebosja Srbljak medikuak salatzen duenez, Kosovoko gerra amaitu zenetik, minbizi kasuak urtero %30 igo dira. Posible da, berarentzat, NATOren eraso kimikoak egotea horren atzean. Melihate Aliu irakasleak, berriz, Mitrovicako lurrak ikertu ditu eta kontrolik gabeko meatze erausketari botatzen dio errua. Bere esanetan, metal mailak izugarriak dira. Aliuk argi dio: bertan ez litzateke inor bizi behar datozen 30 urteetan behintzat.

Iritziak iritzi, jendea, bizi, bizi da Mitrovican. Albaniarrak hegoaldean bizi dira; serbiarrak, berriz, iparraldean, Ibar ibaiaren bestaldean.

Trepcako fundizioa

Mitrovica hiritik lau kilometrora, iparraldean, dago kutsaduraren epizentroa: Zvecan herrian, non 2000. urtera arte Trepcako meatze partzuergoaren berun fundizio planta bat zabalik egon zen. Nazio Batuek Kosovon ezarri zuten UNMIK administrazioak agindu zuen ixtea, lurzoruan eta uretan zegoen metal kutsakorren maila jasangaitza zela iritzita. Kutsadurari jaramon egin gabe, ijito komunitate batek bertan bizitzea erabaki zuen. Gaur egun, berun kutsadurarekin lotutako gaitz bat pairatzen dute komunitateko 600 bat lagunek.

Meatzaritzaren kalteak, baina, ez dira Kosovoko lurrotan jasan dituzten bakarrak. Izan ere, 1999an NATOk Serbia eta Kosovo agente kimikoekin bonbardatu zituen. Agian horrela uler daitezke Kosovoko eta Serbiako herritarrek ez ezik, lurrotan egondako soldadu italiarrek ere egun pairatzen duten minbizi kasuak.

Nenad Perovic serbiarrak ez du dudarik: NATO du jomugan. «Zeozer entzun dut, baina gizon xumea baino ez naiz. Zer jakingo dut ba nik? Hori bai, garaian substantzia erradioaktiboak erabili zituztela aditu nuen».

Perovic mekanikaria da. Atzo bertan auto batek bere ibilgailu zaharrarekin talka egin zuen. Gidaria mozkortuta zihoala dio. Zvecaneko ia biztanle gehienen antzera, oso presente du kutsaduraren arazoa: «Azken urteetan minbiziak gora egin du izugarri, agian %300 gehiago gerra aurreko garaiarekin alderatuta. Gazte asko daude gaixo».

Bertako arrainak jaterik ez

Arrantza maite duen arren, Perovicek argi du inoiz ez lukeela Ibar ibaiko arrainik jango. «Hemen inork ez du ezer kontrolatzen eta dena uretara doa. Guk Gazivoda lakuan arrantzatzen dugu», azaldu du, bere azken harrapaketaren argazkia erakusten digun bitartean.

«Espainiara joango naiz errefuxiatu moduan. Denak Alemaniara joaten dira. Nadalen [Rafa, tenis jokalaria] hirira joatea nahi dut. Diotenez, han arrain-katu izugarriak daude», dio. Azkenean, bromak alde batera utzita, Zvecanen nolabait zoriontsua dela ziurtatu digu. «Pobrea naiz, ez dut nora ihes egiterik, eta behintzat hemen familia eta lagunak ditut eta goseak ez naizela hilko badakit».

Zvecanen egunsentiak behe laino gogaikarriarekin esnatzen dira beti. Nonahi begiratuta, hor dago fundizioaren tximinia handia. Urrutitik ikusten da, Mitrovicatik bertatik. Trepcako eraikin herdoilduan leiho gehienak apurtuta daude. Utzitako lekua dirudi, eskualde osoa bezala itzaltzen ari dena. Hala ere, noizean behin mailukadak entzuten dira eta batzuetan jendea ikusten da burdin-sarearen gainetik sartzen edota irteten.

Mitrovica hirian bezala, lanik ez dago Zvecanen Trepca ia guztiz itxi zutenetik. Bertako Negozio Zentroan hartu gaitu Jelena Savic zuzendariak. 45 urte ditu eta ondo ezagutzen du herriko egoera zaila, berak ere Trepcan lan egin baitzuen. Orain dela gutxi arte, bertako ia denak bezala, Serbiako Gobernuaren laguntza jasotzen ari zen. «Gutxieneko soldata ordaintzen dizute, baina horrekin oso zaila da bizitzea».

Egun Savicek negozio berriak eraiki ahal izateko nazioarteko laguntzak kudeatzen ditu. Meategia iragana da. Edo ez. Ustiapenarekin jarraitzeko interesa dago eta, modu apalean, egiten da. Ez du lehengo egoerarekin zerikusirik, baina, eskualdea garatzeko proiektu sendorik ez dagoen bitartean, begiek meategira jotzen dute beti. «Gure bizitza guztia Trepcaren inguruan antolatzen zen», gogoratu du Savicek.

Eta kutsadura? Ez dio garrantzirik ematen. «Gerra baten ostean bizirik atera gara, jatekorik eta argindarrik gabe. Lurreko eta aireko kutsaduragatik kezkatu behar dut orain? Gure patua da. Badakit, bai, minbizi kasu asko daudela!», errepikatu du haserre.

Savicek seme-alabek pairatzen duten asmari ere garrantzia kentzen dio. «Hemen ia denek dute». Hori bai, meatze-ustiapenik gabe, txoriak itzuli egin direla eta belztutako mendiek berdetasuna berreskuratu dutela onartu du. Janariak ere zapore hobea du. Agurtu aurretik, Srbljak doktorearekin hitz egiteko gomendatu digu.

Mitrovicako ospitaleko ikerketa zentrora jo dugu, eta, bertan, mediku batek Milosevic doktorearekin hitz egiteko aholkatu digu. Saiakera egin dugu, baina ezin omen du. Ondoko eraikin batean, barneko gaitzen atalean, Nebosja Srbljak doktoreak hartu gaitu, bi erizan gaixo baten erantzun fisikoak aztertzen ari diren bitartean. Srbljaken ustez, ez minbiziek ez beste gaitzek ez dute meategietan oinarria, baizik eta NATOren erasoetan.

Gero eta gazteago gaixotu

«Gerra amaitu eta handik bi urtera, 2001ean, biriki minbizi epidemia egon zen Metohia eskualdean. Kasu gehienetan material erradioaktiboa atzeman zen. Bosnian NATOk 90eko hamarkadan bonbardatutako lekuetan agertutako kasuen antza zuten hemengoak. Gaixo bati egindako biopsian iodo erradioaktiboa agertu ostean hasi ginen zer gertatzen zen ikertzen», gogoratu du mediku serbiarrak.

Srbljak doktoreak ez du hitzez hitz NATOren erantzukizuna aipatzen, froga zehatzik ez duelako. «Ezin dut zehatz-mehatz jakin, baina dakidana zera da: minbizia kasuak %30 igotzen dira urtero. Datu ofizialak dira», nabarmendu du.

Gainera, gaitza dutenak gero eta gazteagoak dira. «Gerra aurreko datuak ere baditugu, noski. Bada, garai hartan 60 eta 70 urte bitartean zituzten gaixotzen ziren gehien-gehienek. Orain, berriz, ohikoak dira minbizi kasuan 20 eta 40 urte bitarteko herritarren artean», salatu du Srbljakek.

Kosovoko iparraldean hamarkada batez bizi ostean berunarekin kutsatutako ijitoei buruz galdetuta, bereizketa argia egin du Srbljak doktoreak. «Zenbait gauza izan behar dira kontuan. Alde batetik, kutsatutakoak ez dira horrenbeste ere, eta, gainera, ez dira hain gazteak. Kontuan izan behar da Trepcak hogei urte daramatzala jada itxita eta, ondorioz, kutsadura askoz txikoagoa dela gaur egun».

Pobretutako uranioa

NATOk pobretutako uranioa erabili zuen Balkanetan 112 posizio bonbardatzeko. Horietatik 85 Kosovon daude, gehien-gehienak, bertako mendebaldean, hau da, Italiako soldaduak izan ziren eskualdeetan. Bada, NATOren kanpainaren eragina aztertu duen Behatoki Militarrak eskainitako datuen arabera, Balkanetan izandako 336 soldadu italiar hil dira jada eta milaka gaixo daude . Italiako Parlamentuko batzorde berezi batek 2018an ondorioztatu zuenez, «zerikusi zuzena dago uranioarekiko esposizioaren eta salatutako patologien artean».

Hala ere, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegia NATO ikertzearen aurka azaldu zen. «Ez dago pobretutako uranioa erabiltzea espresuki debekatzen duen akordiorik», azaldu zuen AEBek Iraken eta Sirian ere erabili izan duten armategi militarrari buruz.

Zientzialarien artean minbiziaren eta pobretutako uranioaren arteko loturaren inguruko adostasunik ez dagoen arren, Serbiak argi du NATOren erantzukizuna.

OMEren ikerketa

Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) 2001ean kaleratu zuen ikerketa baten arabera, pobretutako uranioak batez ere bonba erori den lekutik 100 metrora dagoen jendearengan du eragina. Eragin kaltegarriena arnasterakoan ematen da. Italiako soldaduei hori gertatu zitzaiela dio ikerketak. «Litekeena da bertako populazioak eragin askoz txikiagoa pairatu izana», azaltzen du ikerketak, Mitrovican soilik hiru herrixkari egin zietela eraso gaineratuz. «NATOko indarrek esan zutenez, ez zuten serbiarrak gehiengoa diren Mitrovican pobretutako uranioa erabili», gaineratzen du.

Ikerketak, ordea, ez du kontuan hartzen Kosovoko mendebaldetik ihesi serbiar asko heldu zirela Mitrovicara. Eta Kosovoko mendebaldean eraso kimikoak egon ziren. Srbljak doktorearen tesia, beraz, ezin da inolaz ere baztertu.

Meategiaren eragina

Datu ofizialak, batik bat nazioarteko erakundeenak, beti kolokan jartzen dira Kosovon, are gehiago Mitrovican. Ez da samurra ikerketa fidagarriak egitea “izoztutako” liskar batek sortzen duen atmosferaren erdian. Ferizajeko Unibertsitatean klaseak ematen dituen Melihate Aliuk ondo daki hori. «Ezin izan genuen Mitrovicatik gora jarraitu arriskutsua zelako: albaniarrak gara», azaldu digu Pristinako Grand Hoteletik gertu dagoen kafetegi batean.

Hainbat kilo dokumentu ditu pilatuta Aliuk. Mazedonia eta Esloveniako bi ikerlariren laguntzarekin egin zuen ikerketa fidagarria dela dio, eta Vancouverreko ACME laborategiak baieztatu dituela bertan jasotako emaitzak.

Kosovoko iparraldean 302 kilometro karratutako gune batean 37 elementu ikertu zituzten eta emaitzak eskuan, hiru zonalde bereizi dituzte, arrisku mailaren arabera. Lehena Ibar ibaiaren ertzean dauden Mitrovicak eta Zvecanek osatzen dute. 57 kilometro karratuko zonaldea da, eta, bertan, mende oso baten zehar meategietako eta beraiekin lotutako industrien hondakinak bota izan dituzte.

Bigarren zonaldea meatze erauzketa eremuak osatzen du. 117 kilometro karratu ditu eta gutxiago kutsatuta dago.

Hirugarren zonaldeak 128 kilometro karratu ditu eta albaniarrak nagusi diren Vushtrri eskualdea hartzen du baitan. Bertan patata eta aza hazten dira. «Patata erreen fabrika bertan dago. Badakigu kutsatuta daudela, baina jan egiten ditugu», onartu du Aliuk.

Txikienengan eragina

Metalen kutsadurak bere eragina biderkatu egiten du bizitzaren lehen aroan. Beraz, txikienei bereziki eragiten die, bizi osorako gaitzak eraginez, besteak, beste, oroimen arazoak, buruko mina eta entzumen arazoak. Haur batzuek minbizia garatuko dute.

«90eko hamarkadan egin ziren ikerketetan, beraz, NATOren bonbardaketen aurretik, minbizi kasu asko atzeman zituzten», gogora ekarri du Aliuk, «metal astunen kutsadurak lurrean asko irauten» duela gaineratuz. Srbljak doktore serbiarrak «ahazten duen kontua».

Beruna, zinka, artsenikoa

«Kutsadura mailak oso kezkagarriak dira», gaineratu du Aliuk. Atzeman dituzten 37 elementuetatik 12 gizakien jardueraren ondorio direla azaldu du: meatzaritza, energia fosilen erabilera… Fundizioaren urte luzeko jardueraren ondorioz berun mailak oso altuak dira: kilogramoko 16.000 mikrogramo Zvecanen, 2.600 eskualde osoan eta 1.700 Mitrovica hirian.

Zink kontzentrazioa ere izugarria da: Europar Batasuneko batez bestekoa 67 aldiz gainditzen du. Artseniko kontzentrazioa, berriz, kilogramoko 570 mikrogramokoa da Zvecan –lagin batzuetan 3.900 mg/kg–, Europan bataz bestekoa 7 mikrogramokoa den bitartean. Adibide gisa, horrelako datuak baino okerragoak bakarrik La Soterraña Asturiaseko merkurio meategian aurki daitezke.

Dutch Standars lur-zoruaren poluzioaren erreferentzia balioen arabera, osasun arazo larri bat dago hainbat metalen kontzentrazioa gehiegizkoa denean. Zehazki, artseniko maila 55 mg/kg baino altuagoa bada, berun maila 530 mg/kg baino altuagoa eta zink maila 720 mg/kg baino altuagoa. Horregatik, horrelako mailak atzematean, lurzorua guztiz garbitu behar da, baina, noski, horretarako jendea inguruotatik atera beharra dago. «Irtenbide bakarra eta osoa hiru fasetan lurra erretiratzea litzateke. 30 bat urte beharko genituzke, eta Kosovon inork ez du nahi hori entzuterik ere», azaldu du Aliuk.

Kontuak kontu, konponbiderik ezean, Mitrovicako 100.000 biztanleak eta Zvecaneko 16.000 herritarrak inguruko beste lekuetakoak baino urte gutxiago biziko dira seguruenik. Auzokide gehienak baino baldintza okerragoetan bizita, gainera. Gugandik gertuagoko beste leku batzuetan ere ematen dira horrelako egoerak. Hori bai, Kosovon eztabaida bera ere kutsatu egiten da, auziaren jatorria bera komunitateen arteko gatazka iturri bihurtzeraino.

Kosovon beste gauza askorekin gertatzen den bezala, Mitrovicako kutsaduraren jatorria zehazterakoan ere, funtsezkoa da hitz egiten ari dena serbiarra ala albaniarra ote den

Den-denak bat datoz kutsadura jasangaitza dela esaterakoan. Baina triskantzaren iturburua meategiak diren bitartean albaniarrentzat, NATOren bonbardaketak dira serbiarrentzat

Nebosja Srbljak medikuaren arabera, Kosovoko gerra amaitu zenetik minbizi kasuak %30 igo dira urtero Mitrovican. Bere ustez NATOren eraso kimikoak daude igoera horren atzean

Melihate Aliu irakasle albaniarrak Mitrovicako lurrak ikertu ditu eta kontrolik gabeko meatze erauzketari egozten dio erantzukizuna: berun, zink eta artseniko maila izugarri altua omen da

Nazio Batuek Kosovon ezarri zuten UNMIK administrazioak Trepcako meatze partzuergoaren berun fundizio ixtea agindu zuen. Egun ez dago lanik eskualdean

Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegia NATO ikertzearen aurka azaldu zen. «Ez dago pobretutako uranioa erabiltzea espresuki debekatzen duen akordiorik», argudiatu zuen