Mikel Zubimendi Berastegi

Txertorik ez duen larrialdia

Orain badugu etorri badatorrenaz ideia bat: eskala globala izango du eta den-dena aztoratuko du. Bizitza normala errotik aldatuko du. Mundua ezberdin sentituko da, ez da bere azalean ondo kabituko. Ziurtasun eta aurreikuspen oro hankaz gora joango dira. Lana izango dugu? Hilko gara? Galdera-mailuak noiznahikoak, nonahikoak izango dira. Ez du ikusi dugun ezeren antzik izango.

Bizi dugun pandemiaren krisia, bere txikian, iragarpen bat da, seinale bat. Etorriko diren krisi puska horien seinale txar bat. Txertorik izango ez duten krisiak izango dira. Oraingoa menuaren zizka-mizkak dira, sufrimendu handiago baten etorreraren zantzu. Heriotza, hondamena, galmen ekonomikoa, horiek guztiak etorriko zaizkigu neurriak hartzen ez badira, immune garela pentsatu eta jokatzen segitzen badugu.

Mende hau krisi oso latzen mendea izaten ari da eta izango da. Egungoa baino askoz ere arriskutsuagoak badatoz. Jokoan dago dena, klimaren larrialdiari eutsiko diogun ala ez. Eutsiko diogun, sikiera puntu bateraino, modu koherente batean aurre egitea posible izango dugun punturaino –gorriak eta bost pasatuta– edo zibilizazioaren ahalmenak gainezka egin eta gure espeziea salbaziorik gabe geratuko den.

Pandemiak eskalaren zentzu erabilgarri bat ematen digu, ezinbestean aldatu beharraren eta aldaketa horren tamainaren berri. Denborak daukan garrantziarena, erantzunaren azkartasuna zein inportantea den. Abiadurak axola duela, inoiz baino gehiago. Bizirik irauteko aukera oraindik badaukagula erakutsi digu, baina aingira bezala, irristakorra dela, iheskorra oso.

Beldur orokortuaren erdian, askok uste dute “normal” itxura duen zerbaitetara bueltatuko garela, etorkizun ez oso urruti batean gainera. Baina klimak kolpea jotzen duenean, ez da egongo txertoaren esperantzarik, ezta erantzun azkar baten aukerarik ere. Birus gehienekin ez bezala, gizakiak ez dira hondamendi klimatikoak gertatzean immune egiten.

Gure oraingo aztoramendu hau, ezinegon sozial hau, geroaren eta ekonomiaren inguruko zalantza-dantza, normalitate berriaren erritmoa izango da. Normalean, krisi erlatiboki neurritsuetan normala dena etetean, presatu egiten gara errutinak, lana eta normalitatearen zentzu bat azkar errekuperatzen eta berreraikitzen. Ulergarria da: inork ez du etenaldian, nahaste-borrastean bizi nahi.

Baina normalaren etena azkar pasatu nahi izatean, hondamendiak errepika ez daitezen beharko dugunaz kolektiboki ez bada pentsatzen, bidean asko galduko da. Ez bakarrik etorkizuneko krisiak arintzeko, hobea den “normal” berri bat imajinatzeko ere bai. Egungo krisian, normala den horren aurrekaririk gabeko eten bat bizitzen ari gara. Ez da amaiera argirik ikusten, ezta errekuperaziorako bide errazik ere. Aurreko beste hondamendi batzuetan ez bezala, krisia ez da geografia zehatz eta herrialde partikularretara mugatzen.

Eten hau alarma sirena bat da. Aldaketak egin behar direla, intentzio osoz, tentu handiz, gure osasuna babesteko –eta babesten gaituen planetarena–, hurrengo etenaren aurrean, gero eta hurbilagoa dena, aldaketak kolektiboki imajinatzeko ohartarazpen argi bat.

Eta larrialdi klimatikoak ez du etenik. Oharpenei muzin egin diegu, egoera gaiztotzen duten praktika eta jokaerekin jarraitu dugu, ebidentzien aurrean, immuneak bagina bezala jokatzen. Osasun larrialdi betean gaude, osasun publikoarentzat ez dagoelako larrialdi klimatikoa baino mehatxu handiagorik. •