Juantxo EGAÑA

Buster Keaton Donostian, zezen eta txalo artean

1930eko abuztuaren hasieran, Buster Keaton iparramerikar aktorea, besteak beste, “The General” filmagatik oso ezaguna, Biarritzera etorri zen opor egun batzuk pasatzera. Harekin batera, Natalie Talmadge emaztea eta haren ahizpa Norma, biak aktoreak. Bidaia hartan Luis Alonso aktoreak lagundu zien. Alonso, “Gilbert Roland” ezizenez, Juarezen (Mexiko) jaioa zen eta euskal jatorrikoa, gurasoak bilbotarrak baitziren. Biarritzen, Miramar hotelean hartu zuen ostatu eta handik Euskal Herriko toki batzuetara joan zen. Baionan, pilota partida batzuetara, eta abuztuaren 10ean, Donostian, zezenketa bat ikustera. Biarritzetik Donostiarako bidaia horretan lagundu zioten Metro-Goldwyn-Mayer konpainiako Europako ordezkari zen Habid jaunak, une horretan Biarritzen zebiltzan aktore eta dantzari Dolly Sisters ahizpek eta Gilbert Rolandek berak. Donostiako egunkari batek egindako elkarrizketa batean, aktoreari galdetu zioten ea zer tankera hartu zion zezenketari arratsalde hartan, eta hark erantzun zuen: «Inpresiorik handiena zezen plazan jendeak eskaini zizkidan txaloak izan ziren. Izugarrizko poza izan zen niretzat. Nik ikuslerik gabe egiten dut lan, nire arte guztia milioika lagunen eskura jartzen dut, eta ez nekien zer zen txaloen goraipamen hori». Ricardo Martinek egindako argazkian Buster Keaton ageri da MGMko Habidekin eta Gilbert Rolandekin.