Nerea GOTI

NAFARROAKO BIZKAIAN, HERRIAK EZ DAUDE BAINA BIZIRIK DIRAU MEMORIAK

Urtegiek herri asko desagerrarazi dituzte, baina Bizkaia izeneko nafar eremuan basogintzak eragin zuen herrien gainbehera. Han bizi zirenak ez ziren ez etxeen ez eta lurren jabeak ere. Herriak desagertu dira, baina bizimodu gogor eta zoriontsu haren memoriak bizirik dirau.

Nafarroaren bihotzean, Iruñetik 55 bat kilometrotara, Orbaibar eta Oibar artean, Bizkaia izeneko lur eremu bat dago. Orotara 3.600 hektarea inguru hartzen ditu, eta, orain, Ezporogi udalerriaren barruan dago. Egun, baso lursaila da inguru hura, baina hainbat herri ziren han. Azken bizilagunek 60ko hamarkadan egin zuten alde. Han bizi zirenak ez ziren lurren jabeak, maizterrak eta errentariak ziren guztiak. Beraz, 40ko eta 60ko hamarkaden artean, Diputazioak pixkanaka hango lursailak erosi zituen, pinuak landatzeko. Hori dela eta, etxeak husten joan ziren, herriak desagertu arte.

Urteekin naturak bere espazioa bereganatu du. Landarediak horma zaharrak irentsi ditu. Bakar batzuk baino ez daude oraindik ikusgai. Diotenez, ez da erraza ingurura gerturatzea. Sasiek bideak hartu dituzte, baina paraje hartan herriak zeuden: Sabaiza, Getadar, Julio, Arteta, Usunbeltz, Loia, Irangote eta Irangoiti, besteak beste. Herri horiek osatzen zuten Bizkaia, «horrela esaten baitzioten, gazteleraz, la Vizcaya, artikuluarekin».

Etxeak desagertu dira, herri haien memoriak, ordea, bizirik dirau. Han bizi zirenek eta haien ondorengoek jada existitzen ez diren herrien istorioak eta historia gorde dituzte. Horretaz hitz egiten du, hain zuzen ere, orain gutxi argitaratu den “La Bizkaia de Navarra. Memorias de un valle en silencio” liburuak.

Bizkaia zer zen ikertu duen Juan Jesus Recalde Recalde liburuaren egilearengana jo du GAUR8k herri haietako bizimodua irudikatu ahal izateko. Liburua ez da herri haien memoria gordetzeko sortu den ekimen bakarra, baina aurten ekarpen hori bereziki baliotsua izan da ingurua oroitzen dutenentzat, covid-19aren osasun krisiak ohiko ospakizunak galarazi baititu.

Recaldek 40 elkarrizketa baino gehiago egin ditu han bizi izan zirenekin. Artxiboetan ere murgildu da informazio bila, dokumentuek ere asko esaten dutelako han gertatutakoaz. Egileak zehaztu duenez, liburuak bi zati ditu: artxiboetatik ateratako informazioarekin osatutako bat eta etnografiari lotutako beste bat.

Ikerketa, lekukoekin eta artxiboetan

Liburuaren lehenengo atala osatzeko, 500 prozesu baino gehiago aztertu dituela azaldu du, bai eta milaka notario protokolo eta Nafarroako Kontuen Ganberako dokumentazioa ere.

Eremuak izan zituen herrien inguruan, Usaregi izena ere aipatzen du Recaldek. Dokumentazioan aurkitu du, baina ez da bertan jendea bizi zela ezagutu. Eizkoren kasuan, berriz, dokumentazioan agertzen bada ere, Recalderen ustez egungo Izkorekin nahas daiteke, Oibar ibarreko herri bat izan zelako. Haren esanetan, ezin izan du herri horri lotutako zergei buruzko agiririk aurkitu.

Egileari planteatutako lehen galdera derrigorrezkoa da: zergatik hustu ziren Bizkaiako herri haiek? «Ibar horren berezitasun nagusia da han bizi zirenak ez zirela lurren eta etxeen jabeak, bertan ez zen jabe bat bera ere bizi. Lurren jabeak nobleziakoak ziren guztiak eta Bizkaiatik kanpo bizi ziren, bertan errentariak eta maizterrak zituzten», azaldu du Recaldek.

Jabegorik ez edukitzeaz gain, bazeuden hango bizimodua zailtzen zuten beste arrazoi batzuk ere. Kontatzen duenez, «oso etxe pobreak ziren eta asmatzen ziren aurrerapenak, hala nola argia eta txorrotako ura, ez ziren haraino heltzen». «Lursaila ere oso maldatsua zen, zaila, eta nekazaritzaren mekanizazioari dagokionez zerbait egin zuten, baina, hala ere, ez zuten gauza handirik lortu», ikertzailearen arabera.

Hura irudikatze aldera, Recaldek aipatu du baxuen zegoen herria 500 metroko garaieran zegoela, baina altuena, berriz, 800 metrotan zegoen. Beraz, hurbileko herrietako etxeetan hedatzen hasi ziren erosotasunak ez ziren haraino heldu. Aldi berean, 40ko hamarkadan, Gobernua pixkanaka herriak erosten hasi zenean, «uste dut guztiek ikusi zutela zein zen errealitatea», aipatu du Recaldek.

Egun basoa dena 32 etxebizitza zituen ibar bat zen. Orbaibarretik sarrera bat du Bizkaiak, Morionestik beste bat. Azken hori da ohikoena, Recalderen esanetan, bestea 1941. urtean egin zuten baina abandonatuta geratzen joan da eta jada ez dago egoera onean.

Ezporogiko Moriones herriraino asfaltoa dago, handik aurrera hartxintxarrezko bidea. Ez da dena hutsik geratu. Getadarren, gazteentzako aterpe bat dago, eta sarritan erabiltzen da, Recaldek nabarmendu duenez.

«Pobreak baina zoriontsu»

Zertaz bizi ziren jakinda, zer-nola bizi ziren ikertu du Juan Jesus Recaldek, lekukoen bizipenak bilduz. Nabarmendu duenez, hangoa ez zen inondik inora bizimodu erraza, «oso gogorra» baizik. Anekdota ugari bildu ditu han bizi izan ziren lagunekin egindako elkarrizketetan, kasu batzuetan hiru orduko solasaldietan. Elkarrizketatuen artean, iaz zendu zen 102 urteko bizilaguna zegoen.

«Oso gauza bitxiak kontatzen zituzten, baina, oro har, maiz entzun dudan hausnarketa da oso pobreak zirela baina oso zoriontsuak aldi berean», gogoratu du.

Izan ere, jende askok musika tresna bat jotzen zekiela azpimarratu du, gitarra nagusiki, eta horrekin lotuta Bizkaiako biztanleen artean zegoen beste berezitasun bat aipatu du: haien artean koplen bidez hitz egiten zuten, bat-batean botatako koplekin.

Koplak, gauzak kontatzeko

«Auzokide bati zerbait gertatzen bazitzaion, segituan horren kopla egiten zuten, baita ziria sartu ere askotan», kontatzen du. Ez zen arteetarako dohain bakarra herri isolatu haietan, poesia asko aurkitu baitu, koplak, kantak, bai eta artisautzako objektuak ere.

Errentan hartzen zituzten etxe eta lurrek herri batetik bestera eramaten bazituzten ere, mendeetan zehar ibarrean errotutako abizen ezagunak daudela dio ikertzaileak. «Armendariz, Orzanko, Indurain, Sola, Valencia eta oso autoktonoa den Zaratiegi abizena» aipatu ditu. Azken horretaz, gaineratu du haran horretan sortu eta Zaritiegi-ren deformazio bat dela.

Atentzioa eman dio, dioenez, inguruko herrietako alargun ugari ibarreko gazteekin ezkontzen zirela. Horrek, bere ustetan, bi irakurketa posible ditu, antzina beharrezkoa zen ezkonsaria berdintzeko agian gaztetasuna erabiltzen zutela, eta beste irakurketa bat da ezkontza horiek ondarea ekar zezaketela lehen aldiz familia batzuetara, hau da bertako familiek ondareak lortzen zituztela ezkontza horiekin. «Lursailak eta etxeak zituen alarguna bazen haientzat aukera bat zen lehen aldiz ondasunak izateko», azaldu du.

Anestesia barik, koñaka

Herriak garaiera handian zeuden eta eskasak ziren garaiko garraiobideak; komunikazioak ere ez ziren egokienak, eta horrek ez zuen soilik bizimoduan eragiten, era berean, osasun arazoak zeudenean, gorriak ikusten zituzten.

Horren inguruan kontatu zioten pasadizo bat ekarri du gogora. Itxuraz, hango biztanle bat gaixotasun larri batek jota zegoela, medikuari deitu zioten. Hil ala biziko kontua zela baieztatuta, ebakuntza egin behar zioten baina ezinezkoa zen gaixoa ospitalera eramatea. Trantze hartan ebakuntza etxean bertan egitea erabaki zuten. Beste lau gizon izan ziren operazio hartan, bi besoak eusten, hankak geldi mantentzen beste biak. Herriko gainerakoak etxeko atean, zer gertatuko zain. Anestesia erabili beharrean koñaka eman zioten konortea galdu arte, eta ebakuntza egiteko sukaldeko aiztoak erabili zituen medikuak. Ebakuntza amaitzean, herritarrek gizona zer moduz zegoen galdetu zuten eta erantzuna hau izan zen: «Medikuak ondo joan dela esan du, aurrera aterako dela uste duela, erremolatxa baten tamainako tumore bat kendu dio bularretik».

Beste ebakuntza bat egon omen zen Getadarren, eta alkohol lapiko bat jarri behar izan omen zuten gela berotzeko, izugarrizko hotza egiten baitzuen.

Hotz handiaren inguruko istorioak ere sarritan agertzen direla dio Recaldek. Kontatu zion batek bost urteko haurra zela ohean zegoen amamari ohea egitera joaten omen zela bere izeko baten laguntzarekin. Emakume zaharraren ohe gainean izara handi bat zegoen, kanpin denda baten antzera. Elur bisutsa zebilen egunak ziren, etxean ez zegoen sabai aizunik, eta elurra etxe barruraino sartzen zen. Izara astintzean, elurra ohe gainera erortzen zen. «Pentsa emakume hura zer tenperaturatan zegoen», nabarmendu du Recaldek.

Isolamenduak, bestalde, beldurra eragiten zuen. 1936ko gerrarekin lotutako gertaerak bildu ditu ikertzaileak. «Han dena bizi zen era ezberdin batean». Mendian zeuden herritar batzuk preso hartu eta herrira eraman zituzten, batek ihes egin zuen eta berriz harrapatu zuten, familiari agur esatera eramateko eskatu zuen eta Kasedara heldu zirenean tiro batez hil zuten. Lau seme-alaba zituen eta emaztea haurdun zegoen, gogoratu du Recaldek.

Kontatu diote herrietan beldurra zabaldu zela. Hain beldur handia zuten, ezen hegazkin txiki bat zeruan bueltaka ikusi zuten egun batean, amak korrika hasi eta eskolan zeuden umeak ondoko zelai batera eraman baitzituzten; bertan etzanarazi eta arnasteko lastotxoak hartzeko esan omen zien maistrak, bonba itogarriak jaurtiko zituela pentsatzen baitzuen.

Beste batean, Getadar bonbardatu behar zutela zabaldu omen zen. «Nola bonbardatuko zuten lau lagun baino ez ziren eta?», adierazi du ikertzaileak, baina isolatutako herri haietan, ezohikoaren aurrean, kezka, beldurra, informaziorik gabe... usteak erraz zabaltzen ziren.

Iluntze gorrixka zegoen egunetan, bere amak «gerra!» oihukatzen zuela kontatu zion beste elkarrizketatu batek. Antza denez, gerra hasi zen egunak horrelako arrats bat izan zuen, eta naturaren behaketa zuzenean bizi zen hango komunitatearentzat ez zen zaila naturaren seinalea eta gertaera lotzea eta biak lege bihurtzea, emakume hark egin zuen modura. «Era horretara, goizean enara ikusteak ziertzoa zekarrela esaten zien, eta bazekiten eultzia haizeratzeko egun aproposa izan zitekeela», dio Recaldek.

Herriek jabeak zituzten

Lurren jabegoari dagokionez, Bizkaiak zituen berezitasunak aletu ditu Juan Jesus Recaldek, herri haietan jabetzaren kudeaketak zenbait berezko ezaugarri baitzituen. Zehazten duenez, «Irangoten 30 auzokide kanpotarrek zuten jabetza, kooperatiba baten antzera, guztiak ziren jabeak eta bakoitzak bere partizipazioa zeukan. Urtean behin biltzen ziren San Migelen».

Gardalainen, aldiz, ezberdin funtzionatzen zuten, Azpilikuetarrak ziren jabeak eta, hala ere, ez zuten den-dena kudeatzen. Ia guztiaren jabeak baziren ere, belardien eta uren %50 baino ez zeuzkaten, gainerakoa beste 40 auzokide kanpotarren jabegoa baitzen. Horrek, Recalderen esanetan, gatazka ugari ekarri zituen, eta heriotza bat ere izan zen borroka horiekin lotuta.

Ikertzailearen arabera, Nafarroan oso ohikoa da auzokide kanpotarren figura hori, alegia bizi ez ziren toki baten jabegoaren partizipazio bat izatea. «Normalean ondoko herrietakoak ziren, baina bazen beste baldintza bat: kapareak izan behar zuten eta nekazariek ezin zuten estatus hori lortu».

Liburuarekin batera, hangoen bizipenak, istorioak, bizimodua, gertaerak eta abar gordetzeko zenbait ekimen dago martxan, azken bizilagunek eta ondorengoek bultzatuta. Izan ere, Bizkaia oroitzeko museo baten proiektuan ari dira lanean.