Joxean Agirre

Negua aire librean

Aurtengo neguko osasun leloa argia da: telelana eta aire libreko kirolak. Lanik egiten ez dugunontzat, etxeko lanak eta mendia. Herriko kiroldegitik itzuli bat egin nuen eta konplikatua ikusi nuen kontua: aldez aurreko hitzordua, sarrerako kontrolak, bizikletatik zintara eta handik arraunera eta handik pisuetara musukoarekin ibili beharra... Jakoba Errekondoren esaldiarekin gogoratu nintzen, «baratzea aire libreko gimnasioa da», eta udal baratze bat eskatu nuen.

Ez naiz izan baratze zalea. Zahartzaroko ezintasunen ikur gisa ikusi izan dut beti. Norbaitek jubilatu eta baratze bat jarri behar zuela esaten bazidan, akabo! Pentsatzen nuen, «hireak egin dik». Bestalde, herri aldirietako baratzeak hirugarren munduko irudi bat izan dira, frankismoaren garaiko ondare, plastiko, bidoi, burdina eta uralita anabasa bat, estetikoki deitoragarriak. Aurreiritziak aurreiritzi, aitzurrean ibili naiz eta nirea frantziar jardin bat da, landare lerrokatuek marrazten dituzten irudi geometriko eta guzti. Artea natura bilakaturik edo alderantziz.

Jakoba Errekondok esan zuen halaber gaur posible den iraultza bakarra baratze zaleena dela, lurrarekiko lotura berreskuratzea alegia. Iraultza oso elitista begitantzen zait, bilbotar bakoitzari baratze bat ematekotan, Kantabria konkistatu beharko genuke eta.

Kontua da aire libreko bizimodua, outdoor kultura, modan jarri dela. Datorren astean Getariako Irakurle Taldearen bilera egitekotan ginen eta seguru asko herriko plazan egingo dugula abisatu dit Uxue Alberdik. Prestatuta nengoela erantzun diot.

Goizero pantailari begira ordu batzuk eman ondoren (bezperan idatzitakoa ezabatzen gehienetan) mendi buelta bat egitera edo baratzera noa. Han auzoko baratze zaleak aitzurra eskuetan dudala ikusten banau, «¿Qué, trabajando?» galdetzen didanean ni, Pio Barojak auzoko baserritarrari bezala, «no, descansando» erantzuteko gogoarekin geratzen naiz. Barojaren auzoko horrek arratsaldean Itzeako langelan leihoa zabalik lanean ari zela ikusten bazuen, «¿Qué, descansando?», galdetzen omen zion eta «no, trabajando», erantzuten zion Piok. •