Xabier Izaga Gonzalez
GERNIKA, IRUñERRITIK

Bonbardaketaren gaineko ikuskizun proiektua abiatu dute bi nafar gaztek

Musikariak dira eta beren doinuen arteko lotura izango zuen zerbait egin nahi zuten. Lotura hori Gernikako bonbardaketaren gaineko kontakizuna da. Gaur «Gernika» izeneko lana aurkeztuko dute, doinu horiekin osatutako diskoa, eta uda partean gai bera izango duen musika, dantza eta antzerki ikuskizun bat prest izatea espero dute.

Iruñerriko hogei musikari gaztek ‘Gernika’ diskoa aurkeztuko dugu hilaren 9an, Gernikako bonbardaketaren oroimenez. Abestiak, berez, euskal dantzak dira, baina guk sortutako harmonia eta doinuz jantzita eta tresna tradizionalekin batera ezohiko hainbat tresnaren bidez joak. Diskoa udan taularatuko dugun musika, dantza eta antzerki ikuskizunerako abiapuntua da», diote ohar batean Aimar Jimenezek eta June Gabarainek, proiektua pentsatu eta sustatu duten gazteek.

Doinuak sortu ondoren, talde handi bat osatu zuten grabatzeko: hamahiru instrumentista, gehienak Nafarroako Musika Kontserbatorioko ikasleak; lau kantari, eta irrintzilari bi. Grabaketaz eta nahasketaz Urki Etxeberria arduratu da.

«Gernika gogoratzeaz gain, 36ko Gerran errepresaliak jasan zituzten Euskal Herriko gainontzeko hiri eta herriak ere omendu nahi izan ditugu. Gernikako familia bat eredu gisa hartu eta musikaren bidez kontatu dugu familia horren egoera gerra aurretik, bitartean eta ostean», azaldu dute.

Diskoa eta ikuskizuna

Junek hemezortzi urte bete berri ditu; Aimarrek, berriz, hamasei. Musika eta dantza ohiko jarduna dute, eta zerbait kontatu nahi zuten. Horretarako, ikuskizun bat egitea erabaki zuten, Gernikako bonbardaketaren inguruan. Lehendabizi, musika sortzeari ekin zioten. Behin doinu guztiak eginda, haietako hamar grabatu zituzten. Gaur bertan aurkeztuko dute diskoa Burlatako kultur etxean. Diskoarekin batera argitaratu duten liburuxkan abesti bakoitza kontakizunaren pasarte batean kokatu eta azaldu dute Delia Abuk idatzi eta Amaia Gurbindok euskarara emandako testuen eta Joseba de Miguelen marrazkien bidez.

Oraingoz, koreografia «xume bat» prestatu dute gaurko aurkezpenerako, ekitaldiaren apaingarri, eta uda partean lehen pauso honetatik abiatutako ikuskizuna eskaini nahiko lukete. Ikuskizunean, diskoan parte hartu duten musikariez gain, lagun gehiagok hartuko du parte, dantza eta antzerki bidez kontatuko baitituzte Gernikan 1937ko apirilaren 26 hartan, bonbardaketa baino lehen eta ondoren, jazotakoak. Hartara, dantzari eta aktore ugari ere izango dira oholtzan.

Diskoaren aurkezpenean, berriz, lau dantzari baizik ez dira izango. Bertan antzerkirik izango ez denez, obraren zentzua hobeto ulertzeko, bonbardaketa jasan zuen familia bateko alabaren ahotsa entzungo da, bere senideen historia kontatuko duena. Honela dio lehen testuak, “Eguzkiaren sustraiak” doinuari dagokionak: «1937. urtea. Susmaezina zen Gernikan gertatzear zegoena. Herri lasai eta bizipoz handikoa, gure lurralde ederraren bihotzean dago, erresistentzia eta independentziaren isla. Has dadila historia…».

Ondoren, “Dantzan saltoka”, Gernikako merkatuko plazan, polka erritmoan, eta hurrengoa, “Dena ginen” fandangoa eta arin-arina. “Zure zain, aita” atalean, familiako aita gerrara doa eta habanera erritmoan agur esango diote. “Burdinazko gerrikoa” zortzikoak, “Badatozte, bagoaz!” txotisak, “Lehia?” belauntzikoak, “Gerra” ezpata dantzak, “Arbola” kalejira eta balsak eta “Agur Gernika” agurrak osatzen dute diskoa.

Musikaren oinarrian, herri musikako tresnak daude, hala nola txistua, gaita, alboka eta txirula, eta beste hainbat tresnaz jantzi dituzte doinuak. Aimarrek dioenez, Junek ezarritako «ukitu modernoa» dute.

Junek eta Aimarrek, beren proiektua gauzatzeko dirurik ez zutenez, ikuskizuneko zenbait abesti grabatu zituzten eta diskoa argitaratzea pentsatu zuten lehenik, gero ikuskizuna aurrera eraman ahal izateko. Grabatu duten musikari guztiek «musu truk» lan egin dutela diote. Denak gazteak dira, eta gehienak Nafarroako Musika Kontserbatorioko ikasleak. Ez dira musika ez dantza talde bat; beraz, proiektu irekia da eta parte hartzeko gogoa duenak parte hartu du. Hogei laguneko taldea osatu dute, baina osasun egoera dela eta, ez dute erraz denak batera biltzea; horrenbestez, diskoaren aurkezpenerako eta ikuskizunerako entseguak talde txikitan banatuta egin behar izaten dituzte.

Gernika

Diotenez, ez dakite zehazki azaltzen nola sortu zen proiektuaren ideia: «Guk oso gustukoa dugu euskal dantza, eta haren inguruan edo haren bidez zerbait egin nahi genuen, zer egin ondo jakin gabe». Dantza batzuk grabatzea pentsatu zuten, «baina jada disko pila bat dago, eta guk zerbait desberdina egin nahi genuen». Kanten arteko lotura izango zuen zerbait egitea pentsatu zuten orduan, eta lotura hori kontakizun bat izan zitekeela. Kantatzeko eta kontatzeko gaia aukeratuta, doinu bakoitzari esanahi bat eman zioten, diskoaren liburuxkan ageri diren testuen bidez, hain zuzen.

Eta zergatik Gernika? «Kontatzeko gai polita, eta gainera ezaguna, iruditu zitzaigun. Euskal Herri osoa hartzen zuen gai bat nahi genuen, baina zerbait orokorregia hartu beharrean, Gernikan ardaztu genuen; aldi berean, Gernika Euskal Herri osoari dagokion gaia da, bere sinbolismoagatik. Gainera, gu Gernikakoak ez izanda, berez ez dugu informazio handirik, eta hobeto ezagutu eta ezagutarazi nahi dugu», dio Junek. Ados da Aimar ere, Euskal Herriko ikuspuntua dutela azpimarratuta.

Gaia erabakita, Aimarren Historia irakasleari bonbardaketaren gaineko informazioa eskatu zioten, eta gertakari haiek eragin zizkieten sentimenduak musikaz adierazten saiatu ziren. Horrela ekin zioten konposizio lanari.

Konposatzeko prozesua

June Iruñeko Kontserbatorioko ikaslea da, piano eta soinu jotzailea, eta Aimarrek trikitia, txistua eta beste tresna batzuk jotzen ditu. Musika egiteko prozesuari dagokionez, Aimarrek oinarrizko doinuak egindakoan, Junek «aberastu» egiten ditu. Harmonizazioa eta moldaketak egiten ditu. Honela azaldu du Aimarrek: «Nik ez dakit musika konplexua egiten. Oinarri bat egiten dut eta Junek gero ‘profesionalizatzen’ du. Ni dantzaria naizenez, euskal dantzen erritmoak egiten ditut maiz». Horixe da beren konposatzeko modua, teknologiaren laguntzaz. Aimarrek sortzen duena Juneri pasatu eta hark moldaketak egin ondoren, elkartu egiten dira, bion iritzia jakin eta ados jartzeko.

Musika gehiena pandemia garaian sortzea egokitu zaie. Hura hasi baino lehenagotik fandangoa egina zuten, baina gainerako guztiak covid-19a zabaldu ondoren egin dituzte. Beraz, askotan bion arteko komunikazioa telefono bidezkoa izan da.

Aurkezpenean, diskoa salgai jarriko dute; bestela, hura eskuratzeko, Aimarrekin edo Junerekin harremanetan jarri beharra dago gernikaproiektu@gmail.com posta helbidearen bidez. Oraindik ez dute webgunerik atondu, baina Twitter bidez diskoaren berri emateko asmoa dute.

Gernika, sinbolismo handiko gaia, nafar gazte biren begietatik.