Mikel Zubimendi Berastegi

Zozo zuriak eta kaio beltzak eguneroko albiste direnean

Berri faltsuak arazo bat dira, eta berri errealak ere bai. Egunerokoak dira, errutina bat, sentsazional-sentsazionalak, ohiz kanpoko eta ezkor samar, gaur egungo gertakari beti. Hauek dira berriak: gertakaria gertakariaren ondoren, segida zoroan, elkarrekin zerikusirik gabe askotan. Harridura eta zalaparta sortu behar dute, komentatua izateko bezain beldurgarria izan. Ekintza biolentoa berrietan dago, zapalkuntza eta okupazioa ez, odolusten den zerraldoa askatasunen lapurreta baino bisualagoa da, biralagoa.

Euskal Herrian jende gehiena bakezalea da, txintxoa, jauntxozalea baino herriaren aldekoa. Baina bizpahiru kaio beltz, nahi dutena egitera ohituta dauden kalamidade batzuk jarri, eta horiek daude berrien zurrunbiloan, ziklo informatiboan. Horrek jendea itsutu egiten du, zozo zuriak ikusi arte zer dagoen eta zer datorren usaintzeke, ikusteke, uzten du. Horrela gabiltza: krisi bat muturren aurrean lehertzen den arte, itsu. Eta gero, betiko arrangura: nola ez genuen etortzen ikusi?

Berehalakotasuna obsesio egin da. Oraintxe bertan gertatzen direnak dira berriak. Definizioz, baina, duela gutxikoena ez da eragin handikoena. Historia bat daukagu, zer ari zaigun gertatzen eta zergatik definitzen duena. Baina gure begiek orainera begiratzen dute, hori egitera ohitu ditugu, eta arnasa luzean, iraganari eta etorkizunari begiratzeari uzten diogu. Luzatu? Patxada? Arazoen eta gatazken muin-muinera jo? Ezin da. Horren sinplea da, ez direlako eguneroko berrien forma eta erritmokoak.

Gertakarien albisteek agintzen dute, geroago baino orain informatzea da lehentasun. Teleberriak beti eguraldiarekin ixten du, klimarekin sekula ez. Hala egiten da kazetaritza ere egutegiaren menpeko, horrela lortzen dituzte berri estatusa planifikatutako gertakariek, urteurren eta prentsaurrekoek, edo txio sinple batek. Eta zer diren demontreak! Prefabrikatutako kazetaritza da, eta, ironikoki, batere berria ez denaz dihardu.

Zer esaten digute, hortaz, zozo zuriek eta kaio beltzek? Berriek munduan gertatzen ari dena kontatzen digute? Benetan? Hein batean, eguneroko berri horiek berri faltsuak baino arriskutsuagoak dira; ze faltsuak ez dira egia, baina besteek engainu meheagoa dute, eta, agian, eragin potoloagoa. Aukerez, historiaz, aurrerabideaz eta garrantziaz ikuspegi osoa ez dute ematen.

Eta porrota da hori, egunkaria leitzeke ez zaudela informatuta eta leitzen baduzu desinformatuta zaudela nolabait aitortzea. Sekulako mailako berriemaile eta kazetariak daude Euskal Herrian, benetan harrigarria da, baina berrien inguruko dinamika hori nabarmenegia da, aztarna handiegia du. Adikzioa ere sortzen du, menpekotasun bat. Eguna joan eta eguna etorri, eguneroko berriek gure aurreiritzi egoskor eta beldur handienak baieztatzen dituzte-eta. Ezkorragoak, susmagarriagoak, askotan tristeagoak egiten gaituzte. Azukreak odolean nola, horrela eragiten dute gure buruetan.

Ba al da antidotorik? Erremediorik bai? Baneki! Konforma gintezke egun gertatuak egunero gertatzen dena ezkutatzen ez badu. Kazetariek ohitura berriak hartu eta zahar batzuk desafiatzen badituzte, berrien kontsumitzaile konpultsiboak izateari utziz, adibidez. Ahal duten heinean eguneroko berri eta saioetatik kanpo, txio edo post-etatik harago, inspiratuz, kaleak desordutan ibiliz, liburuak irakurriz, lehen albiste ez diren benetako gauza inportanteetan arreta ipiniz. •