Ainara LERTXUNDI
AMA EZKONGABEEN DRAMA

Irlandako lehen ministroak barkamena eskatu die jasan zuten tratu krudelagatik

Hamarkada luzez, 1922tik 1998ra gutxienez, ezkongabe haurdunentzako eta haien haurrentzako etxe eta ostatuak zabalik egon ziren Irlandan. Ezkondu gabe ama izatea oso gaizki ikusia zegoen. Gizarteak eta familiak berak bizkarra eman zieten. Lehen ministroak barkamen publikoa eskatu die emakume eta haur horiei jasan zuten tratu krudelagatik.

gara-2021-02-11-Reportaje

Egungo Irlanda ez da inondik inora duela hamarkada batzuetakoa. 2018ko abenduan, urteetako borrokari eta aldarrikapenei esker, abortua legeztatzea lortu zen. Urte batzuk lehenago, 1993an, homosexualitatea despenalizatu zuten eta bi urte beranduago dibortzioa baimendu zuten. Aurrerapauso izugarriak erlijio katolikoak hainbesteko eragina zuen gizarte batentzat. Baina hamarkada luzez, Irlandan, ez zen erraza izan emakumea izatea. Elizak, garaiko moralitateak, gizarteak eta Estatuak berak ezartzen zituen arau eta kode zurrunak nola edo hala apurtzen zituzten emakumeak estigmatizatuak, epaituak eta zigortuak izan ziren, gupidarik gabe kasu gehienetan. Abusu fisikoak eta psikologikoak ohikoak ziren eta horietan Elizak eta Estatuak zeresan handia edo erabatekoa izan dute.

Pixkana, ordea, herrialdea iragan hurbilari begira jarri da, aurrez aurre. Gabeziak gabezia, egindakoak eta ez egindakoak, ezkutuan gordeta zeuden egiak, inork entzun nahi ez zituen testigantzak, bizipenak, mahaigaineratzen doaz, nolabaiteko erreparazioa bilatu nahian. Kasu askotan, erreparazioa ez da posible izango, protagonistak hilik daudelako, baina haien sufrimendua eta jasan zituzten eskubide urraketak aitortzeko baliagarriak dira azken urteetan Irlandak abian jarritako ikerketa batzordeak.

Pasa den urtarrilaren 13an, Micheal Martin lehen ministro irlandarrak barkamen publikoa eskatu zuen Estatuaren izenean, ezkongabeak izanik haurdun gelditu ziren emakumeek eta haien seme-alabek jasan zuten tratu krudelarengatik. Hamarkada luzez, haurdun gelditzen ziren emakume ezkongabeentzat «etxeak» zabalik egon ziren Irlandan. Elizak eta Estatuak kudeatuta hara bidaltzen zituzten familiek, alabaren «bekatua» ezkutatzeko eta isilpean gordetzeko asmoz. Ama ezkongabea izatea lotsagarritzat jotzen zuen gizarteak. Ama-haurrentzako etxe horietan gertaturikoa argitzeko asmoz, ikerketa batzorde bat osatu zuen 2015ean Gobernuak.

Abiapuntua Catherine Corless historialariak bere kabuz egindako aurkikuntza lazgarria izan zen. Tuam herriaren historia ikertzen ari zela, bertan zabalik egon zen ama ezkongabeentzako etxearen berri izan zuen. Behin bisitan joan eta norbaitek esan zion inguruko haitzulo batean kanposantu bat zegoela. «Bertakoak ezagutzen joan nintzen heinean, apurka-apurka gauzak kontatzen hasi zitzaizkidan. Behin, bi mutikok hezur batzuk aurkitu zituztela esan zidaten. Etxearen eta inguruaren mapak ikusita, zerbait susmagarria zegoela antzeman nuen. Adineko pertsonek hezur asko gordetzen zituen kripta handi bat zegoela esaten zidaten, baina mapen arabera ez zegoen haitzulorik, baizik eta ur zikinak botatzeko depositu bat. Nola zen posible ur zikinen depositu batean umeen hezurrak azaldu izana? Horrek harritu ninduen eta ikertzen hasi nintzen», gogora ekarri du egunotan Corlessek. Monjek ez zioten batere lagundu bilaketan. Hala ere, herrian urteetan zabaldutako zurrumurruak egiaztatu ahal izan zituen inolako sostengurik gabe, soilik bere irmotasuna lagun. Aurkitu zuena izugarria izan zen. Hondakin uren depositua topatu eta bertan 800 haur jaioberriren gorpuzkiak aurkitu zituzten.

Bost urteko lanaren ostean, ia hiru mila orrialde dituen txosten mardula aurkeztu zuen ikerketa batzordeak urtarrilean.

Horren arabera, 1922tik 1998ra, 56.000 emakume eta 57.000 ume inguru ama-haurrentzako etxe horietatik pasatu ziren. «Batzordeak ikertu duen denbora tartea oso luzea da, 1922tik 1998ra, 76 urte. 1920ko hamarkadaren testuinguruak ez du zerikusirik 1990ekoarekin. Urte horietan guztietan aldaketa asko egon ziren gizartearen baitan. 76 urte horiek bitan banatuko bagenitu, esan dezakegu lehen erdia bereziki gogorra izan zela herritar gehienentzat, are gehiago emakumeentzat. Emakumeen kontrako diskriminazioa izugarria zen.

»Eta ezkontzatik kanpo seme-alabak zituzten emakumeek diskriminazio are bortitzagoa jasaten zuten. Haurdun utzi zituzten gizonezkoek ez zuten ardurarik beren gain hartzen eta familiek bizkarra ematen zieten, lotsagarritzat jotzen baitzuten beren alabak ezkongabeak izanik haurdun egotea. Estatuak berak eta Elizaren esku zeuden erakundeek estigmatizazioa babestu eta bultzatzen zuten», nabarmentzen du txostenak sarreran.

XX. mendean, ezkondu gabe zeuden amentzako etxeak ohikoak ziren Europan eta beste herrialde batzuetan, baina Irlandaren kasua berezia da, zeren bai familiak behartuta bai bestelako alternatibarik ez zutelako, herrialde horretan halako etxeetara joan ziren emakumeen kopurua mundu mailako altuenetariko bat da. Askok eta askok Irlandatik Britainia Handira joateko erabakia hartu zuten haurdunaldiak irauten zuen bitartean.

Adinari dagokionez, denetarik zegoen, 12 urtetik 40ra. Hala ere, %80k 18 eta 29 urte bitarte zuten. Haurdunaldi asko bortxaketaren eta intzestuaren ondorio izan ziren. Batzuek buruko gaixotasunen bat edo desgaitasun intelektuala zuten arren, gehiengoaren profila garaiko emakume irlandarrena zen. Beraien ahizpekin, gelakideekin, lankideekin edo adin bereko emakumeekin alderatuta desberdintasun bakarra ezkondu gabe haurdun gelditu izana zen. Eta beraien senideek, bikoteak, ez zutela beraien egoeraren kargu egin nahi. Ezkongabea izanik haurdun egoteagatik gizartetik at kanporatu zituzten, Estatuak eta erlijio-ordena desberdinek kudeatzen zituzten eraikinetan sartuz. Hasierako hamarkada horietan, gehienak neskameak, nekazariak edo etxeko baserrian soldatarik gabe etxeko lanak egiten zituzten emakumeak ziren. XX. mendearen bigarren erdian, berriz, Elizan lan egiten zuten emakumeak, neskameak, profesionalak edo ikasleak ziren.

Heziketa afektibo-sexualik ez zegoen garai horretan, neskato asko sexuari buruz deus ere jakin gabe haurdun gelditzen ziren. Haurdunaldi bat zer zen ez zekiten sikiera eta, are gutxiago, haur jaioberri bat nola zaindu. Askok haurrak etxe horietan utzi zituzten erditu ostean. 1953an adopzioa legeztatu zenean, hori izan zen askok beren eskubideak aldez aurretik jakin gabe eta kasu askotan presiopean hartu zuten bidea.

Etxeen tipologiari buruz, eraikinak oso egoera kaskarrean egon ohi ziren, batez ere konderrietan kokatuta zeudenak, hala nola Pelletstwon, Tuam eta Kilrush-eko etxeak. Tokian tokiko osasun arduradunek kudeatzen zituzten. Txostenak Kilrusheko eta Tuameko etxeen egoera fisikoa beldurgarria nabarmendu egiten du bereziki.

Horietara bideratzen zituzten familia pobreetako neskak, behar bereziak zituztenak, buruko nahasmendua zutenak, gaitz benereoak zituztenak, bigarren hardunaldia zenean edo delitu bat egiteagatik zigortuta zeudenak. Esan bezala, ostatua eta tratua ez ziren egokiak. Bildutako deskribapenak benetan «mingarriak» direla salatu du ikerketa batzordeak.

Beste batzuk erlijio-ordenen esku zeuden, esaterako, Bessborough, Sean Ross eta Castlepollard Jesusen Bihotz Sakratuaren esku zeuden. Regina Coeli hostelaren ardura Mariaren Legioa taldeak zuen eta besteekin konparatuta ama eta seme-alabak elkarrekin egon zitezen saiakerak egin zituen bakarra izan zen. Bethany Home talde ebanjelista protestante batek sortu zuen.

Batzordeak ikertu dituen 18 etxe horietan egon ziren emakumeak tratu txar psikologikoen biktimak izan ziren. Ez zegoen inolako begirunerik haientzat, nahiz eta bakarrik eta haurdun egon. Mespretxuzko jarrerak besterik ez zuten jaso, baita erditzerakoan ere. Haien familiak bizkarra eman zieten arren, ez zuten inolako babesik ezta enpatiarik ere jaso aipaturiko etxeetan. 1970. urtera arte gutxienez, ez zuten beren haurdunaldiari buruz hitz egiteko tarterik izan eta are gutxiago jaiotzear zegoen haur horren etorkizuna eztabaidatzeko aukerarik. Beraien bizipena beste egoiliar batzuekin ez partekatzeko esaten zieten, beraien pribatutasuna gordetzeko argudioarekin. Ez zuten egoera berean zeuden emakumeen arteko babes sarerik sortzea nahi. Kanpoko eta barneko harreman guztiak eten nahi izan zizkieten. Etsaitasunezko testuinguru hotz horretan, emakume askorentzat haurdunaldia esperientzia benetan traumatikoa izan zen. Trauma hori are sakonagoa zen haurrarekin gelditzeko perspektibarik edo modurik ez zutenentzat. Familiaren eta bikotearen sostengurik gabe, oso gutxik zituzten haurra hezteko baliabide ekonomikoak. Oso gizon gutxi egin ziren beren seme-alaben kargu. XX. mendearen lehen erdira arte, gehienek baserrietan lan egiten zuten edo familiarena zen baserrian edo negozioan soldatarik jaso gabe lan egiten zuten, beraz, ez zuten baliabide ekonomikorik haur horien ardura bere gain hartzeko.

9.000 haur hil egin ziren

Jaio ziren seme-alaba «ez-legitimo» horiek beren amek jasan zuten diskriminazio beraren biktimak izan ziren. Batzuk etxe horietan hilabete batzuetan gelditu ziren behin haien amak alde egindakoan, eta gutxi batzuk zazpi urte arte gelditu ziren. Adopzioa 1953an legeztatu zen arte, beste erakunde batzuetara edo «abandonatutako edo arazoak ematen zituzten haurrentzako» eskola industrialetara bidaltzen zituzten. Adopzioa legeztatu zenean, hori izan zen seme-alaba «ez-legitimo» gehienen patua.

Bai amek eta bai seme-alaba «ez-legitimoek» pairatzen zuten eskubideen urraketen adierazle krudelena erakunde horietan jaio ziren umeen heriotza tasa handia da. Seme-alaba legitimoen heriotza tasarekin alderatuta, «ez-legitimotzat» hartzen zirenena berez altuagoa bazen, are handiagoa zen aipaturiko etxeetan jaiotzen zirenen artean, batzordearen arabera, bikoitza. 9.000 haur hil ziren, etxe horietan egon zirenen %15. «1960ko hamarkada baino lehen amentzako eta jaioberrientzako etxeek ez zuten haur ez-legitimo horien bizitza bermatu, are gehiago, biziraupena bermatzeko aukerak murriztu zituzten nabarmen eta tokian tokiko erakundeak eta nazio mailako arduradunak errealitate horren jakitun ziren», salatu du batzordeak.

Pelletstownen, adibidez, Karitatearen Alabak ordena erlijiosoaren eskutan, 1919 eta 1998 artean, 15.382 emakume eta 18.929 haur jaioberri onartu zituzten. 1950. urtean, soilik lau komun zituen 140 emakumerentzat. 1966an, 52 eta 30 ohe zituzten logeletan lo egiten zuten, inolako pribatutasunik gabe. 3.615 ume hil ziren bertan, %78 1920-1942 bitartean.

Sean Rossetik, 1931tik 1969ra, 6.414 emakume pasatu ziren. 39 urte horietan, 6.079 haur jaio ziren bertan eta horietatik 1.090 hil egin ziren. Bertako egoiliarra izan zen Philomena Lee. Bere istorioa ospetsua egin zen mundu mailan izen bera daraman filmari esker. Berrogeita hamar urtez bilatu zuen gaztetan, ezkongabe zela, Sean Rosseko komentuan izan zuen haurra. Monjek bere baimenik gabe Ameriketako Estatu Batuetako bikote bati eman zioten haurra adopzioan.

Hamasei urterekin haurdun

Catherine Coffey O´Brien umezurtz-etxe batean hazi zen. Hamasei urte zituela haurdun gelditu zen, «garai horretako gizartean egin zenezakeen gauzarik okerrenetariko bat».

Hedabide irlandar batek haren lekukotasuna jaso zuen txostena argitara atera zenean: «Mutil lagunarekin haserretu nintzen, ez nekien zer egin, etsita nengoen. Orduan, gizarte langile batek Bessborougheko komentuarekin harremanetan jarri ninduen. Esan zidaten nire apartamentua izango nuela, modu independentean biziko nintzela eta ikasketak berrasteko aukera izango nuela. Ezin nuen sinetsi ere egin. Nik ez nuen semea adopzioan emateko asmorik.

»Iritsi bezain laster, egin zuten lehenengo gauza izena aldatzea izan zen, Jane deitu ninduten. Fabore bat egiten ari zitzaizkidala uste zuten eta ez nire identitatea lapurtzen. Beste neskekin harremanik ez izateko eta nire benetako izena sekula ere ez esateko agindu zidaten. Janaria ezin txarragoa zen. Haurdunaldia oso garatuta zuten neska batzuk hortzak galtzen hasi ziren kaltzio faltagatik.

»Pairatu genituen abusu fisikoak ez ziren ezer ere egunero jasaten genituen tratu txar psikologikoen aldean. Monjek prostitutatzat hartzen gintuzten, baita haurdun zeuden hamaika urteko neskatoak ere, bortxaketa baten ondorioz haurdun zeudela begi bistakoa izan arren.

»Ez genuela ezertarako balio esaten ziguten eta haurrak kentzen zizkieten neskak umoretsu animatu behar genituela esaten ziguten. Behin, moja batek zera esan zidan: ‘Mutila baduzu, ez dugu arazorik, familia zoragarriak izango ditu zain. Baina neska bada, orduan bai, arazo bat izango dugu, eta zu bezala umezurtz-etxe batera joan beharko du. Hamar kilo baino gutxiago zuten haurrak eta arraza nahasketa zutenak ez zituzten adopzioan ematen eta eskola industrialetara bideratzen zituzten, horietan, torturak eta sexu abusuak sufritu zituzten, beste eskubide urraketa askoren artean.

»Komentutik ihes egitea erabaki nuen nire egoera berean zegoen beste neska batekin, baina hura harrapatu egin zuten. Nire mutil lagunaren amarengana jo nuen eta nire egoera azaldu nion, ez zekien haurdun nengoenik. Bere biloba adopzioan ematea ez zuela onartuko eta semea umearen kargu egitera behartu zuen. Zorte onekoa izan nintzen. Egun 48 urte ditut eta oraindik beldur naiz. Eta errudun sentitzen naiz, zeren nik ihes egitea lortu nuen baina beste asko bertan hil ziren».