Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Zaharrak berri

Mari Karmenek 80 urte ditu. Pandemian zehar, bere gurpil-aulkian eserita, apenas bota du hitzik, bere baitara bildurik. Sekula ez bezala bakar-bakarrik sentitu da, bere kezkarik beltzena isolatua hiltzea baitzen, zomorro zikin horrek bere osasuna eta adorea akabatu eta gero. Urte madarikatu honetan egunero esnatu da bera hurrengoa izango ote zen galdera iltzatuta buruan. Une txarrenetan inbidia izan die zahar etxean dementziatuak dauden bizikideei, egunerokoari hobeto eutsiko ziolakoan jakin gabe zer demontre gertatzen ari zen. Aldiz, berak egunero izan du pandemiaren berri bere irrati txikiari esker, eta bertako langileak aldamenean laguntzen egon arren, beldurrak giltzapetu du Mari Karmen bizitzaren arnasguneak ikusi eta ukitu ezinik. Azkenean posible izan dute senideek bisitan etortzea. Espero zuen baino askoz gutxiago esan die, ez ditu estutu nahi izan, amesgaizto izugarriak izan baititu lo eta esna.

Beldurrezko tonbola horretan libratu da, bere amak esango zuen bezala, eta hori da inportanteena. Amarekin asko gogoratu da, gerrako pasadizoak kontatzen zizkionekoak. Behinola bonben eta orain etsai mutu baten beldur, pentsatu du askotan Mari Karmenek. Gaixotasuna eta heriotza zaunka isilik, gau eta egun.

Denon aldarteak ikaratu ditu pandemiak. Txertoekin gauzak baretu dira jada, baina bera ez da garai batekoa. Batzuetan, besterik gabe, negar egiten du. Buruak, hustu nahian edo, bere bide propioa hartu nahiko balu bezala. «Tuntun galanta, ni. Bizirik atera naiz, gauzek onera egin dute, eta udaran bilobekin joango naiz oporretan», esaten dio bere buruari.

Mari Karmenek bizitakoa ez da salbuespena. Pertsona edadetu ugarik pairatu dute nolabaiteko salbuespen egoera bat aurreko hilabeteetan. Ez bakarrik zahar etxeetan. Inoiz gertatutako guztia behar bezala ikuskatuko bada, jakin beharko dugu zergatik ez diren behar besteko tresnak eta langileak jarri zaharren bizitzak zaintzeko. Zaintza bere zentzu osoan, jakina, osasun fisikoa, mentala, emozionala eta soziala kontuan hartzen duena.

Bestalde, pandemiak biluztu du kontsumoaren propagandak mezu sasi-positiboekin tapatzen duena, zaharren bizitzei dagozkienak barne. Izan ere, zahar guztiak ez dira egunero txandala soinean hogeita hamar abdominal egiten dituzten senior horietakoak, edo bi mila eurotik gorako erretreta jasotzen duten pentsiodun bidaiariak. Itxurakeriaren muina zera da: norbera da, zahartzaroan ere, norbere osasunaren zaindari eta adorearen arduradun. Merezi duzun agurea zara, eta kitto. Baina urte honetan ikusitakoak lehen lerroan jarri du zainduak direnen eta beren zaintzaileen eskubideak defendatzeko beharra. Mezu eta zapalketa guztiak gorabehera, absolutismo teknoproduktiboak ez du lortu ken eta jar daitezkeen robotak bilakatzea pertsonak. Oraindik.

Bizitza errealak zaurgarriak dira, gaur eta pandemiaren aurretik. Eta berriro ikusi dugu balizko gizarte aurreratu honek ez dituela bere gaitasun guztiak jarri ahulenak babesteko. Horretan, zer berri? Zaharrak berri, denon amorragarri. •