Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Kezka

gara-2021-03-25-Opinión

Oso ohikoa da kezkak gutaz jabetzea eta atsedenik gabe geure burua gai berari behin eta berriz bueltaka aurkitzea. Argi dago zerbait konkretua gaizki doanean kezkatzeko eskubidea dugula; hala ere, batzuetan gauza gehiegi nahasten dira eta, horrela, apurka-apurka, edozer gauza gure kontroletik ihes egiten ari delako sentsazioa sortzen da.

Gauza batzuez kezkatzea, diogun bezala, guztiz ulergarria eta logikoa da. Arazoa egunez egun gauza berberengatik kezkatzen garenean dator. Orduan, gure eraginkortasun kognitiboak huts egiten du, eta irudimena den dohain hori denik eta modu okerrenean erabiltzen dugu. Ia nola jakin gabe, estresa eta antsietatea agintzen hasten dira, eta dena hondatzea lortzen dute. Arrangura begiztatzen den egoera horietan, akidura psikologikoa agertzen da, eta, orduan, ia ezinezkoa da arazo bakoitzari irtenbidea aurkitzea.

Ongi begiratuz gero, kezka, beldurra bezala, pentsamendutik sortzen da. Kezkek eginkizun handia dute: balizko mehatxuen aurrean irtenbideak aurkitzea. Baina horien helburua konponbide horiek gauzatzea da. Etengabeko kezkak nagusi diren burmuin antsiatsu batean, ordea, amigdala (burmuineko atala) da kontrolatzen gaituena eta arriskuak ikusarazten dizkigu halakorik ez dagoen lekuetan. Orduan, dena mehatxuak dira, denaz mesfidatzen gara eta denak beldurra sortzen digu. Nolabait orainaldian ezgaitzen gaitu, gure baliabide mentalen zati bat mugatzen baitu. Hiperestimulazioak (kezka sortzen duen pentsamendu bat beste baten atzetik) garun azalari eragiten dio, jarduera murriztuz. Beraz, gauzak lasaiago eta orekatuago ikusteari uzten diogu, kezka bat bestearen atzetik sortuz. Hortaz, pentsamendu horiek beste presio mota bat eragin diezagukete, egoera ezin dugula gehiago baztertu jakin dezagun. Zorabioak, gorputzeko atal desberdinetako minak, antsietatea, takikardiak... “motiborik gabe” sortzen has daitezke.

Beraz, geure buruari galdetzen badiogu ea ez pentsatzea posible den, argi eta garbi, erantzuna ezetz da. Are gehiago, meditazioa eta erlaxazio sakona egitera ohituta dauden pertsonak ere ez dira «burua hutsik uztera» mugatzen. Meditatzaile on batek bere pentsamenduekin bat egiten du. Burua eta emozioak harmonizatzea, unibertso mentalean gertatzen den guztia baretzeko eta kontrolatzeko.

Ezustekoak beti egon daitezkeela onartzea, pentsatzeko, sentitzeko eta egiteko aukera ematea, geure buruarekin adeitsuak izatea eta baliagarriak garela gogoratzea dira arrangura kudeatzen lagun diezaguketen jarraibide batzuk.

Aipatu dudan bezala, ezinezkoa da ez pentsatzea, burua kentzea ezinezkoa den bezala. Kezkaren helburua ez da gure gogamenean dagoen horri buruz kexuka eta bueltaka egotea. Konponbideak bilatzea da gakoa, aldaketak sortzea. Burmuina ideien, oroitzapenen eta pentsamenduen fabrika bat da. Beti sortzen ditu prozesu psikikoak, konturatzen ez bagara ere. Horregatik da hain funtsezkoa horien gaineko kontrol ona izatea. Azken finean, ondo pentsatzea hobeto bizitzea da eta hori, behar izanez gero, profesional baten laguntzaz ikas daiteke. •

saioaaginako@gmail.com