Xabier Izaga Gonzalez
ZOMORRO ARTEAN

Intsektuak, garraiolari zein ibiltari, izaki onuragarri eta ederrak, Atarian ikusgai

Terapia gisa ez du funtzionatu Arantza Eziolazaren jardunak, baina arte gisa eta intsektuen balioa nabarmentzeko, zalantzarik ez. Asteartean zabaldu zen Gasteizko Ataria hezeguneen interpretazio zentroan haren erakusketa, intsektuak protagonista dituena. Batzuk historia garraiolariak dira; beste batzuk, bidegileak.

Kasualitatez aurkeztu zuen Arantza Eziolaza AranEziok bere erakusketa proiektua Gasteizko Atarian, berak dioenez. Edo, zehatzago, lagun baten gomendioz. Marraztuta zeuzkan intsektu batzuk ikusi ondoren, Atariko arduradunei proposamena egiteko esan zion hark. Hala egin zuen eta ikusi bezain laster baietz esan zioten, gustura asko. Izan ere, Ataria, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa, leku ezin egokiagoa da intsektuak protagonista dituen erakusketa antolatzeko. Joan den asteartean inauguratu zuten eta ekainaren 20ra bitartean ikusgai egongo da.

«Intsektuak planetako izaki bizidunen %90 baino gehiago dira, eta orain dela 550 milioi urte baino gehiagotik daude munduan, ezagutzen dugun biziak iraun dezan laguntzen. Beraz, izaki txiki horien kontserbazioak gure errespetu osoa merezi du», dio artista gasteiztarrak erakusketaren aurkezpenean.

Animalia txiki horien aitormen gisa, alde batetik, “Historia garraiolariak” bilduma aurkeztu du. Lan horretan intsektuen siluetak erabili ditu Euskal Herriko ohiturak, kultura eta leku garrantzitsu batzuk erakusteko, xehetasun handiko marrazkien bidez. Halaber, zomorro horien ehundura bereizgarriak ere erakusten ditu. Beste alde batetik, “Ibiltariak" izeneko atalean, intsektuak giza jarreren jabe eginez, bizitzako ibiltari bihurtu ditu, Antonio Machadoren poema ezagun baten protagonista balira bezala.

«Historia garraiolariak»

Duela urtebete baino gehiago hasi zen intsektuak marrazten, eta haien barruan askotariko irudiak; esate baterako, mundu osoko lekuak eta ohiturak. Hala ere, erakusketa egiteko baietza jasotakoan, erakusketak historia bat, hari bat behar zuela pentsatu eta hura antolatzen hasi zen. Historia ulergarri eta ordenatua behar zuen. Hartara, Euskal Herriko istorioak biltzen dituzten zomorroak erakustea erabaki zuen. Horrela sortu zen erakusketaren lehen atalaren ideia: Euskal Herriko historia garraiolariak, hain zuzen.

Lehenengo irudian antaxia scutellaris delako zomorroa ageri da, eta haren barruan Euskal Herriko hainbat sinbolo: Errolan, euskaldunek Orreagan garaitu zuten buruzagi frankoa; arrano beltza; Amaiurko monolitoa; Gernikako Batzar Etxea eta arbola; lauburua; Euskal Herriaren armarria, eta intsektuaren hanketan haritz hostoak. Lehen irudi hori ondoren datozenen aurkezpena da nolabait, Eziolazak GAUR8ri azaldu dionez. Izan ere, hurrengoek euskaldunak ordezkatzen dituzten hainbat motibo bildu dituzte, hala nola Euskal Herriko zazpi hiriburuak, herri kirolak, mus jokoa –«nire gogokoenetakoa»–, zazpi probintzietako produktuak... Hori guztia marraztu du, xehetasun handiz, intsektuen gorputzean, irudien bilaketa eta aukeraketa lan handia egin ondoren: «Intsektuen barruan landareak, eraikinak, erremintak, pertsonak eta, nola ez, paisaia horien parte diren animaliak kabitzen dira, pinudi baten gaueko paisaiatik herri eta hirien leku adierazgarrietaraino».

Horrenbestez, garraiolari bitxi horiek Euskal Herria erakusten duten irudiak, istorioak garraiatzen dituzte, baina eurek ere ordezkatzen dituzte Euskal Herriko bazterrak, eta horietako askok lotura estua dute soinean daramaten irudiarekin; esate baterako, Arabako Errioxaren irudia mahatsondo bat da eta daraman intsektua gurgurioa, mahastietan egoten dena; Gipuzkoa ordezkatzen duen motiboetako bat sagardoa da, eta haren eramailea marigorringoa da, sagarrondo-zorria jaten baitu. Ahal izan duen guztietan eutsi dio intsektuaren eta barruko motiboaren arteko lotura horri, intsektuak errepikatzea saihestuz, ordea; hartara, Ipar Euskal Herriko ardoa agertzen duen irudiaren eramailea ez da gurgurioa, beste zomorro bat baizik.

Intsektuaren silueta marraztu eta osorik irudiz betetzen hasi zen, baina laster konturatu zen protagonistak izanik, haien egitura, haien gorputz atalak ondo sumatzea merezi zutela, eta haien ezaugarri asko ondo identifikatzeko moduan egin zituen. Gehienetan burua eta hankak bere horretan erreproduzitu ditu, eta askoren toraxa ere bai.

Denera 30 historia garraiolari dira, 40x50 zentimetroko iruditan. Haietan, intsektuen izen zientifikoak eta jatorria agertzen dira.

«Ibiltariak»

Erakusketaren bigarren atala, “Ibiltariak” izenburukoa, Antonio Machadoren “Caminante, no hay camino” poema gogoan ondu du Eziolazak. Kasu honetan, bizitza osatzen doazen urratsak intsektuenak dira, eurak dira ibiltari bidegileak. Atal horretakoak ere erreprodukzio zorrotzak dira, baina gizakien zenbait ezaugarri dituzte; esate baterako, bi hankan dabiltza, makila bat daramatela. Batzuetan fantasia pixka batez lagunduta, forma gizatiarragoa eman die zenbait gorputz atali, batez ere hankei; beraz, nahita uko egin dio lehenengo atalekoak bezain erreprodukzio zehatzak egiteari. 15 ibiltari egin ditu, 21x30 zentimetroko iruditan.

Proiektu desberdinak dira bi atalak, «baina protagonista berak dituzte, eta erabilitako teknikak ere oso antzekoak dira», dio Eziolazak. Dena rotrinaren antzeko kalibratuarekin egina dago, «0,8tik 0,003ra bitarteko lodierako marrez irudiak egiteko». Oso pozik dagoela dio, urtebete baino gehiagoko lana egin ondoren.

Terapia gisa

GAUR8rekin solasean, aitortu du intsektu gehienek nazka ematen diotela, hainbat jenderi bezala. Oso gustuko ditu haien koloreak –«kolore sortarik handiena» duten izaki bizidunetakoak direla uste du, «distira ikusgarriak» dituztela– eta haien formak. «Argazkietan ikusita, handiagoak ematen dute, eta gero, bertatik bertara ikustean, handiena zentimetro bat luze da». Baina higuin ematen diote, eta zomorroak marrazteko ideia terapia moduan bururatu zitzaiola dio, ea lortzen zuen nazka hori desagerraraztea. Eta ez du lortu, baina ikaragarri gozatu duela dio haiek marrazten. Argi asko dauka haien balio handia: «Pertsona bakoitzeko 200 milioi intsektu daude. Pentsa dezakegu oso txikiak izan eta ez dutela ezertarako balio, baina haiek ere existitzeari esker gaude mundu honetan, eta zaindu behar dugun zerbait dira. Ez ditugu kontuan hartzen, eta oso garrantzitsuak dira oreka ekologikorako». Onartzen du ez duela ulertzen zer dela-eta dion halako nazka horren gauza txikiari, eta oso zabalduta dagoen nazka dela uste du, «umetatik ikasitako nazka edo beldurra dela uste dut». Edonola ere, berak ez du inoiz zomorro bat ere hil: «Etxean euli bat ikusten badut, leihoa zabaldu eta atera egiten dut», dio barrez, «ez dut akabatzeko eskubiderik. Sarritan umetan ikusten genituen pelikula batzuetan agertzen ziren erraldoiak datozkit burura, txikiak zapaltzen zituztenak, eta pentsatzen dut intsektuek ikuspegi bera izan behar dutela».

Beharbada pandemia garai honetan, espezieen arriskua eta, beraz, biziaren arriskua argiago ikusi den edo ikusi beharko litzatekeen honetan, argiago ikusten da Eziolazak dioena, birus ikusezin batek mundua astindu ondoren eta horren errua ez dela birus horrena edo animalia eramaileena jakinda.

Marrazkilari petoa

Arantza Eziolaza «arkatz bat eskuan» zuela jaio zen. Oso-oso umetatik marraztu du. Gogoan du nola, sei edo zazpi urte zituela, andereño batek inoiz etxerako agindutako marrazkia bere aurrean errepikarazi zion, etxekoek egin ziotelakoan. Argi zuen marraztea bere bokazioa zela. Ezin izan zituen Arte Ederrak egin, «bizitzako gorabeherak direla eta», eta bere ametsa gauzatu gabe jarraitu zuen marrazten eta beste hainbat jarduera artistiko egiten. Duela hamar bat urte elkarrizketa bat irakurri zuen “Zazpika” astekarian, egun laguna duen idazle bati egindakoa. Emakume horrek zioen, bere alaba Ilustrazio ikasketak egiten ari zela, eta orduan jakin zuen Eziolazak Gasteizen bazegoela arte, diseinu eta ilustrazio eskola bat.

Hara jo zuen sartzeko baldintzen gainean galdetzera eta esan zioten sarbide proba egin beharko zuela, Batxilergo Artistikoaren baliokidea. Ikasketak utzi zituenetik zenbait hamarkada igarota, Ibaiondoko gizarte etxera joaten hasi zen, egunero hainbat orduz ikastera. Sei hilabeteren buruan titulua atera eta ID arten, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan, izena eman zuen bere ametsa betetzeko asmoz. ID arte goi mailako diseinu ikasketak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra da. Han berretsi zuen lehendik ere bazuen irudipena, nolabait bere jardunean pixka bat «herren» zebilela, alegia.

«Hara joan nintzenean, ordenagailua piztu eta Word erabiltzen besterik ez nekien, eta han lehen astetik Photoshopekin marrazten hasi nintzen», kontatu du. 3D animazioko lantxoren bat ere egin zuen, «horretan jarduten duen jendea miretsi egiten dut, oso zaila iruditzen zait. Jendeak ez du imajinatu ere egiten zenbat ikasi eta lan egin beharra dagoen ondo egiteko». Bi urtean lortu zuen goi mailako titulazioa, nota bikainekin gainera.

Artelanen istorioak

Orain arte hainbat erakusketa kolektibo eta esku-hartzetan parte hartu izan du; esate baterako, ZAS Kultur Espazioan, Gasteizen, baina baita Euskal Herriko eta estatuko beste leku batzuetan ere. Halaber, Cerdas kolektiboko kidea da. Arte eskolako hiru gaztek eta berak sortu zuten kolektibo hori, pintzel bat duen txerri bat logotipo duena, pintzelaren zurdei gaztelaniaz cerdas esaten baitzaie. «Arreta emateko modua besterik ez da», dio.

Idaztea ere gustuko du Eziolazak, narrazioak idazten ditu, eta dioenez, ID arten ikasi zuena, besteak beste, bere istorioak artelanekin lotzeko oso baliagarria gertatu zitzaion. «Ez dakit irudia eta kontaketa bereizten», dio. Batzuetan testua idatzitakoan egiten du ilustrazioa eta beste batzuetan alderantzizko prozesua. Kontatu, ilustratu... olioarekin eta pastelarekin ere lan egiten du, gustura lan egiten du kolorearekin ere, baina bere eremua ilustrazioa dela dio, marra eta punteaketa.

Ezin ukatu horretan trebea dela, ekainaren 20a arte Atarian ikus daitekeenez.