Mikel Zubimendi Berastegi
AGUR ETA OHORE YUAN LONGPING

Landareen biologoak, «arroz hibridoaren aitak», milioika jende gosetetik libratu eta munduari jaten eman zion

Txinak agur esan dio bere aitona kuttunari, Maoren garaian sufritu zuen gosete latzetik ateratzen lagundu zuen arroz hibridoaren sortzaileari. Milioika jenderen bizitzak salbatu zituen eta ehunka milioi gehiagori oinarrizko jana eman zien. Iraultza Berdearen aitzindariak mundua eraldatu du, elikadura urritasunetik elikadura segurtasunera hurbilduz.

Yuan Longping, seguruenik munduan bizitza gehien salbatu dituen pertsona, 90 urterekin zendu berri da. Doluz da Txina, minez, bere aitona kuttunena joan delako, milioika txinatar hil zituen gosetea gainditzen lagundu zuen zientzialari apartak agur esan duelako. Munduaren aurrerabidea lortzeko pertsona handia izan da, gutxi izango dira berak egindako ekarria bezalakorik egin dutenak, eskuekin oratu daitekeena, ekarpen praktikoa.

Langile fina izan zen, ameslaria, Txinan sona eta miresmen handikoa, zelebritate bat. Gaztetatik arroza maite zuen, arroz landareak zaintzen zituen, arroz soroetan egunak eta egunak pasatzen zituen bere kreatura maiteei behar zuten guztia ematen. Landareen zientzialaria izanik, ez zen irakaskuntza akademikora edo zientzia literaturara lotu, Yuan Longpingek landa eremuak maite zituen, Txinako bazter ezkutuenetan sortzen ziren arroz basatiak biltzen zituen, eta horrela zen zoriontsua.

Nekazaritzaren eta zientziaren aurrerabidearen aitzindaria izan zen, Txinako harrotasun nazionalaren sinboloa. Errendimendu handiko arroz hibridoen sortzailea, Asiako, Afrikako eta Amerikako uztak biderkatuz, milioika, ehunka milioi jenderen bizitzak salbatu zituen, Txinan eta Indian bereziki.

Norman Bourlaug landareen zientzialariak gariarekin lortu zituen aurrerapenekin batera, Yuan Longpingek arrozarekin lortu zituenak izan dira Iraultza Berdea deritzona ekarri zutenak. Uztak handituz, munduko parte askotan gosea desagerrarazi zuten. Bourlaugi Nobel saria eman zioten 1970ean, baina esan daiteke Yuan Longpingek are ondorio emankorragoak utzi zituela, ze arroza gizateriaren erdiarentzat elikagai printzipala da, eta garia, heren batentzat.

Hibridazioa munduratu

Errendimendu handiko arroza lortzea izan zuen obsesio, arroz produktiboagoak behar ziren eta Txinako leku ezkutuetan aurkitu zituen barietate basatiek eman zioten behar zuen material genetikoa. Zehazki, Hainango uhartean, trenbidearen ondoan. Han aurkitu zuen oso endogamikoak ziren zepa komertzialei transferitu ahal izateko basoko arrozen material genetikoa. Bere zientzia hipotesia baieztatuz, hibridazioa erraz egin zitekeela demostratu zuen, uztaren produkzioan irabazi handiak lortzeko.

Orduz geroztik, Txinak lideratu du arrozaren hibridazioaren dantza globala. Landaketa teknika berdinak erabiliz, Yuan Longpingen arroz hibridatuarekin ekoizpena %30 handitzen zen –eta horrek bakarrik, urtean 70 milioi jende gehiago elikatzea suposatu zuen–. Eta hibridazioaren teknika menderatuta zutenean, Asia osoan, Afrikan eta Amerikan barietate hibridatu berriak sartzen lagundu zuen, mundu osoko agronomo eta nekazariei irakatsiz. Txinan bakarrik, Longpingek hibridatutako arrozarekin herrialdearen ekoizpen osoa bost aldiz handitu da azken 70 urteetan.

Arroz ekoizleak ziren herrialdeetan gosetea desagerrarazten lagundu eta bizitza asko, pila-pila bat, salbatu zituen. Patentea gorde eta arroz ekoizpenaren dominazioa bermatzea baino nahiago izan zuen bere jakintza eta esperientzia munduarekin konpartitzea. Indian, Madagaskarren, Filipinetan, Liberian, Nepalen, Brasilen, nonahi.

Aurreranzko Jauzi Handia

Mao Zedong-en agintaldian Txinak sufritu zuen gosetearen lekuko izan zen Yuan Longping. Horrek asko markatu zuen bere bizitza. Eta elikagaien ekoizpena handitzeko teknikak asmatzera behartu zuen bere burua, hazi eta zahartu ahala desira hori indartsuagoa egin zen, bere bizitzako bokazioa bihurtu arte.

Longping aitona maitagarria kultiboen genetikan espezializatu zen, eta garai hartan, diziplina hori gatazka ideologikoen esparrua zen, arriskutsua oso. Izan ere, bi eskola zeuden eta Mao lemazainak eskola sobietarraren alde egin zuen: geneak ingurumen baldintzak aldatuz, tenperatura kasuko, berritxuratu zitezkeela defendatzen zuen, eta ondorengoek aldaketa horiek hartuko zituztela herentzian. Longpingek, baina, dogma sobietarra alde batera utzi eta ezkutuan Gregor Mendel eta genetikan aitzindari izan ziren beste zientzialari batzuk ikasi zituen.

1953. urtean graduatu zen eta landa eremuarekin zuen konpromisoari eutsi zion. Konpromiso horrek 1950. hamarkadaren bukaeran beste urgentzia bat hartu zuen: Maoren Aurreranzko Jauzi Handiaren ildoarekin, nekazaritza kolektibizatzeko ahalegin frenetikoak eta herrialde industrializatuak harrapatzeko apustu eroak, bereziki altzairuaren ekoizpena martxan jartzeko apustu erraldoiak, Txina garai modernoan inoiz bizi izan duen gosete okerrenera kondenatu zutenean. Dozenaka milioi txinatar hil ziren.

Gosea zen orduan nagusi, gose latza, edozer jaten zuten, garoaren sustraiak, enbor azalak, are mineralak lortzeko buztin zuria ere bai. Jendea gosez akabatzen ikustean, Longpingen konpromisoa, jende arrunta gosez ez hiltzeko konpromisoa, erradikalizatu zen.

Urritasunetik segurtasunera

Arroz soroetako ikertzaile umila, Yuan Longping kamarada arrozaren ikerkuntzan jardun zen bere bizitza osoan. Bere sekretuak lau zutabe zituen: jakintza, izerdia, inspirazioa eta aukera. Eta jarrera bat, Louis Pasteurren hitzak gogoan beti: «Ikerkuntzaren arloan, zoriak izaera prestatuei baizik ez die mesede egiten».

Errendimendu handiko bere arrozekin, bere txikian, iraultza erraldoi bat etorri zen. Txina, adibidez, errotik eraldatu zuen: elikadura urritasunetik elikadura segurtasunera eraman zuen; hiru hamarkada aski izan zituen horretarako. Marabilla lortu zuen: munduko lurren %9an populazioaren %20ri jaten ematea, elikagaien kalitatea eta eskuragarritasuna handituz.

Arroz arraza berria helburu, bisio bat izan zuen gaztetan, Txinako basartoa bezain altuak ziren arroz landareekin amesten zuen, arrozburu bakoitza erratz baten tamainakoa zutenak, eta arroz ale bakoitza kakahuete baten tamainakoa. Arroz kultiboen itzaletan jolasten eta ezkutatzen zela lagunekin. Bisioa misio eginda, egun, Txinako arroz ekoizpenaren %60 Yuan Longpingen arroz hibridatuekin egiten da.

1979an arroz hibridoaren bere teknika Ameriketako Estatu Batuetan sartu zen, Txina modernoaren historian jabetza intelektualeko eskubideen transferentziaren lehen kasua bilakatuz.

Arroza, arroza beti

Kantitatea ala kalitatea, zein lehenetsi? Herrialde garatuetan arrozaren kalitatea eta zaporea aurretik jartzen ziren garaietan, Longpingek ekoizpena handitu beharra ikusi zuen denetan garrantzitsuena: «Lehenik janari nahiko izan behar dugu, eta gero etorriko da ondo jatea». Gainera, berarentzat, errendimendu handi batek ez zuen definizioz kalitate txarra esan nahi.

Mundua gosetetik libratzen izugarri lagundu zuen, muturreko pobreziatik askatu zituen landa eremuko populazio osoak eta janari nahikoa izango zen etorkizun batean sartu gintuen guztiok. Eta, jakina, horrek janariaren kontrolaren gaineko mundu mailako gerra arriskuak gutxitzen asko lagundu du.

Bere teoriak eta hazi hibridoek Iraultza Berdea ekarri zuten mundura. Hainbat herrialdetarako ur gaziarekin haz zitezkeen zepak asmatu zituen, kadmio gutxi zuten barietateak lortu zituen metal pisutsuek kutsatutako lurretan landatzeko aproposak. Egoera eta klima bakoitzerako, jende guztiarentzat, arroza!

Txina da egun arroz hibridoen esportatzaile handiena, hazi hibridatuen gordailu eta puntako teknologia garatzaile nagusia. Badakite inbertitzaileek irabazi azkarrak nahi dituztela, baina baita hazien kultiboa ez dela irabazi azkarreko industria bat ere, are sarritan irabazirik gabekoa dela.

Yuan Longpingen agurra ez da bakarrik herri txinatarrentzat galera oso handia, gizateria osoarentzat izan da. Goian bego, ohore beti.