Sonia Armengou Casanovas
ITXIALDIA ETA ELIKADURA

Egoera sozioekonomiko ahuleko nerabeen elikadurak okerrera egin zuen konfinamendu aldian

UVic-UCC Viceko Unibertsitatea - Kataluniako Unibertsitate Nagusiak eta UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiak egindako ikerlan baten arabera, konfinamenduaren aurretik ere ahulak ziren pertsonen kolektiboetan desberdintasunak areagotzen ari dira. Ikertzaileek adierazi dute politika publikoak behar direla nutrizio eta osasun desberdintasunek areagotzen jarrai ez dezaten.

Gazteen elikadura portaerak aldatu egin ziren covid-19ak behartutako konfinamendu aldian eta, are gehiago, okerrera egin zuten talde sozioekonomiko behartsuenetan, “Nutrients” aldizkari espezializatuan sarbide irekian argitaratu den azterlan baten ondorio nagusien arabera. Lan hori GRESP unibertsitate arteko ikerketa taldea epidemiologiaren eta osasun publikoaren gainean garatzen ari den DESKcohort proiektuaren barruan egin dute, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Alicia Aguilar Martinez eta UOC eta UManresako Marina Bosque Prous ikertzaileen gidaritzapean.

Ikerketa 12 eta 18 urte bitarteko 303 gazte katalanekin egin dute, eta 2020ko martxotik maiatzera bitartean adin tarte horretan elikadura nola aldatu zen jakin nahi zuten, bai elikadura portaerei dagokienez, bai kontsumitutako produktuei dagokienez. Pandemiaren aurretik zeramaten dietaren kalitatearen eta posizio sozioekonomikoaren arabera aldaketak desberdinak izan ote ziren behatzeko datuak biltzea zuten helburu.

Aguilar Martinez nerabeen nutrizio osasunean aditua da, eta haren ustez, konfinamenduak gazteen dietaren kalitatean nola eragin zuen jakiteak «nerabeen elikadura erabakietan eta jokabideetan zer faktorek eragiten duten ulertzen lagun dezake».

Egoera sozioekonomikoa

Ikerketak agerian utzi du egoera sozioekonomiko ahulenean dauden gazteek zerealen eta barazkien kontsumoa murriztu dutela eta janari prestatu eta prozesatuaren kontsumoa handitu dutela. Datuek erakusten dutenez, kolektibo horren dietak okerrera egiteko arriskua %21 handiagoa da beste egoera sozioekonomiko batzuetako nerabeekin alderatuta. Bosque Prousek nabarmendu duenez, datuek begi bistan jarri dute konfinamendua baino lehen ere ahulak ziren pertsonen kolektiboan desparekotasunak areagotu egin direla.

Ondorioetatik abiatuta, hauxe dio osasun publikoko aditu horrek: «Administrazioek ondo egingo lukete horrelako egoerak prebenitzen edo, etorkizunean beste konfinamendu batzuk gertatzen badira, hobeto prestatuta egoten lagunduko luketen esku-hartzeak eta politikak bultzatuko balituzte». Halaber, ikertzaileek diotenez, ikerketa honetan jasotako datuak «baliagarriak izan daitezke ahultasun egoeran dagoen kolektibo horri begirako osasun publikoko esku-hartzeak, programak edo politikak diseinatzeko».

Behatutako aldaketa orokorrei dagokienez, azterlanaren arabera, gazteen %40k fruta kontsumoa handitu dute eta %21,5ek diote dieta askotarikoagoa izan dutela. %39,3k gozokien kontsumoa murriztu dute, %49,2k prestatutako eta prozesatutako janariarena eta %49,8k azukredun freskagarriena. Aitzitik, %56k aitortu dute otordu artean mokadutxo gehiago hartu dituztela eta otordu irregularragoak egin dituztela. Hala ere, ikertzaileek nabarmendu dute epe laburrean gertatu diren aldaketa horiek epe luzera horrela jarraitzen duten aztertu beharko dela.

Aguilarrek ohartarazi eta gogorarazi du nerabezaroa garai garrantzitsua dela helduaroan gaixotasunen garapenari eta prebentzioari eragiten dieten ohiturak ezartzeko eta finkatzeko. Horregatik, dioenez, «politika publikoak garatzeko eta nutrizio gomendioak egiteko orduan talde ahulenen ezaugarrietan jarri beharra dago arreta». Politika publiko eta gomendio horiek «arrisku handieneko populazio taldera egokitu beharko lirateke, eta nutrizio eta osasun berdintasunik eza areagotzen jarraitzea eragotzi beharko lukete», gomendatu du.