Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
JOSEBA ASIRON
Irakaslea eta alkate ohia

«Iruñean aldaketa ez da amaitu; gobernatzeko beste eredu bat badagoela frogatu dugu»

Hego Euskal Herriko udalen agintaldia erdibidera heldu denean, Joseba Asiron egindakoaren balantzeaz eta etorkizunera begira falta denaz mintzo da.

Bi urte pasatu dira Joseba Asironek Iruñeko alkate izateari utzi zionetik. Beste bi falta dira datozen udal hauteskundeetarako, eta berriz alkate izateko helburua du. Bitartean, EH Bilduren zinegotzia da eta klaseak ematera itzuli da.

Udaleko legealdiaren erdibidean gaude. Nola ikusten dituzu orain arteko bi urteak?

Orain arteko Iruñeko Udalean legealdiaren lehenengo 24 hilabeteak bitan banatzen ditugu. Lehenengo zatian, lehenengo 18 hilabeteetan –hasierako disgustua pasatuta– Udalean gauden hiru indar progresisten artean, nahiz eta diferentzia handiak eduki, lortu genuen adostea lan egiteko modu bat. Eta 18 hilabete horietan Enrique Mayari agenda markatzea lortu genuen. Gehiengoarekin funtzionatu genuen eta gauza askotan Mayak bere borondatearen kontra onartu behar izan zituen. Baina gure harridurarako, bat-batean, 18 hilabete pasatu eta gero, nabarmena da Enrique Maya eta Maite Esporrin [PSN taldeko burua] ados jarri zirela eta ezkutuko gobernu akordio bat dutela esaten dugu. Argi dago horren ordaina zein izan den: Mayak bere hitza jan behar izan du Aldaketaren aldeko udalaren gobernuak egin zituen hainbat proiektutan. Adibidez, Pio XII.a, ‘amabilizazioa’, Moret Aita kalearen irekiera eta beste. Eta PSNk, edo horrela uste dute beraiek, nolabaiteko zentralitatea lortu nahi izan du. Esporrinek argi eta garbi ikusi zuen gu oposizioan ginela lidergoa EH Bilduk eramaten zuela, eta modu honetan udal barruan zentralitatea lortzen duela pentsatuko du. Benetan lortzen ari dena da argi markatzea non dagoen Erregimena eta non benetako oposizioa. Horrek oxigenoa eman dio Mayari eta ahalbidetu ditu eskuinaren betiko gehiegikeriak, hipikarena eta familien aldeko tratuak, esate baterako.

Atzerago egiten baldin badugu, duela sei urte Udalean sartu zineten, eta aldaketarekin izugarrizko ilusioa piztu zenuten herritarren artean. Hemendik bi urtera hori berpiztea izango da helburua.

Bai, bai, dudarik gabe. Esan dugu, behin baino gehiagotan gainera, gu ez garela etorri gure hiriaren historian pasadizo edo anekdota bat izateko, baizik eta hor egoteko. Zerbait argi eta garbi erakutsi bagenuen pasa den legealdian da badagoela gauzak egiteko beste modu bat. Desberdina. Modu jatorra, zintzoa, demokratikoa. Eta horrek izan behar du funtzionatzeko modua. Hemen hamarkadetan zehar saldu diguten irudia izan da PSN eta UPN baino haratago ez dagoela deus. Kaosa dagoela. Eta guk erakutsi genuen ezetz, hori ez dela egia.

Duela bi urteko hauteskundeak gazi-gozoak izan ziren. Alde batetik, EH Bilduk gorakada izan zuen, zuen gestioaren oniritziarekin, baina zoritxarrez bazkideek ez zuten emaitza nahikorik lortu. Badirudi ezker ez-abertzaleko taldeak izan zuten banaketa hori gainditzeko lanean direla. Interesgarria izango litzateke hori ezkerreko Iruñearentzat.

Hori da izugarriena. Guk hamar mila boz irabazi genituen, bi zinegotzi gehiago. Baina gurekin gobernu bazkideak izan zirenek galdu egin zuten. Lau zerrenda desberdinetan aurkeztu ziren. Ia-ia, milimetrikoki, aukera bakoitzak ehuneko bia lortu zuen. Bereizita ez zuten zinegotzi bakar bat ere lortu. Elkarrekin joanez gero, bi izango zituzten. Hor zegoen koxka. Espero dut sektore horiek hortik ikastea. Gu, noski, saiatu gara umezurtz geratu den sektore horren nahiak, ideiak eta proiektuak gureak egiten, baina biztanleriaren eta botoen %8 ordezkaritzarik gabe dago. Hori da dramatikoena. Aldaketaren aldeko indar guztiak hartuta, botoak irabazi genituen aurreko agintaldiarekin konparatuta. Baina eskuina bateratuta baldin badator –Estatu osoan Nafarroa izan zen toki bakarra non hirurak elkarrekin etorri ziren–, eta gu berriz gero eta sakabanatuago.... Estrategikoki hanka-sartzea izan zen.

Horrek erakusten du Nafarroan, eta Iruñean, adostasunak ezinbestekoak direla aldaketak bultzatzeko.

Nafarroako errealitatea, eta Iruñekoa, oso anitza da. Beste inon baino gehiago. Beste tokietan udala bi indarren artean banatzen dutela entzuten dudanean... Hemen hori ezinezkoa da, Euskal Herri osoan, duela hamarkada dezente. Aberasgarria dela pentsatzen dut. Beti esaten dut, ezkerrak ideologiak ditu eta horrek bereiztera jotzen du, desberdintasunak markatzera. Eskuinak, berriz, ez du ideologiarik, interesak baizik. Eta horrek bateratzen ditu. Hori da gainditu behar duguna. Zerbait argi badago Iruñea progresista dela da.

Orain berriz irakasle izatera itzuli zara, zinegotzi lanak alboratu gabe. Nola eramaten duzu?

Ni beti sentitu naiz irakasle. Politikan behin-behineko garai batez sartu den irakaslea. Alkatetza genuen bitartean ez zen posible, baina ondoren irakaskuntzara zati batez itzuli nahi nuela planteatu nuen. Orduan, jornadaren heren bat hartu dut ikastolan, nire asignatura emateko: Artearen Historia. Oso-oso pozik nago. Disfrutatzen ari naiz. Egia da, noski, lan gehiago suposatzen duela. Hiru herenek jornada oso bat baino gehiago osatzen dute, dudarik gabe. Baina onura pertsonalak oso-oso handiak dira.

Pandemia baten erdian hori guztia antolatzea oraindik zailagoa izango da.

Bai. Gauzak uztartu behar dituzu, balorazio bilerak eta plenoak; tutoretza saioak eta azterketak eta hiriaren egoerari buruzko eztabaida... Baina, bueno, momentuz lortu dut. Egunaren hasiera ematen dut udaletxe barruan eta gero hamabiak edo ordu bata aldera ikastolara noa, goizeko azken klaseak ematen ditut. Ongi uztartzen dut eta benetan oso pozik nago.

Historiagintzan ere murgildutakoa zara. Aurten 1521. urteko Noaingo batailaren bosgarren mendeurrena dugu, nafarrentzat data sinbolikoa. Nola ikusten duzu azken urteotan Nafarroako Erresumaren historiari buruz izan den aldaketa?

Orain prozesu luze batean gaude: bosgarren mendeurrenarena. 2012an hasi zen, lehenengo konkistaren bosgarren mendeurrenarekin, baina gero 1512aren atzetik, 1516ko birkonkista saioa izan zen, 1521ean Noaingo bataila, 1522an Amaiurko gazteluarena... Oso urtemuga inportanteak dira gure historian. Sinkronizatuta egongo balitz bezala, oso modu oportunoan. 2000. urtetik aurrera historialari eskola berri bat sortu da, historiografia berri oso batekin historiografia ofiziala kuestionatzeko. Honek ez zuen konkistaz hitz egiten anexioaz baizik, guretzat oso onuragarria zela esaten zuen eta 18 urteko gerra bat, suntsiketak eta sarraskiak egon zirela ezkutatzen zuen. Historialari belaunaldi berri horrek egia mahaiaren gainean jarri du. Ikus daiteke argi eta garbi ez dela eztabaidarik izan. Sortu dira Tomas Urzainqui, Mikel Sorauren, Aitor Pescador, Alvaro Adot, Mikel Zuza, Peio Monteano... Historialari pilo batek mahai gainean utzi du beste egia bat eta inork ez du gezurtatu. Oso adierazgarria da hori. Eztabaida eskatu dugu, 2012an eztabaidatu nahi genuela esan genuen, baina ez zen eztabaidarik izan. Hor ikusten da historiografia ofiziala gezurtatu dela. Oso data inportanteak ditugu, aurten bertan Noaingo batailaren bosgarren mendeurrena dugu, eta datorren urtean oraindik sinbolikoagoa izan daitekeen Amaiurko gazteluarena. Nafar guztiok hor dugu zita bat gure benetako historiarekin; ez kontatu zigutenarekin, benetakoarekin baizik.

Udalera bueltatuz, zu alkate izendatu ondoren erronka potentea zenuten egiteko: aldaketa eraikitzea. Neurri asko hartu zenuten. Zeintzuk dira zuretzat garrantzitsuenak.

Arloz arlo aztertzen joan beharko genuke. Adibidez, herritarren segurtasunari dagokionez, Udaltzaingoa egoera ia «prebeliko» batean aurkitu genuen. Militarizatua zegoen, sekulako haserrearekin... Hor nolabaiteko bakea ezarri genuen, pazientzia handiarekin eta mundu guztiarekin hitz egiten. Beste eredu batera jo genuen, hurbileko poliziaren eredura.

Interesgarria da. Hain justu, EAEn orain eredu polizialaren inguruko eztabaida piztu da. Iruñeko kasua adierazgarria izan daiteke: Simon Santamariaren eredua gainditu zen, garai zahar batekoa, eta elkarlanean egin zen, agintaldiaren azken partean Geroa Baiko kideek ardura hartu zutela ahaztu gabe. Interesgarria izan daiteke beste hiru herrialdeetatik Iruñera begiratzea kasu honetan.

Baietz uste dut nik. Eta, batez ere, horrek erakusten duena da Udaltzaingoari dagokionean gauzak egiteko beste modu bat badagoela. Normaltasunez. Eta horrek ez dio kentzen poliziari eraginkortasunik. Are gutxiago, alderantziz. Udaltzainak ez dira militarrak. Eta hauek militar bat jarri zuten, militarizatzeko. Gainera, Udaltzaingoari ez dagozkion funtzioak eman zizkieten; ordena publikoa, adibidez. Horrek sekulako tentsionamendura eraman zuen. Guk demostratu genuen ahal dela hori arindu, konbenioa sinatzea lortu genuen. Oso onuragarria izan zen. Badirudi Mayak aitzineko eredura itzuli nahi duela eta tentsioak berriz agertu dira.

Etxebizitza alorrean ere lan dezente egin zen, urteetan Udalak ezer ez egin ondoren.

Ahalegin berezia egin genuen Udalarenak ziren etxebizitzak eraberritzeko eta larrialdi egoeran dauden pertsonentzako jartzeko. 150 etxebizitza eraberritu eta gehien behar zutenei eman genizkien giltzak. Hori inportantea izan zen. Urteetan eta urteetan ez zen ezer egin. Adibidez, San Pedroko udal etxebizitzetan sartu ginenean hondamendia zen: usoak bizirik eta hilik. Desastre hutsa zen. Ba, 150 familia sartu ziren bizitzera. Horretaz oso harro gaude. Merkataritzari dagokionez, lan polita egin zen, orain loratzen ari dena. Ordenantza egin genuen, baita ehun urte bete dituzten denden programa ere. Euskararen inguruan ere lan egin genuen, batez ere haur eskoletan eskaintza eta eskaria egokitzeko. Hor ikusi genuen Erregimenak hori mantra bezalako zerbait bezala hartu zuela. Baina eskaria eta eskaintza parekatu baino ez genuen egin. Matrikulazio kanpaina etorri zenean ongi zegoela ikusi zen. Eta gero, noski, mugikortasunari buelta handia eman genion. Ez bakarrik egin ziren korridoreak (Pio XII.a, Aita Moret) edo Alde Zaharreko ‘amabilizazioa’, baizik eta prestatuta utzi genituenak: Labriteko korridorea, Txantrea Poliki, Sanduzelai, Arrosadia... Arrazoia eman digute ere Labriteko zaldainari dagokionez. Esan zuten 24 orduz ireki ahal zela eta demostratzen ari da ezetz, arrazoia genuela eta horretan ere pasatu dira bi urte eta ez dute konpondu. Sanferminen eta kultura arloan ere gauzak egin ziren. Hiriartea proiektua, adibidez. Aukera polita izan zen Iruñea kultura sortzailearen mapan jartzeko. Maider Belokiren lana alor horretan, eta sanferminetan, sekulakoa izan zen. Eta memoria historikoari buruz, zer esan! Mola eta Sanjurjo hilobietatik atera genituen modu diskretu eta eraginkor batean, arazorik gabe. Balioa hartzen du ikusita gero Espainia mailan zer gertatu zen Francoren desobiratzearekin.

Navarra Sumaren helburu nagusia izan da egindako lan hori guztia ezabatzea, baina badira zenbait elementu beretzat hartu dituztenak eta mantendu dituztenak. Mugikortasunarena adibiderik argiena da. Egin ziren kritika ugari ez zirela legezkoak agerian uzten du horrek.

Enrique Mayak egin zuen lehenengo inaugurazioa Emakumeen Etxearena izan zen. Nahiz eta Emakumeen Etxearen kontra bozkatu zuen eta horren kontrako diskurtsoa mantendu goitik behera, modu demagogikoan gainera. Baina Alkatetza berreskuratu zuenean, lehenengo inaugurazioa izan zen hori. Joan zen eta argazkian atera zen irribarrea galdu gabe. Horretarako balio behar da. Txantreako korridore jasangarria, Sanduzelai, beste adibide batzuk dira. Iruñea sariak jasotzen ari da eta sari horiek jasotzera joango dira Fermin Alonso edo Enrique Maya, baina haiek badakite, eta oso ongi gainera, gure proiektuak direla.

Mugikortasunaren aldetik, merkatariak itotzeko arriskuan zirela bota zuten eta azkenean ikusi da harturiko neurriek hiriari onurak ekarri dizkiotela eta Europako beste tokietan ere ildo horretatik doazela; ez zela etorri berri batzuen beroaldi bat.

Argi dago aurreko agintaldian Iruñeak hartu zuela lehenago beste hiri askok hartu zuten bidea. Berdin zait Donostia, Gasteiz edo Pontevedra aipatzea. Dozenaka hiri daude. Hasiera batean beldurrak eta gorabeherak izan arren, azkenean funtzionatu zuen. Eta inork ez du bueltarik eman horretan. Hori haiek bazekiten eta hiriaren alde, kontsentsuetara iritsi beharrean, saiatu ziren hortik gure aurka jotzen, hiriaren interesen aurka. Gero zer gertatu da? Ba, agintaldi honetan ikusten ari garela ez dutela ezer ukitu. ‘Amabilizazioak’ Alde Zaharreko merkataritza bukatu behar zuen. Hor dago, ukitu gabe. Pio XII.ak sortu behar zuen sekulako kolapsoa trafikoari dagokionez. Ez da ez inolako kolapsorik ez inolako problemarik sortu. Bertako merkatari eta denden itxiera ekarriko zuela esan zuten. Ezer ez, ez dute deus ukitu. Enrique Mayak esan zuen Pio XII.a lotsagarria zela eta goitik behera dena hautsi beharko zutela. Ez du deus aldatu. Ezer ez. Horrek adierazten duena da zer lotura edo atxikimendu gutxi duen Enrique Mayak egiarekin.

Alkate izan zinen agintaldian erabakiak prozesu parte-hartzaile baten ondoren hartzen ziren, auzotarrei entzunda. Orain, berriz, hori desagertu da, Txantrean, Arrotxapeko iparraldean eta Sanduzelain ordainpeko aparkalekuen hedatzearen kasuan ikusi denez.

Bai. Lau urtean hamazazpi prozesu parte-hartzaile antolatu genituen. Beti atzean Enrique Mayak sorturiko zaratarekin. Baina prozesu horiek aurrera atera ziren eta nik esango nuke guztiek ongi funtzionatu zutela. Navarra Sumaren lan egiteko modua, asko jota eta asko eskatuta, informatzera jaistea da. Pasa den astean gertatu zen. Txantreara jaitsi ziren zer egin behar zuten ‘informatzera’. Txantrearako aparkalekuen inguruan zer duten erabakita kontatzera jaisten dira. Ez dute inolako ekarpenik jasotzen, ez dute hitz egiteko inolako aukerarik ematen. Auzoan, normala den bezala, kezkatzen hasiak dira eta antolatzen hasiak dira. Hor daude bi ereduak. Bata, segur aski, agintarientzat deserosoagoa izan daitekeena, jendeari galdetuz, auzoko jendearekin lan eginda. Eta gero hor dugu Navarra Sumaren eredua, inposatzailea: hau da guk egin behar duguna eta etorri gara auzora zuek ‘informatzera’; se acabó.

Zuk duzun talantearen eta Mayak duenaren artean diferentziak daude. Bata zein bestea, hein handi batean, eredu politiko baten isla ere badira.

Dudarik gabe, pertsonak eta talanteak hor daude, baina egiten duzun horretan sinetsi behar duzu. Ni oso konbentzituta nago pertsona arrunta naizela. Irakasle bat. Momentu honetan hor nago lanean, baina oso argi daukat ez naizela politikari profesionala. Lanera itzuliko naiz, itzuli naiz jada, irakaskuntzara. Eta irakasle bezala jubilatuko naiz.

Enrique Maya eta Erregimeneko partiduetako agintariak politikari profesionalak sentitzen direla ikusten da. Gainera, elite baten partaide balira bezala ikusten dute euren burua. Hauteskundeen ostean, ‘vuelven las personas normales al Ayuntamiento’ esan zuen. Okerrena da beraien burua baino ez dutela ikusten normaltzat. Gu ez gara normalak. Jendeak, ordea, aurkakoa ikusten du.