Nerea Goti
IKASGELETARA ITZULTZEA

Ikasturte berriaren hainbat agertokiren aurrean, adituen zenbait gomendio

Ikasgeletara itzultzeko garaia da. Nola jokatu behar da egokitzapen prozesuan? Eta berritasunen aurreko beldur eszenikoarekin? Etxerako lanekin lagundu ala ez? Ordu- tegiekin zorrotz jokatu behar da? UOCeko adituek ikasturteak dakartzan agertoki ezberdinen aurreko zenbait gomendio bildu dituzte, Whatsapp taldeei buruzkoak barne.

Guillaume FAUVEAU
Guillaume FAUVEAU

B i hilabete luze izan dira ‘deskonektatzeko’ bigarren uda arraro honetan, eta ikasturte berria gainean dagoela ohiko kezkak eta desorekak itzultzen dira, osasun egoerak eragiten duen ziurgabetasunari gehituta. Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) adituek hamar gakotan jarri dute fokua ikasgeletara itzultzeko garai honetan.

Lehenengo gakoa egokitzapen prozesuarekin lotuta dago. Maila edo etapa edozein dela ere, egoera estresagarrienetako bat klaseen errutinara eta ordutegi zurrunetara doitzea izaten da. Adituen arabera, egunerokotasun berrira itzuli aurretik komeni da eskolakoen antzeko ordutegiak berreskuratzea eta hasierako egun horiek guztientzat zailak izaten direla onartzea.

Bigarren kezka etxeratzeko ordutegiarekin lotuta dago. Zorrotz jokatu behar da ala malgutasunez joka daiteke? Hori izango litzateke ohiko galderetako bat. Adinaren arabera, erantzuten dute adituek. Zalantzarik ez dute eskolatik itzultzean lagunekin jolasteak duen garrantziaz. UOCeko irakasleen esanetan, DBHko azken etapetatik aurrera ikasleek denbora kudeatzen ikasi behar dute eta jakin behar dute lanak noiz egiten dituzten hoberen eta zenbat denbora behar duten. Hasierako mailetan, aldiz, komeni da une egoki hori topatzen laguntzea, eta autonomia sortzen joatea.

Konfiantzazko ariketa bat

Ordutegi itxi bat inposatu beharrean, «konfiantzazko ariketa bat» egitea planteatzen dute adituek, haurrei argi utzita beren betebeharra dela dituzten zereginak egitea. «Egiten badituzte eta betetzen badute, ez genuke inbaditzaileak izan beharko», ohartarazten dute.

Familia askotan planteatuko den beste zalantzetako bat etxerako lanekin lotuta dago: laguntza eman ala bakarrik egiten utzi? Adituen arabera, beharrezkoa bada laguntza positiboa da beti, baina gurasoek ez dituzte lanak egin behar. Errefortzurako ariketak dira, eta teorian haurrek egiten jakin beharko lukete. Gurasoek unea, egoera eta espazioa erraztu eta azalpen txikiren bat eman beharko lukete. Haurrak bere kasa egiten ez dakiela antzemanez gero, irakasleari jakinarazi beharko litzaioke, egoera baloratu dezan.

Batzuetan ikasturte berriak aldaketa handiak ekartzen ditu: ikastetxe berria, gela eta ikaskide berriak... segurtasunik eza areagotuz. Ikasturte hasierako egoera horien aurrean, haurraren soziabilizazio gaitasunean konfiantza izatea da mezua. Ingurukoentzako gomendioa? Beraientzat hasiera batean izan daitekeen «drama» ez sakontzea.

Lagungarria da haurrei laguntzea beren buruarekiko irudi egokia sortzen, zer ahalmen dituzten eta zer hobetu behar duten edo zer hobetu dezaketen jakinaraziz. Horrez gain, adituen iritziz, azaldu beharko litzaieke bizitzan gustukoak izango ez dituzten kideekin egon beharko dutela, eta «pertsona berriak ezagutzeko aukera» izan daitekeela, «agian pentsatzen dutena baino ekarpen handiagoa egin diezaieketen pertsonak».

Etapa batetik besterako aldaketak eta «zailago» suertatuko den ikasturte baten aurreko beldurrak, bestalde, estutasun handia eragiten dute ikasturte hasieran, batez ere Lehen Hezkuntzatik DBHra egin beharreko jauzi horretan. UOCeko adituek azaltzen dute beharrezko aldaketa horiek txikitatik barneratuta izaten dituztela. «Ziurgabetasuna sortzen duena aurrea ez hartzea da, ez aldaketa bera».

Horregatik, garaiz aurretik hitz egitea gomendatzen dute, haurrak biziko dituen aldaketen eta dituen kezken inguruko elkarrizketari tartea emanez. Hala, trantsizioa beharrezkoa, positiboa eta nahitaezkoa dela azalduko zaio: «Naturala da eta maila bereko gainerako ikaskideek ere partekatua, eta ondoren etorriko direnek eta goragoko mailetakoek ere izango dute».

Horrez gain, lagungarria izan daiteke ziurgabetasun horiek goi mailako etapetan dauden beste ikasleekin partekatzea, «beraientzat hurbilagoak diren testigantzak direlako».

Aurrekoa baino zailagoa

Ikasturte berria aurrekoa baino zailagoa izango da, noski, eta horrek maila ez ematearen beldurra dakar. Barneratu behar da ikasmaila bakoitza aurrekoa baino gogorragoa izaten dela, eta garapen ebolutiboaren prozesu naturalaren barruan ulertu, ikasleak ere gaitasun handiagoak izaten dituelako urteak igaro ahala. Hala ere, irakasleak eta familiak eboluzioari adi egon beharko liratekeela diote adituek, eta etxean estutasuna atzematen badute irakasleari ohartaraztea da gomendioa.

Osasun egoerak, bestalde, ziurgabetasun ugari eragiten du: burbuila taldeak, erdipresentzialtasuna... Adituen arabera, ikasleek ziurgabetasun egoeran gaudela jakin behar dute, baina kontuan hartu behar da egoera berrietara egokitzeko duten gaitasuna. Aurreko ikasturteen esperientziaren ondoren, orain aurreikus dezakete nolakoa izango den, eta aurre hartze horrek, gainera, egokitzapena errazten du.

Nolanahi ere, adina kontuan hartuta, komeni da azaltzea egoera zein den. «Segurtasunik eza, normalean, ezezagunari zaion beldurretik dator». Helduek ere egin beharreko hausnarketa dela diote UOCeko adituek, helduen beldurra haurrengana hel daitekeelako.

Eskolaz kanpoko jarduerak, komenigarriak dira? Adituen esanetan, ideia ona da interesa duten jardueretan eta diziplinetan parte hartzea, baina ez emaitza hobeak ateratzeko.

Gaitasunak eskuratzeko bitartekoak jartzea ikastetxeei dagokie; haurrei ez diegu mesederik egiten goizean landu dutena arratsaldean errepikatzera behartzen baditugu. Gauza bat da aldi baterako errefortzu txikia eta beste bat, oso desberdina, errepaso klaseak instituzionalizatzea. Aholkua da eskolaz kanpoko horiek lanasteko arratsalde guztiak ez betetzea, eta haurrekin adostutako jarduerak izatea, ez inposatuak. Jarduera batean hasi eta haurrak gustuko ez badu, denbora bat ematea da gomendioa, eta hartutako erabakiak mantendu behar direla erakustea.

Irudiak erabiltzeko baimena

Irudiak lagatzearen baimenaren inguruko erabakia ikasturte hasierako beste kontuetako bat izaten da. Adituek gogorarazten dute 14 urtetik aurrera adingabeak berak eman behar duela baimena. Txikiagoek gurasoen baimena behar dute, baina edozein kasutan ohartarazten dute baimena ezin dela txeke zuri bat izan, adingabeen irudiaren erabilera legeak zehazten baitu.

Nabarmentzen dutenez, ikastetxeak ezin du irudien edonolako erabilera egin. Ohartarazten dutenez, Adingabeen Babes Juridikorako Lege Organikoaren arabera, komunikabideetan informazioa zabaltzeak edo adingabeen irudi edo izenak erabiltzeak berekin ekar badezake haien intimitatean, ohorean edo ospean bidegabe sartzea, edo haien interesen aurkakoak badira, Fiskaltzak esku hartuko du, eta kautela eta babes neurriak eskatu ditu, eta eragindako kalteengatik dagozkion kalte-ordainak ere bai.

Azken hausnarketa bat, hain ohikoak eta batzuetan gatazkatsuak izaten diren gurasoen Whatsapp taldeen inguruan. Adituek nabarmentzen dutenez, arazoa ez da tresna, horren erabilera baizik. Gauza bat da gurasoen artean harreman onak izatea eta beste bat gurasoen arteko harremanak agenda paralelo bat bihurtzea haurrek ardurak hartzeko eta egin behar duten ahalegina saihesteko. Txat taldeak bai, beraz, baina ez galdutako arropa bilatzeko, zein orrialdetako ariketa den galdetzeko edo oso egokiak ez diren komentarioak egiteko, eta inolaz ere besteen seme-alabek eskolan egin dutena kritikatzeko, adituek ohartarazten dutenez.