«LAS SOCIAS»

Kolonbian lehenengo bideo joko feminista errebeldea egin eta aurkeztu du Las Andariegas emakume kolektiboak

Las Andariegas kolektibo kolonbiarrak lehenengo bideo joko feminista errebeldea sortu eta aurkeztu du. Sei hilabete luzeko lana izan da gidoia idazteko, pertsonaiak eta musika sortzeko. «Las Socias» du izena. Protagonistak emakumeak dira. Proiektu hau Habanako Bake Akordioen testuinguruan kokatzen da. GAUR8 egileetariko batekin mintzatu da.

gara-2021-10-07-Reportaje

Las Andariegas kolektiboa Habanako Bake Akordioen inplementazioaren testuinguruan sortu zen. «FARC-EP gerrillaren baitan Mujer Fariana izeneko web orrialdearen komunikazio taldean trebatu ginen gutariko asko. Bakea sinatzearekin, prozesu zabalago bat abian ipini genuen eta hortik jaio zen Las Andariegas. Lurraldeetan, gatazka armatua pairatu duten emakumeekin, bake komunitateekin, lan egiten dugu. Heteronormarekiko disidenteak gara. Las Andariegas kolektiboak herritik sortutako eta herriarentzako komunikazio alternatibo bat eskaini nahi du ikuspegi feminista batetik. Gutariko bakoitzak dituen berezko ezagutzak baliatu ditugu», azaldu dio GAUR8ri Erika Vargasek, bideo dei bidez eginiko elkarrizketan.

FARC-EP gerrillan egon zireneko garaian, kamerak erabiltzen ikasi zuten, edizioan eta komunikazioan trebatu egin ziren. «Komunikazio ildo propio bat eraiki nahi dugu, ikasitako guztia eta Habanako Akordioak oinarri hartuta. Eskola ibiltariak ere antolatu ditugu Chocon, Calin, Antioquian, Cucutan eta Metan. «Kolektiboa berez Bogotan jaio zen, baina kide guztiak hiriburukoak ez direnez, lurraldeetara zabaltzen joan gara. Eskualde batetik bestera goaz emakumeon eta dibertsitate guztien ahotsa jasoz. Arrazoi horrengatik, FARC-EPren baitan egin genuen ibilbide historikoagatik eta ibilbide horretan batu zaizkigunengatik, Las Andariegas izena hautatu genuen gure kolektiboa izendatzeko».

Irrati propioa ere badute. Hilabetez zuzenean “Andariegas sin miedo” irratsaioa egin zuten Kolonbian egon ziren protesten berri emateko.

Kolektiboaren logotipoa aho bat da, zabalik eta hitz egiten ari den aho bat. Mingainaren erdian pausoak irudikatzen dituzten lerroak marraztuta ditu.

Feminismo errebeldea

Habanako elkarrizketa prozesuan, gerrillak «feminismo insurgentea» kontzeptua eraiki eta indartu zuen. Vargasek berak dioenez, oraindik ere, bake akordioak sinatu eta bost urtera, «eztabaida politikoa sortzen duen kontzeptu bat da, zeren jende guztia ez dator bat bere esanahiarekin eta erabilerarekin: Borroka alderdikoien gainetik, emakume batzuok gure egiten dugu feminismo errebeldea, zeren gerrillaren baitako gizonen eta emakumeen egunerokotasuna jaso eta azaltzen du. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzen dugu, FARCen barruan emakumeek zein gizonek ardura berberak zituzten: borrokara berdin-berdin gindoazen, berdin-berdin kozinatzen genuen. Horrek ez du esan nahi gure artean matxismorik ez zegoenik, zeren gerrilla herritarrez osatuta zegoen, gizartearen isla diren herritarrez. Guk gizarte hori hezi, trebatu nahi genuen. FARCek beharrak eta gatazkak berak bultzatuta hartu zituen armak, estrategia bat bezala; helburua ez ziren armak, baizik gizartea eraldatzea. Ama lurra eta elkar zaintza gure eguneroko jardunaren erdigunean zeuden; esan dezaket, oihanaren barrenean, FARC-EP gerrillaren baitan, hirietan dugun osasungintza baino hobeagoa genuela. Guretzat feminismo insurgentea gure motxiletan dugun istorio kolektiboa da, gerrillaren baitan ikasi, barneratu eta garatu genituen gaitasunak, hain zuzen ere. Ama lurra feminitatearen eraikuntza bat da eta hori feminismo insurgentearekin uztartu egiten da, bizitza duin baten aldeko borrokarekin», azpimarratu du.

Habanako Akordioak sinatu ondoren, emakume batzuk patriarkatuaren atzaparretan berriro erori direla aitortzen du.

«Ez da erraza Kolonbiakoa bezalako gizarte batera ateratzea. FARC-EP estruktura militar bat zen eta zigor kode bat zegoen. Bortxaketak zigortu egiten ziren, seme-alabak uztea ere bai, eta horrela egoera askorekin. Euste-neurri horiek eraginkorrak ziren. Behin horiek desagertuta, betiko ereduetara itzuli dira asko. Baina esan beharra dago ere, jaso dugun formakuntza politikoak gure alde jokatu duela eta formakuntza politiko horri esker askok eta askok ez dugula prozesu politikoa utzi. Borroka hirukoitza da: prozesuan jarraitzearen aldeko borroka, amak izan baina emakumeak garen heinean dagozkigun eskubideak aldarrikatuz. Sistema kapitalistaren indarra izugarria da, eta nahiz eta gerrillan denbora asko egon, sistemaren dinamikaren atzaparretan erortzeko arriskua duzu. Hori ekiditeko formakuntza gune gehiago ahalbidetu beharko lirateke, emakumeok gure autonomiari eta edozein erabaki hartzeko dugun eskubideari buruz hitz egin dezaten».

Hausnarketa horiek guztiak oinarri eta abiapuntutzat hartuta “Las Socias” bideo joko feminista asmatu eta aurkeztu berri dute hainbat emakume artistak, tartean Erika Vargasek berak.

«Emakumeok kontrola hartzearen aldeko apustu bat da. Zergatik eta zertarako? Normalean, etxean telebistaren agintea gizonezkoek dute. Gizonek ere emakumeek baino lehenago ikasten dute ibilgailuak gidatzen, txanpon makinak jarri zituztenean, gizonak ziren horretan jokatzen zutenak. Orduan zera pentsatu genuen, zergatik ez pantailen kontrola gurea egin. Borroka politikorako espazioa ere bada hori eta emakumeok hala ikus dezagun nahi dugu», aipatu du Vargasek.

Bederatzi mundu

Bideo joko honek bederatzi mundu ditu eta protagonistak emakumeak dira, armarik gabeko emakumeak. «Publikoki aurkeztu aurretik, erakustaldia egin genuen gertukoekin, hainbat talderekin, haien iritzia jasotzeko. Emakume feminista batzuek protagonistek zergatik ez duten armarik eramaten galdetu ziguten. Borrokarako eta biolentoak izateko beste tresna batzuk ditugula erantzun genien. Emakumeak biolentoak izan gaitezke, baina gure modu propioak izan ditzakegu. Esaterako? Guk ura, landareak, sua, erabakitako amatasuna eta uzta botere gisa aldarrikatzen ditugu bideo jokoan. Atal batean, adibidez, meatze eta petrolio erauzketa jorratzen ditugu. Protagonistak ibai bat zeharkatzen duenean lurretik mineralak ateratzeko erabiltzen dituzten makina erraldoi horietako batekin topo egiten du. Pertsonaia andetarra denez, Andeetako dantza pauso tradizionalak ematen dituen bitartean ura jaurtitzen du; urak makina estali eta hondoratu egiten du. Beste pantaila batean, zubi asko ageri dira eta protagonistak bere eskuekin dantzan balego bezala zubiak landare bihurtzen ditu».

Historikoki bideo jokoetan emakumeek duten rola eta irudikapena salatu ditu Vargasek: «Emakume sexualizatuak topatzen ditugu, gizonezko batek bahitu eta beste gizonezko batek salbatu behar ditu. Aipagarria da gizon gazte asko bideo jokoaren kontra azaldu direla; batetik, emakumeok egin dugulako eta bestetik, ez daudelako ados jorratzen dugun ikuspuntuarekin eta mundua salbatzeko dugun ikuskerarekin. Beste gizon batek aurrekontua txikia zela nabaria dela esan zigun. Emakumeei gustatu zaie, nahiz eta batzuei arrotza egin agintea eskutan edukitzea. Askorentzat desafioa da agintea hartu eta jolastea. Emakumeentzat, heteronormarekin disidenteak sentitzen direnentzat pentsatuta dago bideo jokoa, baita haurrentzat ere».

Edonork eskuratu ahal izango du “Las Socias” bideo jokoa. Kolonbiako Museo Nazionalaren barruan kokatuta dagoen “Fragmentos” eremuan ikusgai dago. Doris Salcedo artista kolonbiarrak diseinatu zuen memoriarako eremu hau. «Guretzat bideo jokoa horrelako gune batean egotea pribilegio bat da, politikoki estrategikoa den eremu bat baita, baina bideo jokoa herrikoia izatea nahi dugu eta horregatik auzoetara, eskoletara, unibertsitateetara zabaldu nahi dugu. Datorren urtetik aurrera eskuragarri izango da Android sisteman eta mugikorretan, lehenago prozesu pedagogiko bat egin nahi baitugu. Momentuz, ‘Fragmentos’-en egongo da eta leku desberdinetan egingo ditugun erakustaldietan».

Bideo jokoaren aurkezpena dela-eta, Vargasek hedabideetan azaldu eta hitzaldietan parte hartu behar izan du, horrek segurtasunerako ekar ditzakeen arriskuekin. Azken bost urteotan, 270 gerrillaritik gora hil dituzte.

«Beti kamera atzean egoten saiatzen naiz. Neure burua hezitzaile gisa aurkeztu ohi dut. Ez diot jende guztiari esaten gerrillaria izan naizenik, ez dut horretaz modu irekian hitz egiten. Ez lotsa kontuengatik, baizik segurtasunagatik. «Modu desberdinak bilatu dituzte gure kontra egiteko eta gu hiltzeko: feminizidioak, hilketa zuzenak, erasoak, espioitza… nire telefono mugikorrak, esaterako, beti soinu arraroak egiten ditu. Pasa den astean, jendeak deitu egiten zidan eta deiak ez ziren sartzen. Mugikorra nahiko zaharra zenez, aldatzea pentsatu nuen eta azken belaunaldiko bat erosi nuen, baita kudeatzen ditudan komunikazioetarako eta aplikazioetarako beharrezkoa dudalako ere. Mugikorra berria izanik ere, zarata arraroak entzuten dira, deiak moztu egiten dira edo ez dira sartzen. Segurtasun aldetik oso egoera zaurgarrian gaude; gainera Estatuak gure datu guztiak ditu: gure jatorrizko izen-deiturak, nortasun agiria, non bizi garen. Gerrillan geundenean hori ez zen gertatzen. Nire kasuan, adibidez, erabateko klandestinitatean bizi nintzen».

«Gizarte zibilaren gehiengoarentzat gaizkileak, terroristak izaten jarraitzen dugu. Batzuentzat gerra gure errua soilik izan zen eta gu oihanera edo hirietako milizietara itzultzea desiratzen dute. Askok uste dute Estatuaren diruari esker bizi garela gerrillari izandakoak, luxuzko etxeak ditugula, primeran gaudela eta abar. Diskurtso hori nahiko zabalduta dago. Segun eta non zauden, jarrerak ez dira hain bortitzak. Unibertsitate publikora bazoaz, erasoa ez da hain bortitza, baina unibertsitate pribatuetan kontrako jarrerak oso gogorrak dira. Bideo jokoan parte hartu zuen eta birgizarteratze prozesuan dagoen kide bat Bogotako Sergio Arboleda unibertsitate pribatura joan zen. Handik negarrez atera zen».