GAUR8
KAMIOILARIEN KALBARIOA

Itxaronaldi luzeak jasaten dituzte ikatzaren garraioan ari direnek Txina eta Mongoliaren arteko muga zeharkatzeko

Gurutze bide batean bezala poliki-poliki egiten dute aurrera kamioiliariek Mongoliaren eta Txinaren arteko muga zeharkatzeko. Pandemia dela-eta ezarritako neurriek geldotu egin dute lehen ikatza garraiatzeko ziztu bizian egiten zuten bidea. Eta geldirik dauden bitartean beste kalbario bat pairatzen dute, ez dutelako soldatarik jasotzen.

gara-2021-11-11-Reportaje

Soldata jaso gabe eta amaigabeko itxaronaldiaren aurrean: Txinarekin mugan, bata bestearen atzean ilaran, kamioilari mongoliarrak egonezinean bizi dira euren ikatz kargamentuak entregatzeko zailtasunen aurrean etsita. Covid-aren kontrako neurriek gelditu egin dute haien lana.

Pandemia baino lehen, errepidea ibilgailuz beteta zegoen, ziztu bizian pasatzen ziren Txinan erregai preziatua banatzeko. Txinak ikatzarekiko mendekotasun handia du, eta gaur egun bere hazkuntza ekonomikoa mehatxupean dago elektrizitate mozketak direla-eta.

Baina orain, Tsagaan Khad hiriaren kanpoaldeko kamioi ilarak mantso baino mantsoago egiten du aurrera, Mongoliak eta Txinak hartutako osasun neurri zorrotzak direla-eta.

Ia basamortua den inguru baten erdian, dozenaka atoi lerrokatuta daude ilaran, euren txandaren zain. Beste batzuk geldirik daude alde batean.

«Gure familiek dirua behar dute negurako egurra, gasolina eta arropak erosi behar dituztelako», adierazi zuen kexuka Davaasuren Tsogtsaikhanek, txinatar aldean entrega bakarra egiteko aste asko itxaron behar izan zuen kamioilariak. Txofer guztiak haserre daude, «gastuak ordaintzeko zailtasunak» omen dituztelako, 32 urteko gizon horrek dioenez.

Mongolia eta Txina auzokide dira, eta muga luzea partekatzen dute. Mongolia munduko lehen herrialdeetako bat izan zen, 2020aren hasieran, Txinarekin pasabideak ixten, koronabirusaren hedapena gelditzeko.

Foku bakar batzuk izan ezik, birusa ia desagerrarazita dago Txinan eta orain posible da merkantzien zirkulazioa.

Baina Mongoliak osasun arau zorrotzak ezarri ditu. Beldur da kamioilariren bat Txinan kutsatuko ez ote den eta, horrek Pekin muga ixtera bultzatuko ez ote duen.

Txoferrei lehenengo azterketa Mongoliako aldean egiten diete taldeka. Gero, musukoak eta babes jantziak jarrita, autobusez eramaten dituzte Txinako aldera, bigarren proba egitera.

Behin probak eginda eta muga kamioiarekin igarota, kamioilariek debekatuta dute kabinatik irtetea eta leihoak irekitzea.

Teorian, «biharamunean bertan eman daiteke ikatza Txina osotik, gidari talde osoa negatiboa bada», azaldu zuen hiru seme-alabaren aita den Undrakh Bold 43 urteko kamioilariak.

Baina, errealitatean gauzak ez dira hain errazak.

Abuztu hasieran, mugara iritsi zenean, Ulan Batorrera itzuli behar izan zuen (800 km-ra), eta berrogeialdian hiru aste bete, bere txofer taldean kasu positibo bat antzeman zutelako.

«Sei egun daramatzat (azkenean bueltan) Tsagaan Khaden eta, bakarrik, nire lehen azterketa da», dio.

«Salbatu txoferrak»

Neurri horiek guztiek asko moteltzen dute mugako pasabidea. Arazoa: kargamentua garraiatu aurretik, kamioilariek ez dute inolako soldatarik jasotzen.

Amorruz beterik, joan den astean agertu ziren batzuk Ulan Batorren, Mongoliako hiriburuan. Txaleko horiak jantzita, «salba itzazue txoferrak» eslogan garbia plazaratzen zuten kartelekin ibili ziren. «Pobreziaren ertzean gaude», esan zuen Yalagdashgui Naranpil mongoliar txofer sindikatu bateko arduradunak.

Txinak ikatzaren premia du bere zentral elektrikoak martxan jartzeko.

Are gehiago herrialdean korronte mozketak etengabeak diren honetan. Mozketa horiek lotuta dute, besteak beste, emisio kutsatzaileak gutxitzeko jarritako mugekin, argindarraren prezioekin eta eskasiarekin.

Mongoliak 35 milioi tona ikatz esportatu zituen Txinara iaz. Urtarriletik herena baino gutxiago saldu du, mugako osasun murrizketengatik.

Li Keqiang Txinako lehen ministroak elkarrizketa bat izan zuen mongoliar homologoarekin joan den astean eta biek adostu zuten muga pasatzeko baimendutako kamioien kopurua bikoiztea.

Joan den hilabetean Mongoliak antzeko arazoa izan zuen Errusiarekin duen mugan, Alatanbulageko postuan, hain zuzen.

Moskuk eta Ulan Batorrek itxita zegoen postu hori urriaren 6an ireki zuten kamioiak berriro pasatu ahal izateko.

Gobernu mongoliarrak urtearen hasieran itxi egin zuen muga postu garrantzitsu hori, pandemiaren hedapena galarazteko neurrien artean.

Gobernuaren datuen arabera, Mongolian populazioaren %65,5ek dagoeneko covidaren aurkako txertoa jaso du eta 324.000 pertsonak hirugarren dosia ere jaso dute. Datu horiei esker, mugen itxiera arintzea erabaki zuen, baina oraindik ez da nahikoa Txinako mugan zain dauden kamioilarientzat.

 

IKATZAREN SALMENTAK GOIAN JARRAITU DU

Mongoliako Errepide eta Garraio Ministerioaren arabera, Txinara egindako esportazioen kopuruak goian jarraitu du, pandemiaren aurkako neurriak gorabehera. Neurri horien artean, Erlianeko muga itxi zuten agintariek.

Txina eta Mongoliaren arteko merkataritza fluxua bermatzeko, beste lau muga pasabide erabiltzen dituzte: Bayankhoshuu, Khangi-Mandal, Gashuunsukhait eta Shiveekhuren.

Aurten dagoeneko Mongoliak 6,12 tona burdina eta milioi tona kobrezko kontzentratu baino gehiago esportatu ditu Txinara. Horrez gain, aste batean ikatzez betetako 3.000 kamioi eta 982 tren bagoi garraiatu zituztela adierazi zuen Ministerioak, pandemiaren arazoak merkataritza ez duela gelditu ikusarazteko. Mongoliako Gobernuaren arabera, urrian kamioiz eramandako ikatzaren kopurua %11,2 igo zen eta trenez garraiatua, %77,3.

Mugako pasabideak hobetuz eta ikatzaren kalitatearen galerak saihestuz, Mongoliaren eta Txinaren arteko ikatzaren garraioa urtean 8 eta 10 tona bitarte handituko dela espero dute bi gobernuek.