Miren Azkarate Badiola

Festa paganoak berreskuratzen

Euskal Herriko ohitura zaharrak (batzuk) berreskuratzearen aldekoa naiz eta zehazki jaien testuinguruaz edo ospakizunez ari naiz. Arrazoi ezberdinak ditut honetarako, baina batez ere elizak ospatzen dituen ospakizun asko eta asko ohitura hauek lapurtuta izan direla konturatu naizelako da. Hau da, herriarenak ziren ospakizun paganoak elizak usurpatu eta bereak egin dituela. Adibidez, ni bizi naizen eskualdean, San Markoseko opila oparitzen diete amabitxiek haurrei. Kristautasunak jai pagano hau lapurtu eta eraldatu egin du urteekin, baina jatorria ez du kristaua. Beste adibide bat eta gaurkoan sakondu nahiko nukeena Atsolorrarena da. Oiartzungo herriak azken urteetan berreskuratu nahi izan duen eguna.

Atsolorra, Euskal Herriko jaiotza erritu bat da. Baserri giroan errotutako ohitura zaharra da eta emakumeen auzolana da bere esanahia. Emakume batek haur bat izaten zuenean haurrik gabeko beste emakume batzuek laguntzen zioten guztiz osatu arte eta horretaz gain, erditu ostean auzoko beste andreak gonbidatzen zituzten haurra auzoan aurkezteko asmoz. Gero eliza sartu eta batailoarekin aurkezten ziren gure haurrak zerura eta lurrera.

Udalaren laguntzaz, duela sei urtetik hona, urte horretan jaiotako haur eta gurasoekin antolatzen da Atsolorra eta egun horretan haurra herriari aurkezten zaio, festa giroan goizean egiten den ekitaldian. Urtero egitaraua pixka bat aldatzen bada ere, ez dira falta musika, hamaiketakoa, udalaren partetik festetakoak bezalako zapia eta argazkia.

Duela bost urte etxeko haur zaharrenaren txanda izan zen. Aurten etxeko ttikienari tokatzen zaio. Ongi etorriak denak! •