Xabier Mikel Errekondo

Min ematen dit

Min ematen dit hilerokoak. Min ematen dit argindar zein gasaren faktura ordaindu behar dudan bakoitzean. Merkatua omen, baina min ematen didate errukirik gabe igotzen dituzten prezio itogarriek. Alta, elektrizitatea eta gasa, gizarte ororen aurrerakuntzan oinarrizko energia iturri direnak, agintariek oligopolio gutxi batzuen eskuetan utzi dituzte eta, ondorioz, herrialdeak hauen menpeko bilakatu dira. Baina ba al dago bizitzarik elektrizitate eta gas kutsakorretatik kanpo? Nekez, agintariek energia garbien aldeko burujabetza politika aurrerakoien ordez dirulaguntzen zurikeria-politikak soilik dituztenean bultzatzen. Irribarre maltzurtxoa atera dit azken burutazioak… ez nauela harritzen agintarien joko iruzurtiak, ez kapitalismo basatiaren azpiko izateagatik, beraren parte direlako baizik; ekoizpen eta kontsumo ereduen gobernariak.

Min ematen dit kapitalismo basatiaren izar distiratsuenetakoa den Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek Erdi Aroko jauntxo baten harrokeriaz ahulenak barre algaraka iraintzen dituenean. Garai bereko eskarmentua merezi badu ere, ez naiz gurutziltzatua ikusi arte besoak gurutzatuta geratuko, zeren sinesten dut posible dela energia berriztagarrietan oinarritutako kalitatezko bizitzarik, nahiz gauzak ez diren bere kasa aldatuko eta, iraultzarik izango bada berriro ere txikitik beharko du; txiki guztion artetik.

Ez da besterik, baina menpeko ereduaren aurrean besterik nahi baduzu gaur egun ona da hasteko… zure neurriko iraultza txiki bat. •