Asier Aiestaran
IKUSMIRA

ENYOBENIKO 21 HILDAKOEI AZKEN AGURRA

Asteazkenean lurperatu zituzten ekainaren 25etik 26rako gauean Hegoafrikako East London herriko Enyobeni tabernan hil ziren 21 gazteak. Herrialdeko agintariek diotenez, gertakariaren arrazoiak oraindik ez daude erabat argi. Hasieran jende pilaketaren eta lokaletik irten ezinaren errua izan zela pentsatu zen arren, gerora hainbat lekukok bertako komunikabideei adierazi diete hildako gorpuak ikusi zituztela dantzalekuan bertan erorita edo eserita zeuden mahaietan mugitu gabe. Horregatik, intoxikazio motaren bat izan zela uste du Hegoafrikako poliziak. Ikerketak aurrera jarraitzen duen bitartean, gertakariak alkohola edateko gutxieneko adinaren inguruko eztabaida sutsua piztu du herrialdean. Izan ere, hildako gehienak adin txikikoak ziren, tartean baita 13 urteko gaztetxo bat ere. «Errua Hegoafrikako gazteen amets eta bizitzekin dirua egin nahi dutenena da, legea hautsiz eta haiei alkohola zerbitzatuz», salatu zuen hiletan Cyril Ramaphosa presidenteak, eta legeak gogortuko dituela aurreratu zuen.