Isidro Esnaola

Europar Batasunaren harakiria

Ukrainan gerra hasi zenean Errusiak Italiako BPGa duela zabaldu zen lehen iruzkinetako bat izan zen, Mendebaldearentzat gauza gutxi zela aditzera emanez. Bost hilabete geroago, Europa erregaien bila ari da etsi-etsian, eta negoziazioaren aldeko ahots gutxi batzuk entzuten ari dira.

BPGa, nahiz eta asko erabili, oso adierazle mugatua da. Europako BPGaren zatirik handiena zerbitzuetatik dator, balio katearen gailurrean EBk duen posizio pribilegiatuagatik. Naredok erabiltzen duen adibidea hartuta, notario batek etxe baten jabetza ziurtatzeagatik diru asko kobratzen du, baina eraikuntzan duen papera nulua da. Lurra mugitzen dutenek, adreiluak jartzen dituztenek, apaintzen dituztenek eta abarrek lan handia egiten dute, askoz material gehiago mugitzen dute eta, hala ere, proportzionalki askoz gutxiago irabazten dute. Era berean, Europa, AEBen baimenarekin –munduko polizia baita–, nazioarteko ekonomiaren notario gisa kokatu zen: jabetza ziurtatzen zuen, ihes egiten zuten kapitalei babesa ematen zien, multinazionalei fiskoa saihesteko sare zabal bat eskaintzen zien, higiezin inbertsioak eskaintzen zituen, finantza fluxuen zati handi bat kontrolatzen zuen eta turismo eskaintzarekiko zerbitzu osagarriak eskaintzen zituen. Horregatik zen hain garrantzitsua covidaren aurkako patenteak babestea: nondik biziko dira bestela europar gizajoak?

Bestalde, egitura hori mantentzeko historikoki Europako mendebaldeak behar zituen lehengaiak merke lortzen zituen ekialdean. Izan ere, zereal ukrainarren esportazioarekin dagoen istilua Europako ekialdetik hornikuntza berreskuratzeko mugimendu horren zati bat baino ez da. Era berean, Europar Batasunak Ukrainako sare elektrikoa bere sarearekin konektatu du dagoeneko: han elektrizitate merkea erosi ahal izango dute, Europako gainerako herrialdeetan garesti saltzeko; negozio itzela.

Europako BPGa mantentzen duen sare hori guztia erortzen ari da. Lehenik eta behin, zigorrengatik. Errusiarren jabetzak blokeatzea, erreserbak konfiskatzea, finantza fluxuak etetea, merkataritza debekatzea eta abar ez dira seinale onak orain arte munduko notario izan denarekin fidatzen jarraitzeko. Ziur aski, beren kapitalerako segurtasun bila dabiltzan guztiak, batez ere irabaziak harrapaketaren fruitua direnean, plaza alternatiboen bila hasi dira jadanik. Bigarrenik, Errusiako energiari jarritako zigorrek asko garestituko dute Europako ekoizpena, eta eskaintzen dituen zerbitzuak ere bai. Europak zuen lehiarako abantaila galtzen ari da eta galera hori euroaren balioaren etengabeko jaitsieran islatzen ari da.

Eta bada hirugarren alderdi bat, EBk azken muturreraino ezarri duen merkatu librearen ereduarekin zerikusia duena. Europak, adibidez, bertan behera utzi ditu epe luzeko energia hornidurako kontratuak, prezio finko eta egonkorra eskaintzen dutenak, epe motzeko merkatuagatik. Egoera egonkorra denean, energiaren prezioa asko jaitsi daiteke; baina gauzak zailtzen direnean, orain bezala, epe motzeko merkatua tranpa bihurtzen da, eta Europa bertan harrapatuta dago. Gai eta hornidura jakin batzuk eskaintzaren eta eskariaren mende gera ezin daitezkeela bezain oinarrizkoa den ikasgaia oso modu mingarrian ikasiko dugu europarrok. Galdera da: egungo Europako buruzagiek ikasiko ote dute?. •