GAUR8
EL DORADOKO DRAGOIAK

Urrearen ustiaketak tentsioa areagotu du Kolonbiako ipar-mendebaldean

«Dragoi» esaten diete Kolonbiako ipar mendebaldean ibai hondoetatik urrea ateratzeko erabiltzen dituzten makinei. Golkoko Klanaren oinordekoek loturak dauzkate negozioarekin, gobernuak haren aurka egiten du eta bertako biztanleek bizirik irauteko aukera gisa defendatzen dute. Kolonbiako estatuak historikoki ahaztutako eskualdea da El Bagre.

«Dragoi» deitzen dieten dragetako bat.  Raul ARBOLEDA  AFP
«Dragoi» deitzen dieten dragetako bat. Raul ARBOLEDA AFP

Kolonbiako ipar-mendebaldean, gobernua borroka bizian ari da urrea ateratzeko erabiltzen diren dragen aurka. ‘Dragoi’ esaten diete ibai bazterretan pilatzen diren urrea ateratzeko burdinazko ontziei. Agintarien arabera, ingurumena kutsatzen dute eta antolatutako krimenak finantzaketa lortzeko erabiltzen ditu.

Dragen aurka egiteko militarrak bidaltzen dituzte, eta tokiko komunitateek etsaitzat dauzkate. El Bagre eskualdea, Bajo Caucan, urreduna izan da historikoki eta askok urrearen ustiapen informalari esker bizirik irauten dute bertan. Meatzariek greba orokorra hasi zuten martxoaren hasieran eta haren baitan ekintza bandaliko ugari burutu dituzte, narkoen babesaz, gobernuaren ustez.

«Ez dugu zerikusirik talde kriminalekin. Bertako meatzari xumeak gara, arazorik sortzen ez dutenak», baieztatu du Luis Manuel Campok.

Nork bere «zoria»

32 urte ditu Campok eta draga baten jabea da, beste hiru kiderekin batera. «Ez gara ezkutatzen. Jazarpena gelditzea besterik ez dugu nahi, gure egoera formalizatu nahi dugu, lasai lan egin ahal izateko, estigmarik gabe», azaldu du.

Zaragoza, Caceres... hirien izenek gogora dakarte kolonizatzaile espainiarrek ere urrea ustiatzen zutela XVII. mendean Bajo Caucan, izen bereko ibaiaren eta haren ibaiadarren ibilguari jarraituz. 1990eko hamarkadan paramilitarren bastioi izandako eskualdea Golkoko Klanaren oinordekoen gotorlekua da egun. Herrialdeko kartelik boteretsuena da, eta Gustavo Petro presidenteak bake negoziazioak hautsi berri ditu haiekin eta horrenbeste irabazi ematen dizkien urrearen negozio opakuan duten parte hartzea salatu du.

Izan ere, prezioen eta dolarraren gorakadarekin batera, urrearen beste sukarraldi bat dago Bajo Caucan: egunero, beharra dutenek, pala hartuta, legar artean bilatzen dute bizirik irauteko modua, induskatzeko eta dragatzeko makinen artean.

«Hemen urrea besterik ez dago», azaldu du Campok. «Bizitzeko, besoekin edo daukazun diru apurrarekin konpondu beharra daukazu. Inbertitu, zulatu... Urrea zori kontua da!», laburbildu du. El Bagren «urrea edozein hondartzatan aurki dezakegu».

350 draga inguru daude eskualdean. Motordun flotagailu soilenetatik hasi eta bost metro luzeko dragetara doaz erabiltzen diren gailuak. Ur ilunen azpian xurgagailu hodia gidatzen duten hainbat urpekari aritzen dira bigarren horrekin. Eta, azkenik, dragarik handienak, ‘brasildarrak’ edo ‘dragoiak’ deitzen dituztenak, egungo krisiaren protagonistak, hain zuzen ere. 27 ‘brasildar’ dabiltza Nechi ibaian legez kanpo lanean, sektore informalean diharduten meatzarien ordezkarien arabera.

Mineros Aluvial Kolonbiako multinazionalak baino ez dauka baimena urrea legez ustiatzeko; 50.000 hektareako eremua ustiatzeko baimena duten bakarrak dira.

‘Brasildar’ bat «hiru solairuko ontzia da, 20 metroko luzeera du, motor handiak ditu eta erreken hondoak zurrupatzen ditu», azaldu du Eduardo Arias jeneralak. Brasilgo Amazonian antzekoak erabiltzen dituzte eta horregatik jarri diete ezizena. Dirudienez, 2005ean bi brasildarrek inportatu zuten teknologia.

Lerro hauen gainean, meatzari ez formalak urre bila Nechi ibaian, El Bagren. Raul ARBOLEDA | AFP

Kakalardo erraldoiak

«Armadako helikopteroak egunero dabiltza hemen, beldur gara», dio Alex Cossiok, “Native” ontziaren kapitainak. 2022an eraiki zuten ‘brasildar’ hori, duela hilabete batzuk jarri zuten martxan, eta orain Nechi ibaiaren adar batean geldirik daukate.

Lehen solairuan makina-gela dago; goikoan sedimentuak jasotzen dituzte iragazki erraldoi batean, eta hondoan, hala moduzko logelak eta jangelak dauzkate. Hodi luzeek metalezko kakalardo erraldoi baten itxura ematen diote.

Brikolajean, mekanikan eta birziklatzean zinez trebeak dira makinak eta ia 24 orduz aritzen dira lanean. Tripulazioa gehienez ere 20 pertsonak osatzen dute, eta proportzionalki ordaintzen da.

‘Brasildar’ bat erabiltzeko inbertsioa 500.000 dolar ingurukoa da. «Gaur egungo prezioekin, errentagarria da», azaldu du Cossiok, betiere egunean 80 edo 100 gramo urre baino gehiago bilduz gero. Poliziaren arabera, ‘brasildar’ batek egunean 2 kilo urre aurki ditzake, 50.000 dolar baino gehiago balio dutenak.

«Gasolioa, janaria, logistika... Auzoan erosten dugu dena; asko bizi dira gure jarduerari esker», azpimarratu du Cossio kapitainak. Bere draga «familiaren ondarea» dela dio, eta ez daukala inolako loturarik krimen antolatuarekin.

Gutxienez sei ‘brasildar’ ontziri sua eman diete Nechin. Batzuk zaharberritzen ari dira, hala nola, Nueva Esperanzan. Ur bazterrean dagoen herrixka txiroa da eta martxoaren 10ean bata bestearen aldamenean amarratuta zeuden hiru draga-ontziri eraso egin zien Kolonbiako armadak bertan. «Haiek geldiarazten saiatu ginen, izugarria izan zen», gogoan du oraindik ere Julia Tatisek, herriko jatetxe txiki baten jabeak.

Urrearen ustiaketatik bizi da herritar asko. AFP

«Harrapakin errazak»?

Erasoa pairatu zuten hiru ontziek zutik diraute oraindik ere. Kaltetutako dragak konpontzeko lanetan dihardute mekanikariek, lehenbailehen lanari berriz ere ekin diezaioten. «Militarrak Golkoko klanekoak ginela esanez lehorreratu ziren eta dena erre zuten», dio Juan Manuel Carcamo nagusiak. «Berrantolatu egin gara, zer gertatuko den ez dakigun arren», azaldu du. Konpontze lanetan ari den mekanikarietako batek adierazi du aurrean daukan draga hirugarrenez erre dutela dagoeneko.

«Urrearena abentura bat da baina behar bezala egin daiteke, formalki», langilearen arabera. Sinetsita dago horretaz eta basoberritze lanetan laguntzeko prestutasuna ere agertu du. «Jakina, dragek eragina dute. Baina, Mineros Aluvial enpresak 40 urtez ustiatu dituen lurrak lantzen ari gara, besterik ez», azaldu du Campok. «Kaltea egina dago dagoeneko. Beraz, non dago arazoa?», galdetu dio bere buruari.

Golkoko Klanaren indarrari dagokionez, «ez da sekretua, inondik inora ere, herrialde honetan legez kanpoko taldeek negozio guztietan eskua sartuta daukatela...», aitortu du Cossio kapitainak. Baina, «gezurra da dragak klanarenak direla esatea», azaldu du Francisco Arrieta Francok, abokatu eta adin txikikoen kausaren defendatzaileak, azken horiek «biktima» gisa ikusten baititu. «Zaila eta garestia da draga batekin zuzenean aritzea. Delitugileek interes handiagoa dute eskualde honetan nonahi ematen den estortsioan».

«Estatuak betidanik abandonatu izan dituen lurraldeak dira hauek, eta ondorioz, dragak, beste ezer baino lehen, harrapakin erraza dira Golkoko Klanarentzat», azaldu du Eder Narvaezek. Kazetaria da Narvaez eta irtenbidea sektorea formal bilakatzea dela uste du. Baina estortsioak jarraitu egingo du nola edo hala; aipatutako iturri guztiak bat datoz iragarpen horrekin.

Urrea erosteko erabiltzen dituzten salmahaietako batean, «Gobernuak meatzariak jazartzen jarraitzen badu» indarkeria besterik ekarriko ez duela ohartarazi dute. «Dragak behar ditugu lan egiteko eta jateko. Komunitate osoa mantentzen dute!», bota du langile batek. «Sabela hutsik daukazunean, legez kanpoko gauzak egin behar izaten dituzu...», egin du mehatxu ahapeka dotezale batek.