AFP
JUGOSLAVIAREKIKO NOSTALGIA

Oso gutxi dira, baina gero eta gehiago, beren burua jugoslaviartzat dutenak

Titok Belgraden duen mausoleoaren aurrean, Bigarren Mundu Gerrako uniforme zaharra jantzita duten gizon-emakumeak ilaran daude lasai, ikur komunistez apaindutako jakekin, Jugoslavia ohiaren buruzagi zenari gorazarre egiteko zain.

Titoren jarraitzaile batek Jugoslavia «sozialistaren» ikurra darama bere omenez.
Titoren jarraitzaile batek Jugoslavia «sozialistaren» ikurra darama bere omenez. (ANDREJ ISAKOVIC | AFP)

Duela 43 urte, 1980ko maiatzaren 4an hil zen Josip Broz Tito, oraindik ere bere sentitzen duten Jugoslaviako buruzagia, eta bere heriotza gogoratzera aurten etorri diren bisitari gehienen adina 80 urte ingurukoa da. Baina, haustura etnikoen ondorioz Jugoslaviako Federazioa desegin zenetik hamarkada batzuk igaro badira ere, jende gaztea ere badabil.

Gaur egungo Serbian nazionalismoa oso sutsua da, ia Balkanetako eskualde osoan bezala. Halaber, baina, gero eta gehiago dira jugoslaviar gisa identifikatzen direnak; apirilean argitaratutako azken erroldaren emaitzak ikusi besterik ez dago.

Ivan Cvetkovicek, 23 urte dituen ekonomia ikasleak, jugoslaviartzat du bere burua, «egungo agintarien aurka egiteagatik», baina baita berarentzat Jugoslavia oraindik «errealitate bat» delako ere.

«Jugoslaviarra izatea guztiz naturala da niretzat, ezkontza misto batetik sortua bainaiz», azaldu dio AFPri. «Balkanetan hizkuntza, historia eta pentsamolde bera partekatzen dugu», ziur da.

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista -Serbia, Kroazia, Bosnia, Montenegro, Eslovenia, Mazedonia gehi bi eskualde autonomo (Kosovo eta Vojvodina) barne hartzen zituena- Titoren esanetara borrokatu zuten partisanoek sortu zuten; okupatzaile nazien aurkako guda irabazi ondoren, hain zuzen.

Jugoslaviako Federazioa, Sobietar Batasunaren mende zeuden beste herrialde sozialista batzuekin alderatuta, ekonomikoki eta politikoki aurreratuagoa zen, eta lau hamarkadaz kultura eta historia komun batean oinarritutako identitate partekatu baten ideia landu zuen. Ez zen lehena izan. Izan ere, aurretik, XX. mendearen hasieran, Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma ere izan zen, naziek eskualdea inbaditu arte Karageorgevic dinastia serbiarrak gobernatu zuena.

Jugoslaviako Federazioaren sortzailearen estatua, aurpegi aldean apurtuta. (Andrej ISAKOVIC / AFP)

Baina hasieratik zenbaitek erabat artifizialtzat jo zuten identitate hura. Jugoslaviar askok, batez ere, serbiar, kroaziar edo mazedoniartzat baitzuten beren burua.

Titoren magnetismoaz eta haren zuzendaritza autoritarioaz gabeturik, Federazioak eta bere herrien mosaikoak beste hamarkada batez eutsi zioten, buruzagia hil zenetik. Baina ondoren, Jugoslaviak eztanda egin zuen, 130.000 hildako baino gehiago eragin zituzten gerrateekin.

«Jugonostalgia»

Gaur egun, “jugonostalgikoek” -izen horrekin ezagunak dira gaztaroko garai onaren falta sentitzen dutelako- gogoan dute, nostalgiaz, urte haietako gutxi gorabeherako ongizatearekin eta independentziarekin identifikatzen duten herrialdea. «Jugoslaviarra naiz. Nire herritartasuna galdetzen badidate, mazedoniarra eta jugoslaviarra naizela erantzuten dut. Horrela izango da ni hil arte», esan dio 78 urteko Zivko Mitrevek AFPri. Ipar Mazedoniatik etorri da Titoren hilobira, garai bateko Jugoslavia osotik iritsitako beste erromes batzuk bezala.

Jugoslaviar nortasunaren “berpizkundea” hasi berria da, baina era berean oso erreala da, bereziki Serbian.

Azken erroldaren arabera, Serbiak 500.000 biztanle baino gehiago galdu ditu 2011. urtetik, eta 6,6 milioi baino ez ditu egun. Horietatik, 27.000k jugoslaviar bezala aurkezten dute beren burua. 23.000 ziren duela 12 urte. Askorentzat, Balkanetako nazionalismoen aurkako borroka da.

«Jugoslavismoa erresistentzia modu bat bezala ikusten dut, niretzat naturalagoa den nazionalismoaren aurkakoa. Norbaitek, bere nazionalitatea oinarri hartuta, serbiarra edo kroaziarra dela esan badezake, ni jugoslaviarra izan naiteke nire nazionalitaterik ezan oinarrituta», adierazi du Viktor Ivancic Kroaziako kazetari ezagunak.

Bosniarrak, ijitoak, hungariarrak, asjaliak... Serbian hogei bat gutxiengo etniko daude ofizialki onartuak, eta horrek hauteskunde onurak eta finantzaketa publikoa eskaintzen dizkie beren kultura babestu ahal izateko.

Batzuek, hala nola Dasko Milinovicek, serbiar idazle eta irrati aurkezle ospetsuak, nahi lukete gutxiengo ofizialen erdia baino gehiago diren jugoslaviarrei ere estatus hori onartzea.

Rutenia eta erromaniak

Dasko Milinovicen ustez, herrialdea desagertu izana ez da arazoa. «Ruteniako erresuma aspaldi hil zen, baina ruteniarrak existitzen dira oraindik ere. Valakia ere ez dago aspalditik. Ijitoek, nik dakidala, ez dute inoiz herrialderik izan, baina hala eta guztiz ere, ijitoak dira », adierazi du.

Jugoslaviarrak gutxiengo nazionaltzat onartzeko azken saiakerak 2010ean egin zuen porrot, Serbiako agintariek egitasmoak «hizkuntza, alfabeto eta literatura» arloan gabeziak zituela egotzita

Dasko Milinovicek dio Jugoslaviaren historia ondo finkatuta dagoela, hizkuntza ofiziala zuela, bi alfabeto, eta Ivo Andricen Literaturako Nobel Saria, denek ulertua.

Titoren ohorezko memorialaren sarrera, Belgraden. (Andrej ISAKOVIC/ AFP)

«Nazio guztiak asmatuak dira, kontzeptu politiko bat ordezkatzen dute. Nazioa ez da egoera naturalean existitzen; bestela, hartzek, txoriek eta urtxintxek izango lukete».

Oraingo honetan, Serbiako agintariek ez dirudite hain etsai. «Ideia liberalak dituen herri honetako herritarra naizen aldetik, noski, babesa ematen diot (ekimen honi)», dio Tomislav Zigmanov Serbiako Giza Eskubideen eta Gutxiengoen ministroak.

Komunitateak bete beharreko baldintzak beteko balitu -hau da, erroldaren % 40ren sinadurak lortzea-, jugoslaviarrak gutxiengo ofizial bihurtuko lirateke.

Bitartean, Dasko Milinovicek “jugonostalgia” defendatuko du. Bere ustez, jugoslaviar nortasuna etorkizun hobe baten itxaropenari dagokio, non progresismoa nazionalismoari gailenduko zaion. «Ez gara jugoslaviar ohiak, etorkizuneko jugoslaviarrak baizik. Ez gara Jugoslavia ohiaz ari, etorkizunekoaz baizik», amaitu du.