«Familiak eta komunitateak suntsitzeko eta umiliatzeko estrategia bat bilakatzen da sexu biolentzia»
Senegalera familiarekin egindako bidaia batean laguntza humanitarioaren grina piztu zitzaion Monica Fernandezi. Egun, MSFen lan egiten du erizain gisa. Gatazka eremuetan ohikoa den sexu biolentziaren biktimei arreta eskaintzen die
2023. urtean, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak sexu-biolentzia jasan zuten 62.200dik gora biktima artatu zituen mundu mailan dituen proiektu desberdinetan. 2022ko datuekin alderatuta, 22.300 pertsona gehiago.
Biktima kopuru handiena, %40 inguru (25.000tik gora), Kongoko Errepublika Demokratikoan izan ziren. Ordu oro bi biktima artatu zituen. «Inoiz ikusi ez dugun kopurua da. Datu beldurgarria da», nabarmendu du MSFek.
Iazko urtarril eta maiatza bitartean, biolentzia sexuala sufritu zuten 17.363 pertsona artatu zituzten soilik Ipar Kivu probintzian. Armadaren eta M23 talde armatuaren arteko gatazka dela eta, ehunka mila pertsonek ihes egin behar izan dute beren herrietatik, eta desplazatu-eremuetan bizi dira egoera zaurgarrian. Sexu eraso gehienak esparru horien barnean edo inguruetan gertatu ziren, emakumeak eta neskatoak ura edo egurra biltzera edo lan egitera zihoazenean.
«Talde armatuen presentzia da zifra kezkagarri horien atzean dagoen arrazoi nagusietariko bat, baina erantzun humanitario eskasak eta bizi-baldintza ankerrek ere elikatzen dute fenomenoa. Ur eta janari urritasunak eta diru-sarrerek sortzen dituzten jardueren gabeziak emakumeen nahiz neskatoen zaurgarritasuna areagotzen dute», gaineratu du gobernuz kanpoko erakundeak komunikatuan.
Afrika Erdiko Errepublikan, 2018tik 2022ra, 19.500dik gora pertsona tratatu zituen. «Gatazka luzearen erdian han-hemenka eztanda egin duten liskar desberdinek biolentzia giroa areagotu egin dute. Bortxaketak eta sexu-biolentzia gerra-arma gisa erabili dira. Biolentzia testuinguru honetan, indarkeria komunitateetan errotuta dago. Eta sexu biolentzia tabu bat da oraindik. Biktima gehienek haien erasotzaileak ezagutzen zituzten, gertuko pertsonak ziren. Oraindik orain, oso salaketa gutxi tartekatzen dira eta biktimek etenik gabeko estigmatizazioari aurre egin behar diote», nabarmendu du.
Argitara eman duen txostenean, migrazio-bide nagusietan izaten den sexu indarkeria nabarmendu ere MSFek. Mexikoko ipar-ekialdean, Reynosan eta Matamorosen, esaterako, 2023ko azken hiruhilekoan kontsultak %70 igo ziren.
Mediterraneoan duen Geo Barents erreskate ontziak 2023ko urtarriletik irailera bitarte 3.660 kontsulta egin zituen. 273 pertsonek trauma larriak zituzten, horien artean, sexu indarkeriak eragindako nahi gabeko haurdunaldiak.
Errealitate horiei buruz mintzatu da GAUR8 Monica Fernandez iruindarrarekin. Familiarekin Senegalera egin zuen opor bidaia batean laguntza humanitarioaren bokazioa piztu zitzaion. Erizaintza ikasi zuen. 2016. urtean hasi zen lanean MSFekin erizain gisa. Sierra Leona izan zen bere lehenengo misioa. Ondoren, Afrika Erdiko Errepublikan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Bangladeshen, Kamerunen, Hego Sudanen, Sudanen, Kolonbian edota Palestinan izan da. Duela lau urtetik hona, biolentzia sexualaren biktimen arretan eta prebentzio lanean dihardu buru-belarri.
Gatazka eremuetan gertatzen den biolentzia sexualari buruz hitz egiten denean, zertaz ari gara? Askotan bortxaketarekin soilik identifikatzen baita biolentzia sexuala.
Biolentzia sexuala genero-indarkeriaren barnean kokatzen dugu eta bortxaketaz haratago doa, dudarik gabe. Sexu biolentziari buruz ari garenean, abusuei, ukituei, emakumezkoen salerosketari edota emakume eta nesken mutilazio genitalari buruz ere ari gara. Portzentaje handi batean, emakumeei eragiten die, baina gizonezkoen artean ere antzeman ditugu kasuak.
Zer-nolako egoerak artatzen dituzue MSFko klinika eta osasun zentroetan?
Oraintxe aipatu dizkizudan guztiak. Gehien ikusten ditugun urraketak abusuak eta bortxaketak dira, baina herrialdearen arabera aldatzen da; herrialde bakoitzean bortxaketa modu diferentean ulertzen da. Herrialde batzuetan, adibidez, bortxaketa soilik ezkontzatik kanpo gerta daiteke. Ezkontzaren barruan bortxatzen dituzten emakumeek nekez eskatzen dute laguntza, ezkonduta bazaude eta senarrak bortxatzen bazaitu, ez baita bortxaketa gisa ikusten. Ezkontza barruko bortxaketa normaltzat jotzen da komunitate eta herrialde askotan. Testuinguru oso desberdinetan lan egiten dugunez, denetarik ikusten dugu. Biolentzia gizartearen geruza guztietan gertatzen da. Zoritxarrez, normalizatuta dago, eta horren ondorioz, pertsona gutxiagok eskatzen dute laguntza.
Nolakoa da lana biolentzia sexuala normaltzat jotzen duten komunitateekin?
Komunitateekin lan handia egiten dugu. Gaia tabua da eta biktimek sekretupean mantentzen dute, lotsarengatik eta erru-sentimenduagatik. Horrek zaildu egiten du sexu indarkeria agerian uztea. Gure helburua ez da bertako kultura aldatzea, baizik eta sexu-indarkeriak dakartzan ondorio mediko eta sozialei heltzea. Parametro horretatik lan egiten dugu komunitatearekin. Arrisku medikoak honakoak dira: GIBa hartzea, nahi gabeko haurdunaldiak, sexu-transmisiozko gaixotasunak, lesioak, arazo psikologikoak, hala nola beldurra, larritasuna, umiliazioa, trauma, estigma. Sexu-eraso bat gertatzen denean ikusten ditugun koadro ohikoak dira.
Ondorio fisiko eta psikologikoei buruz hitz egitea oso garrantzitsua da, pedagogia lan horri esker biktima asko laguntza eskatzera ausartzen baitira. Arreta lehenbailehen jasotzeak berebiziko garrantzia du, ondorioak arindu edo ekidin ahal baitira horrela.
Zergatik da hain berebizikoa arreta goiztiarra jasotzea?
Lehenengo 72 orduak erabakigarriak dira, epe horretan ondorio fisiko eta psikologiko asko ekidin edo arindu daitezke. Adibidez, bortxaketaren egun berean edo hurrengo egunean laguntza medikoa eskatzen badu, GIB-a edo sexu-transmisiozko gaixotasunak prebenitzeko laguntza dosi bat jarri diezaiokegu; edo larrialdiko antisorgailu bat eman diezaiokegu haurdunaldia prebenitzeko. Eta pertsona horri lehenbailehen laguntza psikologiko eta soziala ematen hasi gaitezke. Astebete, hilabete edo urtebete pasatzen utziz gero, ezin ditugu sexu-eraso baten ondorio asko prebenitu edo ekidin. Larrialdi medikotzat jotzen badugu ere, beti animatzen dugu sexu-eraso bat jasan duen pertsona oro gure osasun-egituretara etor dadin, nahiz eta erasoa aspaldikoa izan. Pertsona askorentzat, laguntza eta asistentzia jasotzeko modu bakarra da.
Nola prestatzen du norberak bere burua tokian tokian lan egiteko?
Zaila da, zeren inoiz ez dakizu zer topatuko duzun bertan. Garrantzitsuena arlo teknikoan eta profesionalean ondo prestatuta egotea da. Arreta profesionala, kalitatezkoa eta adeitsua izatea bermatu behar duzu. Sexu-indarkeria pairatu duten biktimak artatzen dituzten boluntario, profesional eta pertsona ororentzat oso garrantzitsua da beraien osasun mentala zaintzea; egunero indarkeria-istorioen eraginpean egotea eta bortizkeriaren testigantzak behin eta berriz jasotzea gogorra da. Oso zaila da norberarengan eraginik ez izatea. Ni bezalako atzerriratuok tokian bertan lan egiten dugu aste edo hilabete batzuetan, baina gero hortik ateratzen gara, eta gure ingurua bestelakoa da, baina gurekin lan egiten duten erizainak, medikuak, psikologoak... komunitateko kideak bertan bizi da, komunitatearen parte dira eta biolentziaren ondorio lazgarrien lekuko dira. Zaintzaileak zaindu behar ditugu neke-sindromeak saihesteko.
Zein izan da orain arte egokitu zaizun testuinguru zailena edo gogorrena?
2018. urtean Afrika Erdiko Errepublikan sexu-biolentziaren biktimentzako klinika bat zabaldu genuen. Lehenengo lantaldearen parte izan nintzen. Ateak goizeko zortzietan zabaltzen ziren eta ordurako itxaron gela gainezka egoten zen. Hori ikustea izugarria izan zen niretzat. Adin guztietako pertsonak -neskatoak, nerabeak, emakumeak, mutilak...- egoten ziren gure zain. Batzuentzat lehen aldia zen, beste batzuk jarraipen bisitetara zetozen, baina egunero-egunero itxaron gela beteta egoten zen, eta horrek nolabaiteko etsipena eta mina sorrarazten zigun. Soilik biolentzia sexualaren ondorioak artatzeko klinika zen.
Zabaldu genuenean, pentsatu genuen beldurrarengatik eta estigmarengatik jendea ez zela etorriko, baina nahikoa izan zen irratian iragarki bat jartzea paziente piloa etortzeko. Aste gutxitan gainezka geunden, ez genuen profesional nahikoa hainbesteri arreta emateko. Horrek ondorengo hausnarketa egitera eramaten nau: sexu-biolentzia artatzeko azpiegitura espezifikoak ez ditugun leku horietan, zenbat pertsonarengana ez gara iristen? Zenbat biktima daude ez dutenak arretarik jasotzen haiengana iristea lortzen ez dugulako?
Sexu-indarkeria ez da soilik gerra-arma gisa erabiltzen, komunitateetan eta biktimaren zirkulu gertuetan ere errotuta dago.
Hala da. Tratatzen ditugun kasu asko eta asko gatazka armatuen ondorio dira, baina hori ez da zergati bakarra. Afrika Erdiko Errepublikaren egoera horren adibidea da. Nahiz eta gatazkan dagoen herrialde bat izan, artatzen ditugun eraso askok ez dute gatazka armatuarekin zerikusirik. Biktimen %67k beraien erasotzaileak ezagutzen dituzte. Horrek esan nahi du beren inguru hurbilekoak direla, hots, familiakoak - gurasoak, osaba-izebak, aitona-amonak- edo auzokideak. Horrek agerian uzten du sexu-indarkeria gizartean errotuta eta normalizatuta dagoen praktika bat dela, eta ondorioz, prebentzioa zailagoa da, gatazka amaitu arren, indarkeria mota horrek presente egoten jarraituko duelako.
Behar-beharrezkoa da prebentzioko eta sexu-hezkuntzako programak sustatzea, baina ikusten dugun arazo handienetako bat herrialde horietan dagoen zigorgabetasun-maila handia da. Biktima askok ez dute salaketarik tartekatzen lege-sistemak ez dituelako babesten. Salaketarik jartzen ez badute, ikusezin bihurtzen dira eta sexu-indarkeria normalizatu egiten da. Fenomeno honen kontra borrokatzeko, arreta medikoa ez ezik, erakunde guztien eta gizarte zibilaren konpromisoa eta inplikazioa behar dira. Eremu guztietan batera lan egiten ez badugu, nekez amaituko dugu sexu-biolentziarekin.
Gatazka armatuetan ez ezik, migrazio ibilbide desberdinetan ere gertatzen da.
Biolentzia sexuala mundu mailako migrazio ibilbideetan ere gertatzen da, batez ere Latinoamerikan. Ameriketako Estatu Batuetarantz etorkizun hobe baten bila ihes egiten duten etorkinek elkarrizketaren hasieran aipatu dizkizudan biolentzia mota horiek guztiak pairatu ohi dituzte egoera benetan zaurgarrian daudelako. Batetik, baliabiderik eta babestu ditzaketen sare sozialik ez dutelako, eta bestetik, administratiboki egoera irregularrean daudelako. Mingarria eta krudela da, baina emakume askok migrazio ibilbidea hasi aurretik haurdun ez gelditzeko neurriak hartzen dituzte, jakin badakitelako bidean bortxatuak izateko arriskua oso handia dela. Migratzaileen kalteberatasuna handia da, eta erasotzaileek aukera bat ikusten dute horretan.
Egoera zaurgarri horri inpunitatea gehitzen zaio.
Halaxe da. AEBetarantz doazen migrazio ibilbideetan ez daude bakarrik Ertamerikako migratzaileak, Asia edo Afrika jatorri dutenak ere ikusten ditugu. Maiz migratzaileek ez dituzte herrialdea bera eta bere azpiegiturak edo instituzioak ezagutzen, hortaz, ez dakite nola tartekatu salaketa bat. Eta bertakoak ez direnez, ez dute babesik. Salaketa jartzera ausartzen badira ere, prozesu judizialak denboran izugarri luzatzen dira eta, esan bezala, inpunitatea oso handia da. Igarobidean dauden migranteek ez dute denbora hori, ezta leku horretan geratzeko gaitasunik ere. Beraz, zigorgabetasuna ia erabatekoa da.
Gatazka armatuez eta sexu-indarkeriaz ari garela, azken asteotan Israelgo soldaduen kontrako salaketak ugaritu dira, Gazako Lerroan eta Zisjordanian atxilotutako palestinarrak torturatzeagatik. Aske gelditu diren askok sexu-jazarpena salatu dute, beste tortura batzuen artean.
Atxiloketa guneetan biolentzia maila handia da, hein handi batean, presoek duten babes gabeziagatik. Sexu-biolentzia gerra-arma gisa erabiltzen denean, gizonezko askori ere eragiten dio horrek. Bortxaketez gain, bestelako sexu-indarkeriaren biktimak ere badira; esaterako, haien emazte edo alabaren bortxaketaren lekuko izatera behartzen dituzte, eta hori beste sexu-biolentzia mota bat da. Familiak eta komunitateak suntsitzeko eta umiliatzeko estrategia bat bilakatzen da.
Nola egin dezake aurrera biktima batek?
Erreparazioa faktore askoren araberakoa da -erasoa noiz gertatu zen, bakarra edo errepikakorra izan ote zen, biolentzia mota eta norberaren baliabideak eta inguru hurbila-.
Sexu-eraso bat ez da ahazten, baina berarekin bizitzen ikas daiteke. Sendatzeko prozesuan, biktimak entzutea, ulertzea eta haiei errua ez leporatzea premiazkoa da. Askotan beraiena ez den erru bat eramaten dute soinean, errudun sentitzen dira erasotzailearekin hitz egin izanagatik, leku horretatik pasatzeagatik, etxetik irteteagatik... Argi utzi behar da errua beti erasotzailearena dela. Hala ere, askotan inguruneak berak erruduntzat jotzen du biktima. Biktima erruduntzat jotzen ez duen, entzuten duen eta epaitzen ez duen ingurugiro bat egotea errekuperaziorako gakoetako bat da. Tamalez, askotan biktimaren testigantza zalantzan jartzen da eta horrek kalte handia eragiten dio.
Nola deskribatuko zenuke komunitateekin egiten duzuen elkarlana?
Hasieran, pixka bat kosta egiten da, baina gero, ondo onartzen dute gure ekarpena. Azken batean, sexu-biolentziak mundu guztiari eragiten dio. Biktima norberaren emaztea, seme- alaba edo bizilaguna izan daiteke. Hori ulertu eta barneratzen denean, eskertzen dute eskaintzen zaien laguntza eta biolentzia mota horren ondorioei aurre egiteko zerbitzu medikoak egotea.
Gatazka armatuak dauden testuinguruetan lana zailagoa da; batez ere, erasotzaileek talde armatuekin, Armadarekin edo Estatuarekin loturak dituztenean. Mugarik Gabeko Medikuen ezaugarri nagusia da gatazka armatuen aurrean neutralak garela, ez dugula inolako jarrerarik hartzen. Horrek ez du esan nahi, ordea, giza eskubideen urraketen aurrean ez ikusiarena egiten dugunik. Baina salaketa bat egitean, balantzaren gainean jarri behar dugu alde onak eta txarrak zein diren, laguntza behar duten pertsonak guregana hurbiltzea ez eragozteko, alegia.
Lan egiten dugun lekuetan, sexu-indarkeriaren biktimei arreta emateko lekuak isilpeko espazioak dira. Inoiz ez dugu jarriko klinika baten atean «sexu-indarkeriaren biktimentzako arreta gunea» dioen kartel bat, adibidez. Horrelakorik egingo bagenu, mundu guztiak jakingo luke ate horretatik sartzen diren pertsonek nolabaiteko sexu-biolentzia sufritu dutela. Pertsonak seguru sentitzeko, konfidentzialtasuna funtsezkoa da.
Egunez egun ikusten ari gara nola urratzen den Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa gatazka eta gerra testuinguru desberdinetan. Zertarako balio du orduan?
Dela urte batzuk, nolabaiteko babesa eskaintzen zuen Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak. Honen arabera, azpiegitura medikoei ezin zaie inoiz eraso egin. Gatazka eremuetan lan egiten genuenean, nolabaiteko bermeak genituen azpiegitura medikoen barruan. Orain ez dugu horrelakorik. Gazan eta beste leku batzuetan gure osasun etxeak eta klinikak erasotu dituzte, gure lana nabarmen zailtzen eta oztopatzen dute eta gure burua babesteko neurriak hartzera behartuta gaude. Gurekin lan egiten dutenei babes berme batzuk eman behar dizkiegu. Gaur egun ez dakigu, non, noiz eta nola izan gaitezkeen erasotuak. Tamalez, momentu honetan Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak gutxirako balio du; urratu egiten dutela salatzeko besterik ez du balio. Babes tresna gisa jada ez da eraginkorra.
Zerk motibatu zintuen laguntza humanitarioaren arloan lan egitera?
aldera ona. Esango nizuke batzuetan ez dakidala galdera horri erantzuten. Hamasei bat urte nituenean, gurasoekin Senegalera bidaia bat egiteko aukera izan nuen. Txango horretan hango errealitatearen eta nirearen arteko desberdintasunez jabetu nintzen, eta horrek zerbait piztu zuen nire barrenean. Mundua eta gizarte desberdintasunak hobeto ulertzeko nahia sortu zitzaidan. Erizaintza ikasi nuen eta lanbide honek arlo humanitarioaren barnean lekutxo bat aurkitzen lagundu zidan. Behin honetan lanean hasita, ezin da utzi. Egun, lan egiten dugun testuinguruetan sexu-indarkeriaren dinamikak zeintzuk diren ondo identifikatzeko eta ulertzeko gai naiz. Horretan espezializatu naiz. Jende askok gure laguntza behar du eta, egiten ari garena utziz gero, urte hauetan gureganatu dugun ezagutza eta behar gaituzten pertsona horiek guztiak alboratuko genituzke.