Kazetaria / Periodista
BADATOR TRUMP

Behinolako outsider populista AEBetako eskuinaren buruzagi bakar bihurtu da

Washington prest dago Estatu Batuetako presidente berriari ongietorria egiteko. Joan den azaroaren 5ean Donald Trumpek boto gutxien lortu zituen lekua da, botoen ehuneko sei baino ez, baina Lincolnen Memorialetik Kapitoliora dauden lau kilometroetan (banderak dotore eskegita daude dagoeneko), National Mall ezin dotoreago ageri da, egunotan metatutako elur eta guzti.

Donald Trump Phoenixen, abenduaren 22an, AmericaFest ekitaldian.
Donald Trump Phoenixen, abenduaren 22an, AmericaFest ekitaldian. (Brian CAHN | EUROPA PRESS)

Kontrastea ezin handiagoa da 2017ko eta 2021eko presidenteen kargu-hartzeen aldean. Duela zortzi urte, anti-politikaren adibide populista gisa iritsi zen Trump Washingtonera. Hauteskundeen garailea zen, baina aurkariak baino boto gutxiago lortuta sartu zen Etxe Zurian. Eta legitimazio falta hori lehen egunetik igarri zen: bere inaugurazio-ekitaldian Barack Obamarenean baino jende gehiago egon zela esateak, 2008ko eta 2016ko National Mall-eko irudiak begi bistakoak zirenean, barregarri utzi zuen Trump, gezurti patetiko baten gisan. Etxe Zurian, eta alderdi errepublikanoan bertan, aurreko administrazioko eta sektore kontserbadore tradizionaleko arduradunek outsider gisa zekusaten oraindik presidente berria.

Orduko hartan Ivanka alaba eta Jared Kushner suhia Washingtonera joan ziren bizitzera, eta Etxe Zurian sartuta eman zuten agintaldia. Orain, familiaren presentzia askoz mugatuagoa izango da, Melania Trump ere New Yorken geratuko baita, semea bertan unibertsitatean dagoela-eta. Donald Trumpen izendapen aipagarrienetakoa beharbada Tiffany alabaren aitaginarreba da. Libanoar jatorriko Massad Boulos Ekialde Hurbileko aholkulari izendatu du Trumpek. Boulos izan zuen laguntzaile Michiganen eta musulmanen botoak berebiziko balioa daukan beste barruti batzuetan, joan den azaroko hauteskundeetan.

Gauzak erabat aldatu dira oraingo honetan: Trump jaun eta jabe da AEBetako alderdi errepublikanoan, eta asteleheneko inaugurazio-ekitaldiaren aurretik ere garaipenaren eguna iragarri du iganderako, bere jarraitzaileak Washingtonera ekarri eta ospa dezaten. Duela lau urte Trumpen gezurrak jarraitzen eta, haren hauteskundeetako porrota onartu gabe, emaitzen zertifikazioa geldiarazten saiatu zirenak garaile irtengo dira gehien gorrotatzen duten hiriko kaleetara.

Trumpen garaipenaren beste sinboloetako bat kargua hartu eta berehala espero da: duela lau urte bere esanei jarraituz Kapitolioari eraso zioten eskuin muturreko ekintzaile espetxeratuak berehala aterako dituela hitzeman du Trumpek.

JD Vance presidenteorde hautatuak ñabarduraren bat egin du egunotan, indultuak banan-banan emango dituztela esanez, indarkeria erabiltzeagatik zigortu ote dituzten aztertuta (badira 20 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra dutenak, erasoa prestatu eta indarkeria erabiltzeagatik, hain zuzen ere). Edozelan ere, presidentearen esku dago indultuak ematea, eta argi samar dago indarrez bere aldeko estatu-kolpea ematen saiatu zirenekin tratu goxo eta berehalakoa izango duela Etxe Zuriko bizilagun berriak. Ezin da ahaztu Trump bera ere auzipetuta egon dela 2020ko hauteskundeak manipulatzen saiatzeagatik eta 2021eko urtarrilaren seian Kapitolioaren aurkako erasoa zuzentzeagatik.

Hauteskundeak irabazita, eta aurretik Auzitegi Goreneko epaileek emandako babesari esker, kasuotako instrukzioak ez ziren epaiketaren fasera iritsi, eta kargua hartutakoan erabat desagertuko dira.

Lehen erabakiak

Duela urtebete pasatxo, Donald Trumpek diktadorea izateko borondatea adierazi zuen, «24 orduz, lehen egunean baino ez». Bestela ere, kargua hartu berri duten presidenteek beren marka utzi nahi izaten dute historiarako, agintean dauden lehen uneetan: Joe Bidenek, esaterako, herrialdea berriz ere Parisko Akordiora itzularazi zuen, klima-aldaketaren aurkako borroka agintaldiaren erdigunera ekarriz.

Lau urte lehenago, Trumpek sinatutako lehen erabakia are bizkorrago igarri zen: hainbat herrialde musulmanetako herritarren sarrera debekatu zuen, aireportuetan nahasmena sortuz. Oraingo honetan ere mugen itxiera ohartarazi du, eta inor ez da harrituko urtarrilaren 20an Mexikoko mugari eta hura zeharkatzen duten pertsonei buruzko agindu exekutiboak sinatuz gero.

Mugak edo urtarrilaren 6ko atxilotuak Trumpek bere alderdiko senatariei agindu dizkien lehen ehun neurrien artean daude.

Azken batean, duela zortzi urte ez bezala, aspaldi galdu zen zuzentasun politikoaren maskara. Errepublikanoak indartsu eta garaile sentitzen dira -zer esanik ez, eskuin mutur supremazista-, eta beren agenda aurrera eramateko inoiz baino zilegitasun handiagoa dutela uste dute.

Egia da Trumpek beste edozein hautagai errepublikanok baino boto gehiago lortu zituela azaroan, baina ezin da ahaztu Joe Bidenek 2020an baino bost milioi boto gutxiago izan zirela, hala ere.

Trump, Frantziako presidente Emmanuel Macronekin eta Ukrainako Volodymyr Zelenskyrekin, abenduaren 7an, Parisen. (EUROPA PRESS)

Ezer nabarmendu bada kanpaina errepublikanoan, immigrazioaren aurkako mezu xenofoboak izan dira. Denen gainetik, deportazio masiboak eskatzen zituzten leloak nagusitu dira errepublikanoen ekitaldian. Ez hauteskunde-kanpainan bakarrik, gero ere, bozak igaro osteko bi hilabeteotan, konpromiso horri eutsi dio, eta migratzaileen aurka erruki txikiena eta jokabide gogorrena adierazi dutenak izendatu ditu Trumpek: Tom Homan mugako polizia ohia «mugako tsar» izendatu du, eta Stephen Miller Etxe Zuriko politiken zuzendariorde. Biek ere harro aldarrikatzen dute migratzaileen haurrak gurasoengandik bereiztearen politika ezarri izana.

Eurekin batera, Kristi Noem Hego Dakotako gobernadorea Segurtasun Nazionaleko idazkari izendatu du. Noemek Texasera bere estatuko Guardia Nazionala bidaltzea proposatu zuen, eta bertako herri indigenek betoa ezarri zioten, beren lurraldeetan migrazioa, narkotrafikoa eta natibo estatubatuarrak lotzen zituzten adierazpen xenofoboengatik.

Era berean, jaiotzako herritartasuna kenduko duela jakinarazi du Donald Trumpek. Hau da, legez kanpo iritsi arren, seme-alabak bertan izan dituzten familien kasuan, beste edozein estatubatuarren gisako herritarrak dira haur horiek. Agindu bakarrarekin eskubide hori kenduko dutela esatea ahoberokeria da: Konstituzioaren 14. emendakinean jasota dago AEBetako lurretan jaiotako pertsona oro bertako herritarra dela. Hori aldatzeak sekulako ahalegin legegilea behar du atzetik, eta ezin da inola ere Etxe Zuriaren kolpe bakarrez arautu.

Zergatik tematu eskubide horrekin? Familiak ez bereizteko oztopoetako bat, hain zuzen ere, hori da: haurrak jada estatubatuarrak direla.

Gurasoak kanporatu eta haurrak bertan utzi ala denak kanporatu hautatu beharko dutela iragarri du Tom Homanek, baina ondo daki proposatzeak bakarrik berebiziko auzibidea ekarriko duela eskubide zibilen elkarteekin.

Gutxiengoen aurka

Bi hilabeteotan Washingtonen ikusi denez, Trumpek troll nortasunari eutsiko dio, egiaz zein badaezpada izanda ere ahozko lehergailuen gisan eztandaraziz, besteak beste, Kongresuari neurria hartzeko globo-zunda gisa. Jomugan, migratzaileak ez eze, baztertutako edozein gutxiengo hartu du Trumpek: trans kolektiboa bereziki. Armadan sartzea debekatuko diela iragarri du, eta kiroletan eta eskoletan ere haien aurkako neurriak hartuko direla aurreratu du. Era berean, FDA Botika eta Elikadura Agentziari hormonen tratamendua berraztertzeko aginduko dio.

«Trump Administrazioan, AEBetako gobernuaren politika ofiziala izango da bi genero baino ez daudela: gizona eta emakumea», esan du.

Gutxiengoen aurkako gurutzada horretan, arrazaren teoria kritikoa (CRT ingelesez) irakasten duten ikastetxeen laguntza federala ezabatuko duela esan du.

Arrazismoak berebiziko garrantzia daukan herrialdean, bazterketaren oinarriak eta adierazpenak azaltzea ere lehen eguneko debekuen zerrendan dauka.

Laguntza federaletarako orain artean zegoen DEI baldintza ere (Dibertsitatea, Berdintasuna eta Inklusioa) bertan behera geratuko da. Trumpen kanpainaren arabera, berdintasun eskaera hori «gobernu federala bereganatzeko ahalegin marxista» bat da, eta «bidegabeki baztertu» dituztenentzat (gizon zuriak, laburbilduta) lehengoratzeko ekimena iragartzen du.

Oztopoak

Handikiro iragarri dituzten neurriak lehen egunean bertan sinatzen saiatuta ere, Trumpek ere badaki zailtasunak izango dituela horietako askorekin. Duela zortzi urteko eskarmentua dauka, eta hauteskundeetatik gaur arteko hilabeteetan trantsizioa orduan baino hobeto prestatzen saiatu dira errepublikanoak, zalantzarik gabe. Horrez gain, Kongresuan gehiengoa daukate, Senatuan batez ere: 53-47 dira errepublikanoak nagusi, orain arte ez bezala. Ordezkarien Ganberaren kasuan, 2023tik izan duten gehiengo txikia are gehiago murriztu zaie, eta, Mike Johnson speaker-ak karguari eustea lortu duen arren, ia erabateko diziplina behar dute errepublikanoen proposamenak aurrera ateratzeko. Orain arteko esperientziari begira, diziplina gutxieneko lekua izan da errepublikanoentzat Behe Ganbera. Ikusi beharko da, agintea izanda, orain arteko irudia hobetzen duten, besteak beste, Trumpen Etxe Zuriaren aginduak betetzeko.

Edozelan ere, irakaskuntzan, gutxiengoen aurkako neurrietan zein migrazioaren aurkako politikan hiri eta estatu progresistak izango dituzte aurrez aurre, Kalifornia kasu. Lehia politiko hori noraino eramateko gai diren laster ikusiko dugu, baina zalantzarik gabe berehala lehertuko den zerbait da. Migratzaileen aurkako razziak egiteko, esaterako, lekuan lekuko polizia-indarrak erabili behar dira, eta horien ardura duten gobernu demokratek ezetz esan diete lehen ere.

Las Vegasen Trumpek duen hotelaren eraikina. (Christopher TRIM / EUROPA PRESS)

Trump indartsu sentitzen da, Guardia Nazionalaren aukera dauka, eta badaki jarrera gogorra agindu diela jarraitzaileei. Milaka etorkin familia beldurrez daude, baina itxaropentsu, era berean, bere hitza betetzea ia ezinezkoa dela jakitun. «Inoizko deportazio handiena» iragarri du Trumpek.

Kanpainan zehar, AEBetan paperik gabeko 20 edo 30 milioi lagun zeudela eta denak kanporatuko zituela agindu zuen Trumpek. Mugaldean atxilotze-guneak eraikiko ditu ziur aski (horretarako segurtasun eta eraikuntzarako enpresek badakite zer-nolako pagotxa datorkien), baina milioi bat lagun kanporatzeak ere sekulako aurrekontua eskatzen du (eta Obamaren garaiko kopuruetara hurbiltzea baino ez litzateke hori). Horregatik, azken egunetan ñabardurak agertu dira, lehendabizi delituak dituztenengana eta epaitegietako kanporatze-aginduekin daudenengana joko dutela iragarriz. Ezin ahaztu, azken batean, ia langabeziarik gabeko herrialde bateko agintea jasoko duela Trumpek, eta, paperekin zein paperik gabe, herrialdea aurrera ateratzeko beharrezkoak diren milioika lanpostu betetzen dituztela etorkinek. AEBetako hiri askotan nekez entzuten da ingelesik eraikuntza-lanetan edo garbitzaileen artean.

Joe Bidenek pandemia bete-betean kolpatutako herrialde bat hartu zuen. Ekonomia geldirik zegoen eta milioi bat lagun baino gehiago hil ziren. Inbertsio publikoak, Gobernutik estimulazio fiskala eta laguntzak oinarri hartuta, hasierako inflazioaren ostean oso ekonomia indartsua utzi dio Trumpi. Neurri handi batean, inflazioa murrizteko legean energia berriztagarrien aldeko inbertsioak jaso zituzten.

Trumpek Bidenek egindakoa desegiteko asmoa adierazi du, eta ziurtzat jo liteke klima-aldaketaren aurkako itunetatik aterako duela herrialdea.

Era berean, petrolioaren lobbyetatik datozen pertsonei postu garrantzitsuak eman dizkie bere administrazioan. «Zulatu, baby, zulatu» izan da bere lelo garrantzitsuenetako bat, eremu federalak eta parke nazionaletan babestutako lurrak murrizteko asmoa dauka, eta ustiaketarako neurriak bigunduko ditu. Baina Bidenen administrazioak irekitako bidea ezingo du berehalakoan desegin. Besteak beste, auto-elektrikoa, trenbide-sarea eta beste hainbat inbertsio estatu errepublikanoetan daudelako, eta milaka boto-emaile errepublikano daudelako fabrika horietan lanean.

Mundura begira

Trumpen politiketako bat, ohiko belatz errepublikanoetatik urruntzen zuena, bere proposamen isolazionista da. Globalizazioaren aurrean, multinazionalek fabrikak Estatu Batuetan izatea du helburu, baita horretarako muga-zergak ezarri behar badizkie ere aurkari komertzialei.

Horrekin batera, orain arteko abentura inperialistak murriztea, NATOrekiko uzkurtasuna eta Europako herrialdeei haien defentsa-aurrekontuak igotzea proposatzen du. Doinu atsegina izan da langile askorentzat, baita ezkerreko sektore batzuentzat ere, Trumpekin beti mesfidati egon arren.

Ohiko adierazpen fanfarroietan, Ukrainako zein Gazako gerrak lehen egunean bertan amaitzeko agindu izan du. Zalantzarik gabe, bere etorrera hutsak hainbat mugimendu bizkortzea dakar: Siriako gertaerak ulertzeko faktore asko daude Israeletik Turkiaraino, baina AEBetako trantsizio unea ere ekuazioan sartu beharreko elementuetako bat da.

Trump eta bere emaztea, Melania Trump, urtarrilaren 8an, Kapitolioan, Jimmy Carterren hiletetan. (EUROPA PRESS)

Argi dagoena da Europa krisi sakonean dagoen unean datorrela Trump. Eta ezin da ahaztu bere taldean bildu dituenen artean munduko gizon aberatsena eta eragin handienetakoa duena dagoela.

Trumpek berak zuzenean mehatxu edo presio egin gabe dardaran jar dezake munduko edozein buruzagi.

Elon Muskek AfD eskuin muturreko alderdiaren aldeko apustua egin du otsailean Alemanian egin beharreko hauteskundeetarako, eta Erresuma Batuko gobernu laborista hondoratzen saiatzen ari da (Nigel Farage ultra hauspotzen duen bitartean). Macron ere gainbehera dagoen sasoiotan, Trumpek berehala usaindu du Europaren ahuldadea.

Testuinguru horretan, ustezko buruzagi isolazionistak ezin izan die bere oinarrizko bullying instintu inperialistei eutsi. Panamaren aurka jo du, beste horrenbeste lehen ministrorik gabe geratu berri den Kanadaren aurka, eta gozatua hartzen ari da teorian NATOko aliatu duen Danimarkarekin troll jardunean Groenlandian. Baina jokoa arriskutsua da. Izan ere, atzerriko gerrekin aski izan dutela esan izan duen presidenteak armadaren eta okupazioaren mehatxua egin die gertuko herrialdeei.

Etxean bakartutako liderra ala munduan ezker-eskuin muturrekoak banatzen ari den bullya? “Madman teoria” aipatu dute batek baino gehiagok, gizon zoroaren teoria, alegia. Oinarrian Machiavelli daukan Richard Nixon presidente errepublikanoaren 70eko hamarkadako politikatik hartzen du izena. Garai hartan bloke sobietarreko estatuei begira, egun Europa, Kanada edo beste edozein litzateke, lider irrazional eta aldakor baten itxura hartzen du buruzagiak, iragartzerik ere ez dagoen edozein neurri hartzeko gai den presidente bat da. Horrek, teoriari jarraiki, aurkariengan beldurra sortuko luke, tentuz ibili beharra, Washingtongo liderra edozertarako gai dela jakitun. Laburbilduta, Kanada, Groenlandia eta Panama 48 orduren buruan aipatzeak helburu hori luke, gainerako buruzagiak bere eskaeretara egokitzeko edo, gutxienean, balizko negoziazio baten indarrez hasteko.

Ezin da ukatu Donald Trumpen lehentasunak non egongo diren asmatzea eta horretarako zein baliabide erabili asmo dituen iragartzea ez dela erraza. Lehen agintaldian, instituzioak eta haien mugak ezagutzen zituen jendea zuen inguruan. Oraingo honetan, liderra txalotzen dutenak hautatu ditu Trumpek, ezetz esaten ausartuko ez zaizkionak. Lehen egunetan, globo-zundak jaurti ditu, etxean eta atzerrian aurkituko duenaren neurria hartzen saiatu da, eta hala jarraituko du ziurrenik.

Lehen uneak, berebizikoak

Baina Trumpek badaki bere agenda aurrera ateratzeko berebizikoak izango direla lehen uneak. Lau urteko agintaldia izanda ere, bi urteko zikloa dauka funtsean, berriz ere agintaldi erdiko hauteskundeak iritsi aurretik (kongresuko gehiengoa galtzea ekar diezaioke horrek, besteak beste). Horregatik, indartsu eta irmo sartuko da Etxe Zurian, ahalik bizkorren ahalik gehien lortzeko asmoz. Ekialde Hurbilean, Europan zein «atzerri hurbilean», Ameriketako kontinentean. Baina ahaztu gabe, gaur egun, borroka nagusia Pazifikoan dagoela, eta aurreko gatazkak ixteko beharra, besteak beste, Txinarekiko lehiari bete-betean heltzeko beharra ere badela. Gatazka horretan bular-kolpeak eta mehatxuak ez dira hain eraginkorrak, eta isolazionismoak eta muga-zergek etxean ere eragin kaltegarria izan dezakete. Ahaztu gabe, Beijingen aurkako errepublikano antikomunista ohikoen eta Txinan berebiziko interesak dituen Elon Musken agendak oso desberdinak direla, denek ere Donald Trump buruzagi izan arren.