«Zahartzaroan non eta norekin bizi nahi duzun erabaki ezean, zure izenean erabakiko dute»
Soziologian doktorea da eta elkar zaintzarako behar ditugun ekosistemak (etxebizitzak, herri ereduak, harremanak…) landu izan ditu. Bereziki zahartzaroan zentratuta, elkarrekintza bultzatzen duten arkitekturen alde egiten du.

Azken asteetan etxebizitza larrialdia usu aipatzen da. Gazteen emantzipaziorako ezina salatzen da eta etxebizitza eskubidea bermatzeko hainbat neurri aldarrikatzen dira. Baina nolako etxebizitzak nahi eta behar ditugu? Norekin partekatzeko? Eta nola? Etxe osoa, espazio jakin batzuk... Eta ze fasetan? Izan ere, bizi osoan zehar nahi eta beharrak ez dira berdinak izaten.
«Jendarte zaharkitu» baterantz goazela kontuan izanik, Irati Mogollon (Lezo, 1991) soziologoa horren neurriko etxebizitza eta herri ereduak pentsatzen saiatu izan da. Horretarako, Ana Fernandezekin batera, “Arquitecturas del cuidado. Hacia un envejecimiento activista” (“Zaintzaren arkitekturak. Zahartze aktibista baterantz”) liburua idatzi zuen, eta horri lotutako hamarnaka tailer dinamizatu ditu.
Koka dezagun Euskal Herria hemendik 10 urtera. Zein izango da egoera sozio-demografikoa?
2035ean izango dugun eszenatokian, Europa ia osoan masiboki jendarte zaharkituetan sartuko gara. Gaur egun jada zaharrak gazteak baino gehiago dira, eta hori bikoiztu edo, are, laukoiztu egingo da. Orduan, paradigma aldaketa integral baten aurrean gaude, bai bizi ereduari dagokionean, bai belaunaldi arteko elkartasunari dagokionean, eta baita ogasunak dituen planteamendu publiko-pribatuei dagokionean ere. Hori guztia aldatuko da eta guk erabaki beharko dugu eztabaidan erreaktiboak edo proaktiboak izango garen.
Paradigma aipatuta, zein da gaur egungoa? Zehatzago esanda, zer oinarriren gainean eraiki da etxebizitza eredua?
Bi edo hiru seme-alaba dituzten familia nuklearrei begira planteatu da. Eta Estatu espainolaren eta Europa hegoaldeko herrialdeen kasuan, arazoa da etxebizitza dela azkenean daukazun aktibo bakarra. Zure segurua da. Orduan, etxeak ez du eboluzionatzen garai aldaketari dagokionean.
Horrek zer esan nahi du? 65 urte baino gehiago dituzten belaunaldiek etxeak azpi-erabilera batean oinarrituta dituztela. Hau da, hiru gela dituzte, baina horietatik bi itxita daude, bata eskoba gordetzeko eta arropa eskegitzeko tokia baita, eta bestea lagun bat etortzen denerako. Orduan, azkenean, bizitza 40 metro karraturen bueltan egiten dute, nahiz eta 80, 90 edo 100 metro karratuko etxeak izan.
Eta gero, gazteei begira, oso unitate handiei begirako etxeak dira. Baina familia-eredua aldatu denez, etxeak handiegiak dira eta milioi erdi balio dute 70-80 metro karratuko etxeek. Beraz, ikusten duguna da etxebizitzek 70eko hamarkadako jendarte ereduei begira jarraitzen dutela. Nik ez dut ulertzen zergatik jarraitzen duten 80 metro karratuko babes ofizialeko etxeak egiten, 42 metro karratuko bi egin beharrean, ze balkoitxo batekin eta 42 metro karraturekin ederki bizi zaitezke. “Ai, baina norbait datorrenean etxera ezingo da gelditu”, esaten da. Baina urtean zenbat aldiz izango dituzu bisitak etxean? “Ez, ze nik ikasteko toki bat nahi dut etxean…”. Ba liburutegiak zoragarriak dira.
Bestalde, publikoaren eta pribatuaren artean bereizketa erraldoi bat dago. Horrek zer suposatzen du? Elkarrekiko laguntza behar dugunean, gehienetan familietara jotzen dugula, nahiz eta oso disfuntzionalak izan. Igual lagun bati egun batean eskatu diezaiokegu “aizu, begira, sukarrarekin nago, ekarri medikamentuak”, baina hilabete eta erdi egon behar baldin bagara horrela, segur aski karga moduan ulertuko dugu.
Etxebizitzari dagokionean, esanguratsua da Euskal Herrian zer-nolako indar sinbolikoa duen: “Nire aitaren edo amaren etxea”. Tartean, baita identitate indibidualak eraikitzerakoan ere.
Bai, nahiz eta oso sozialak izan eta guretzako elkarteak oso garrantzitsuak izan, etxeak norbere intimitaterako eta lasaitasunerako tokia dira. Adibidez, jendeak egoitzetara joateko daukan trauma handienetako bat bere espazio propioaren eta autonomiaren galera da. Ez da horrenbeste egoitzara joateagatik, bidean nire nitasuna eta identitatea galduko ditudalako da.
Egoitzak. Pandemiaz geroztik, bereziki, askotan izaten dira hizpide.
Kristoren aurreiritziak daude erresidentzia eta eguneko zentroekiko. Askotan esaten da “pertsonen aparkaleku bat da”. Bai, bai, baina etxean egotea telebistaren aurrean jarrita, bakardadean, eta askotan telefonoz deitzen ere jakin gabe… hori ere ez da aterabidea. Orduan, eguneko zentroek ikaragarrizko funtzio soziala betetzen dute, eta egoitzek ere bai.
Pentsatu behar duguna da, zahartzen goazen heinean, gure metro karratuetako harremana gutxitu egiten dela. Aurretik zuk zeneukan mugitzeko askatasuna poliki-poliki gutxitu egiten da, ze zuk bi minututan egiten zenuena, ibiltzeko garaian zailtasunak dituzunean, igual goiz oso bateko kontua bihurtzen da. Orduan, dimentsioen aldaketa hori kontuan izanda, zure interakzio sozialak metro karratu gutxitan kokatzen dira.
Zentzu horretan, harremanek ikaragarrizko pisua daukate zahartzaroan. 24 ordu ditugu betetzeko, ordu asko dira. Zuk izan dezakezu barne-mundurik handiena, baina ezin duzu egun guztian liburuak irakurtzen edo Netflix ikusten egon. Interakzio sozialak oso beharrezkoak dira, eta estimulu psikologikoak are eta gehiago.
Zergatik esaten dut hori? Askok esaten dutelako: “Ez, onena da etxean egotea”. Baina etxean egotea, batzuetan, kartzela bat da. Nik ikusten ditut asko etxean, egunean zehar mugitzen ez direnak, edota pasilloetan edo balkoian alde batetik bestera ibiltzen direnak, eta ez besterik. Gainera, poliki-poliki sentsorialitateak galdu egiten dituzu, eta hasten zara gaizki usaintzen, ez dutxatzen, ez jaten, gorputza zimeldu egiten da… orduan, zer egin behar dugu? Interakzioak behar ditugu, estimuluekin jarraitu ahal izateko. Hori bizitza guztian zehar behar dugu, baina zahartzaroan orduan eta gehiago.
Horri lotuta, zuk kopresentziaren garrantzia nabarmentzen duzu.
Guk ikusi genuena izan zen badagoela zaintza eredu bat oso isila dena, eta kopresentzia edo zurrumurru soziala deitzen diogu. Adibidez, askotan etxean bakarrik zaudenean telebista edo irratia jartzen duzu. Horren atzean azkenean zer dago? Gu biologikoki sozializazioa bilatzeko eginda gaudela. Horregatik jaisten gara askotan kafetegira irakurtzera edo kafetxo bat hartzera, nahiz eta ez garen inorekin geratu.
Zer gertatzen da? Geroz eta espazio pribatuagoak eraikitzen ari garela. Etxe askok ikaragarrizko harresiak dituzte. Eta tokiak ere… ez zaizue inoiz gertatu kale batetik pasatu eta eta “uf, ez dago ezer zabalik, zoaz pixka bat azkarrago, beldurra ematen du eta” esatea?
Espazioak geroz eta pribatuago, gizakiak geroz eta bakartuago.
Ez bagara itzultzen elkarri begiratzen dion herri eta hiri horietara, eta ez baldin bagara geroz eta espazio goxoagoak eraikitzeko logika batzuetan sartzen, bakardade sentsazio hori geroz eta gehiago garatuko den zerbait izango da. Eta gainera, teknologia berrien sarrera dago. Nik oraintxe bertan sarearekiko adikzio maila handia duen jende asko ezagutzen dut. Esaten dute: “Niri ez kendu Interneta, nire bizitza galduko nukeelako”.
Batzuetan egon daiteke “gainezkatutako bakardadea” ere. Izan ere, bakardadeak zerikusi handiagoa dauka kopresentzia edo interakzio horiekin, egunean zehar egoten zaren jendearekin baino. Zu egon zaitezke egun osoan bilobak, senarra edota seme-alabak inguruan dituzula, eta oso bakarrik sentitu. Zergatik? Interakzio sozialerako geroz eta espazio gutxiago ditugulako, eta familia edo sendagileak ez direlako zure lagun-taldea. Zure familiako senide askori ez diezu kontatuko zure intimotasuna, batzuetan ezezagun bati gehiago kontatuko diozu.
Kopresentzia beste zerbait da, eta “beste zerbait” hori zaindu eta mantendu egin behar da: zure izena gogoratzea erosketa egingo duzunean... Hori da elkar ikustea eta aitortzea. Eta hori oso azkar galtzen ari gara. Isolamendu totalera goaz; eta are gehiago, “errealitate birtualeko betaurrekoak” eta hori guztia hamar urte barru hemen egongo da. Bere garaian esaten genuen, “begira jende hori, mugikorrarekin itsu-itsuan ibiltzen dena”, eta orain denok gabiltza hala.
Orduan, geroz eta nabarmenago, garrantzitsua da interakzio sozial hori bilatzen duten espazioak sortzea. “Elkarrekintzarako urbanismoa” deitzen zaio.
Hala egiteko asmoz, zuk etxebizitza kolaboratiboak aztertu izan dituzu. Zer dira?
Etxebizitza kolaboratiboek apustu bat egiten dute, eta honakoa da oinarria: ez ditugu horrenbeste metro karratu behar zoriontsu izateko, eta behar ditugu kalearen, hau da, espazio guztiz publikoaren, eta etxearen arteko erdibideko espazioak. Zertarako? Ba asteazken batean haurrarekin ezin badut gehiago, teilatuan dagoen terrazara igo eta ardotxo bat hartzeko eta bat-batean, kasualitatez, ez dakit norekin topo egiteko. Edo liburutxo bat irakurri ahal izateko “coworking” espazio batean, kasu batzuetan erosketa kolektiboak egiteko…
Etxebizitza kolaboratiboak sortzen dira, alde batetik, etxebizitza larrialdiari irtenbidea emateko, eta, bestetik, bizitzako garai antzekoak bizi dituzten pertsona eta behar horiek komunikatu eta komunean jartzeko. Ez du esan nahi zure biziko lagunik onenarekin bizi zarenik; zuk beraiekin bizitzaren zati bat partekatzen duzu, baina ez dena.
Gauza askotarako sortu izan dira: pedagogia eredu askatzaileetatik; soilik familia garairako; hezkuntzari begira; aita edo ama bakarrak izan ahal izateko, ze gaur egun ez daukagu “triburik”; zahartzaroari heltzeko… Horri lotuta, hamaika eredu daude: bakarrik emakumezkoenak, ez dutelako analfabetismo domestikoa daukan jendearekin egon nahi; burgesiarenak, baliabideak eta sukaldari komuna konpartitu ahal izateko…
Zeintzuk dira eredu horiek bilatzen dituzten onurak?
Ironikoki, herriak eta hiriak geroz eta bizigaitzagoak dira, eta “urbak” deitzen diren alternatibak sortzen ari dira, espazio itxiak direnak. Konturatzen baldin bazara, herri itxura handiagoa hartzen ari diren espazioak dira: bertan daukazu kafetegia, irakurtzeko tokia, autorik gabeko parkea, belarra zapaldu egin daiteke, animaliak lotu gabe egon daitezke, eta abar.
Zer esaten digu zientziak honen bueltan? Alde batetik, bizi esperantza, gaixotasunik gabea, hazi egiten dela espazio horietan. Bestetik, gaixotasunekiko aurreiritziak gutxitu egiten direla. Hau da, nik iktus bat baldin badaukat eta normatiboa den inguru batean baldin banago, desgrazia bat izango da; aldiz, ingurukoek bost iktus izan dituzten toki batean baldin bazaude, bizi momentua partekatzen duzue eta txantxak eta guzti egiten dituzue. Eta bukatzeko, esaten digute hezkuntzari eta kontziliazioari begira aukera asko-asko ematen dituela, herri zaharretan zegoen elkarrekiko zaintza eta ardura hori pixka bat errekuperatu egiten delako.
Proiektu guztietan bezalaxe, oro ez da urre izango.
Bai. Elkarren artean negoziatzeko gaitasuna geroz eta txikiagoa da. Ez dakigu ondokoarekin eztabaidatzen elkarri mokoka aritu gabe. Orduan, hori arazo bat da, ze hemen askotan pribilegioak negoziatu behar dira. Beste arazoetako bat da ez dela patrika guztietarako egindako zerbait. Hau da, gehienetan klase sozial eta hezkuntza maila bat dutenei begirako zerbait izaten da: ideologia jakin bat dutenak, sendagileak izan direnak eta badakitenak zer gertatzen den zahartzaroan… Eta azkenik, “herri txiki, infernu handi” ere gertatzen da. Bizitza pribatua oso ondo bermatuta eduki behar da: zuk ezin duzu sartu nire bizitzan.
Beraz, zein da arazorik handiena? Ez dela panazea bat, erronka bat baizik. Asumitzen duzun erronka bat, merezi duela pentsatzen duzulak?
Ohiko etxebizitza edo kolaboratiboa. Hor badago tarteko biderik? Trantsizio horretan nola egin gaur egungoak kolaboratiboagoak egiteko?
Lehenengo, niretzat garrantzitsuena da espazio publikoa berriro poliki-poliki berreskuratzea. Hasteko, errepide erraldoiak ez jartzea eta kotxeen monopolizazio hori poliki-poliki gutxitzea, eskubide unibertsala ez baita etxe atarian aparkatzea, baizik eta zure auzoan lasai ibili ahal izatea. Zelaiak ere birjabetu behar dira. Zergatik izan behar dute postal bat, eta ezin gara eseri, kartetan jolastu edota pilotarekin ibili? Gaur egun espazio kolektiborik handienak terraza pribatuak dira.
Bestalde, etxebizitzei dagokienean, nik esango nuke garrantzitsua dela babes ofizialeko etxe guztiak 45-50 metro karratukoak izatea, eta gehiagorentzako gelak unitate familiar jakinek bakarrik izatea. Eta espazio komunetara geroz eta gehiago ireki behar dira, pasilloek geroz eta handiagoak izan behar dute, materialen erabilera ere birpentsatu egin behar da… Katalunian pila bat aurreratu dute.
Eta ez duzu itxaron behar etxebizitza kolaboratibo bat izan arte. Lau etxe baldin badituzue, saldu ditzakezue eta elkarrekin bizitzera joan. Eta gero, zaintzaile bat izan, berarekin asanblada bat egin eta erabaki nola nahi duzuen zainduak izan, baldintzak planteatu… Edo tokatzen zaizuen eguneko zentro publikora elkarrekin joan, horren inguruan boluntario moduan aritzeko kanpaina egin eta bertan dauden langileei eraldatzen lagundu. Goazen denon artean etorkizunerako nahi ditugun zaintza arkitekturak sortzera.
Bide horretan, zahartzaro aktiboa bainoago, aktibista aldarrikatzen duzu.
Bai, zahar ahalduntze aktibistaz hitz egiten dugu, ze azkenean, edo hausnartzen duzu ondo horren inguruan, edo zure zaurgarritasuna etortzean eta zure nortasuna aldatzean sekulako kolpea hartuko duzu.
Errealitate bat dago: zahartzaroan non eta norekin bizi nahi duzun zuk zeuk erabakitzeko borrokatu ezean, zure izenean erabakiko dute, izan senideek edo gaixotasunek. Ze noizbait partida hau amaituko da, hori asumitu egin behar dugu.
Hala ere, beldurragatik jende askok ez dio horri begiratu nahi. Ni urte askotan zehar zaintza ekosistemak eraikitzen aritu izan naiz herri ezberdinetan, eta guztietan arazo bera zegoen: nortzuk hurbiltzen ziren? 45 urtetik gorako emakumeak. Eta gainontzeko guztiek zer, ez dute zaintzarik behar?
Gizonen kasuan, are eta zailagoa da horretaz hitz egitea, zaintzarekiko are autogestio eta ardura gutxiago daukate eta. Behin, gogoan dut emakume batek esaten zuela: “Nire senarrak beti esaten du, ‘ni zahartzen naizenean, hartu eta gurpildun aulkitik bota menditik behera’”. Baina ze astakeria klase da hau? Zure zahartzaroarekiko ze ardura falta da hori? Hartu eta asumitu. Egin behar duzuna da zure zahartzaroaz arduratu eta erabaki nork garbituko dizun ipurdia.