Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
ISRAELEN ARMEN ATZEAN

«Lau armatik hiru ezingo lirateke ekoitzi bankuen inbertsiorik gabe»

Centre Delàs erakundearen txosten batek salatu du Santander, BBVA edo CaixaBank bezalako bankuek Israeli armak saltzen dizkioten enpresak finantzatzen dituztela, Gazako erasoaldian lagunduz. Horren aurrean, banka etikoaren alde agertu dira alternatiba bezala.

Soldadu israeldar batek jaurtigai bati eusten dio artilleria posizio batean, Israelek Libanorekin duen iparraldeko mugatik gertu.
Soldadu israeldar batek jaurtigai bati eusten dio artilleria posizio batean, Israelek Libanorekin duen iparraldeko mugatik gertu. (Ayal MARGOLIN | EUROPA PRESS)

Gazako Zerrendako 15 hilabete baino gehiagoko gatazkaren ondoren, Israelen erasoaldia ez litzateke posible izango nazioarteko finantzaketarik gabe. Mundu osoko bankuek milioi askoko inbertsioak egin dituzte azken urteetan Israeli armamentu-materiala saldu dioten enpresetan, baita 2023ko urriaren 7tik aurrera ere.

Horren inguruan, Centre Delàs d'Estudis per la Pau erakundeak “La Banca Armada y su corresponsabilidad en el genocidio en Gaza” ("Banku Armatua eta haren erantzukidetasuna Gazako genozidioan") txostena egin du, «palestinarren aurkako sarraskietan erabilitako armak egiten dituzten enpresen finantzaketari» buruzkoa. Eduardo Aragon, Centre Delàs-eko ikertzailea eta txostenaren egileetako bat, Bilboko Zirika! herri gunean izan zen joan den astean, ikerketaren xehetasunak azaltzeko, BDZ Bizkaia, KEM-MOC Bilbo, Setem Hego Haizea eta Mundubat kolektiboek gonbidatuta. GAUR8k Campanya Banca Armadako aktibistarekin eta ikertzailearekin hitz egin ahal izan zuen armen finantzaketari buruz.

Azterlanean, akzio-partaidetzatik, bonuen harpidetzatik eta kreditu eta maileguen emakidatik datorren finantzaketa aztertu dute egileek. Txostenak bankuen eta arma-enpresen negozioan jartzen du arreta, Israelek Gazan egindako erasoaldiarekin aberasten ari baitira. Horretarako, estatu desberdinek Israelera azken urteotan egindako arma-esportazioen, armak ekoizten dituzten enpresen eta horiek finantzatzen dituzten bankuen arteko loturak dokumentatu dituzte. Horiei «Banku Armatu» deitzen diete. «Kontua ez da banku bat armamentuaren ekoizpenean zuzenean inplikatuta egotea. Finantza-sistemak ez du horrela funtzionatzen, baizik eta armak ekoizten dituzten enpresen akziodunetan parte hartzen duten finantza-erakundeak aurkitzen ditugu, ez bakarrik Gazako gatazkarako, baizik eta munduko edozein gatazka aktibotarako», zehaztu du Aragonek «Banka Armatuaren» negozio-ereduari buruz, eta lau tipologia bereizi ditu: kreditu-lerroak, mailegu korporatiboak, bonuen harpidetza eta akzioen erosketa.

Stockholmeko Bakerako Azterlanen Nazioarteko Institutuaren (SIPRI, ingelesezko sigletan) eta NBE bezalako nazioarteko erakundeen datuetan oinarrituta, Centre Delàs-eko ikertzaileek Israeli armak eman dizkioten 15 armamentu-enpresa identifikatu dituzte, eta 2011 eta 2024 bitartean egindako 3.606 finantza-eragiketa aztertu dituzte; horietatik % 85 azken lau urteetan gertatu dira. Enpresa horiek finantzatu dituzten bankuen artean Banco Santander, BBVA eta Caixabank daude, besteak beste, baina ez dute euskal banketxerik aurkitu.

Eduardo Aragon Bilboko Zirika! herri gunera egindako bisitan, joan den urtarrilaren 17an. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Egoera horren aurrean, Aragonek azaldu du hori gertatzen dela herrialdeek «beren industria nazionalaren interesak lehenesten dituztelako, dela militarra, dela azpiegiturena edo mugikortasunarena, giza eskubideen gainetik». Gainera, azpimarratu du nazioarteko legediak debekatu egiten duela «genozidioa eragiten ari den estatu batentzat armak sortu dituen enpresa baten finantzaketa». Centre Delàsen ikerketaren arabera, BBVAk 1.300 milioirekin, Santanderrek 1.200 milioirekin eta Caixabankek 110 milioirekin finantzatu dituzte Israelgo Armadak urriaren 9 eta 31ko Jabaliako sarraskietan erabilitako GBU motako bonba gidatuak (Guided Bomb Unit, ingelesez) esportatu dituzten enpresak, haien artean Boeing eta General Dynamics.

Baina nola desenkusatzen dira bankuak armamentu-enpresak finantzatzen dituztela jakiten denean? Aragonek azaldu du eragiketa horiek erabat legezkoak direla, kasu gehienetan enpresa oso dibertsifikatuak direlako, eta, beste zerbitzu batzuez gain, armak edo borrokarako ibilgailuen zatiak sortzen dituztelako. Hala ere, adierazi du nazioarteko finantzaketa funtsezkoa dela negozio militarraren etorkizunerako: «Lau armatik hiru ezingo lirateke ekoitzi finantza-azpiegituren inbertsiorik gabe, funtsean sistema kapitalistan existitzen diren multinazional handi gehienen zorpetze-ratioagatik».

Munduko aliatuak

Israelek arma industria propioa du, oso garatua, esportazio mailan paper garrantzitsua duena eta «borrokan frogatua» etiketarekin zabaltzen dena. Izan ere, Aragonek gogorarazi duenez, «Israelek mota guztietako materiala ekoizten duten enpresen ekosistema bat du, eraso-subfusiletatik hasi eta kontrol sozialerako tresnetara doana, aurrez hiri-gerrilletan tokian bertan erabilitakoak». Hala eta guztiz ere, ikertzaileak dio beste estatu batzuei erosten dizkien armen eta munizioen mende jarraitzen duela.

Guztien gainetik, Estatu Batuen eta Israelen arteko lankidetza estrategikoa eta militarra nabarmentzen da. Azken sei urteetan, Estatu Batuek urtero 3.800 milioi dolar transferitu dizkiote Israeli, eta 3.100 milioi aurreko hamar urteetan. Gainera, garapen eta ekoizpen militarrerako programa bateratuak dituzte, urteko 500 milioi dolarreko kostuarekin. Estatu Batuetako lau arma-konpainia nagusiak, transferentzien bolumenaren garrantziaren arabera, Lockheed Martin, Boeing, General Dynamics eta RTX (lehen Raytheon) dira. Hala ere, kasu batzuetan, lotura filialen bidez, gailu beraren aldaerak sortzen dituzten beste enpresa batzuen bidez edo Estatu Batuetako eta Israelgo enpresen arteko lankidetzaren bidez ezartzen da. «Kontua ez da soilik Estatu Batuek Israelera armak esportatzea, eskualdeko aliatu estrategikotzat ere badute Israel», dio Aragonek.

LAB sindikatuak Bilboko portuan Israelekin egiten diren negozioen aurka egindako eserialdia, urtarrilaren 15ean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Era berean, Israelek armamentu-harreman komertzial garrantzitsuak ditu Europako beste herrialde batzuekin. Alemania da, halaber, Israelen arma-arloko laguntza nagusietako bat. Izan ere, urriaren 7aren ostean erreakzionatu zuen, 2022tik Israelera egindako arma-esportazioak hamar aldiz biderkatuz, eta, oro har, Alemania da 2019tik 2023ra bitartean Israeli emandako laguntza militarraren %30aren erantzulea, SIPRIren datuen arabera.

Italiak, Leonardo arma-konpainia nagusiaren bitartez, bi esportazio egin zituen azken urteetan. Italiatik Israelera egindako esportazioei buruzko azken informazioei dagokienez, Kanpo Arazoetako Ministerioaren gertuko iturriek maiatzaren 9an baieztatu zuten Italiak esportazio berrien onarpena geldiaraziko zuela urriaren 7tik aurrera (azken eskaerak azaroan entregatu zituen). Aurretik, Defentsa ministroak esan zuen armak esportatzen jarraitzen zutela, baina urriaren 7a baino lehen sinatutako eskaerak betetzeko bakarrik, Gazan zibilen aurka ez zirela erabiliko egiaztatu ondoren. Ameriketako Estatu Batuek (%69), Alemaniak (%30) eta Italiak (%0,9) esportatzen dituzte Israelek inportatzen dituen ia arma guztiak.

Espainiar Estatuaren eta Israelen arteko armen merkataritzari dagokionez, Centre Delàs erakundeak egindako “Business as usual” txostenak erakusten du azken urteotan Pedro Sanchezen Gobernuak Israelera esportazioak egiteko baimena eman duela, hainbat kategoriatan banatuta. Azken bost urteetan, armak eta ibilgailu batzuk esportatu dira. DataComexen datuen arabera, espainiar Estatua 2023ko urriaren 7az geroztik Israelera arma eta munizio gehien esportatu dituen Europako Batasuneko bosgarren herrialdea izan da, 1,1 milioi eurorekin, beste herrialde batzuek kategoria horretako ezer esportatu ez duten bitartean.

Banka etikoaren bultzada

Ikerketaren egileek uste dute arma-enpresen finantzaketaren arduradunak funtsezko pieza direla «ezagutzen duten genozidioa egiten segitu dezaten». Errealitate horren aurrean, adierazten dute finantza etikoak direla «genozidioan» erantzukizunak dituen «Banku Armatuaren» alternatiba erreal bakarra; izan ere, «armak ekoizten dituzten enpresetan edozein inbertsio errefusatzen dute, eta gizadiarentzako etorkizuna eraikitzean oinarritutako finantza-eredu bat sustatzen dute, justizia sozialaren eta desberdintasuna murriztearen, berdintasun eraginkorraren, kolektibo kalteberak ez baztertzearen eta giza eskubideak errespetatzearen alde egiten duena».

Israelgo polizia bat, armaz josita. (DPA-EUROPA PRESS)

«Bankuek armak ekoizten dituzten enpresetan inbertitu eta finantzatzeko ideia erabat finkatuta dago. Harreman hori zalantzarik gabe onartzen da. Hala ere, banka etikoa benetako alternatiba da banku konbentzionalarekiko. Indarkeriarik eza eta bakearen kultura bultzatzeko eta konplexu militar industrialarekin eta logika militaristarekin amaitzeko aukera bat da. Azken hamarkadan banku etikoaren hazkunde esponentziala ikusi dugu, baina egia da oso zifra txikiez ari ginela. Pixkanaka, finantza etikoen sektorea sendotzen ari da espainiar Estatuan, eta gero eta diru gehiago bideratzen da proiektu etikoetara. Are gehiago hazten jarraitzea espero dugu», baloratu du Aragonek banka etikoari buruz.

Aktibistak uste du jendearen ohiturak aldatzeak eta banka etikoa handitzeak lagundu ahal izango luketela armamentu-enpresa handien finantza-laguntza murrizten, horiek gabe «Israeli askoz gehiago kostatuko litzaioke-eta bere armak ekoiztea».