GAUR8 - mila leiho zabalik

Tabakoaren azken gorabeherak, adituen begiradapean

Zigarro elektronikoen gorakada gazteen artean, tabakoa uzteko medikamentu berriak, tabernetako terrazetan erretzeko debekua... Urte berrian sartzearekin batera, ohikoa izaten da tabakoaren inguruko albisteak biderkatzea, nahiz eta zenbait kasutan funts handirik ez izan. Aditu baten laguntzarekin lupa jarri nahi izan diegu.

Emakume bat zigarro elektronikoarekin bapeatzen. Adituek osasunerako kaltegarria dela ohartarazi dute. (John KEEBLE | GETTY IMAGES)

Urte aldaketarekin, badira albiste edo gai batzuk komunikabideetan beste urte sasoi batzuetan izaten ez duten lekutxoa egiten dutenak. Horietako bat da tabako kontsumoarena. Pertsona askok urte berrirako erronka moduan tabakoa uztea jartzen dutelako-edo, albiste mota hori ugaritu egiten da, askotan modu nahiko traketsean. Erreportaje honetan, albiste horietako batzuk hartu eta arlo horretan eskarmentua duen aditu batekin kontrastatu nahi izan ditugu, gure inguruan egoera zein den ezagutzeko.

Urtarrilaren 7an, esaterako, Unibersitat Oberta de Catalunyako prentsa zerbitzuak artikulu bat zabaldu zuen zigarro elektronikoen inguruko arriskuez ohartaraziz. Bertan, zenbait ikerketa aipatuz, azken hamarkadan “bapeoak” izan duen gorakada nabarmentzen zen. 2014an, 14 eta 18 urte arteko gazteen %17 zen noizbait zigarro elektronikoa probatu zutenen batezbestekoa; azken ikerketetan, aldiz, kopuru hori ia %55ekoa da. Hainbat herrialdetan vapper-a «tabakismorako sarrera» bilakatu dela ere esaten zen.

Etxera etorrita, Euskal Herrian ere joera horiek ikusten ote diren jakin nahi izan dugu, eta horretarako, Amaia Sarrionandiarekin hitz egin dugu. Durangaldeko Drogomenpekotasunaren Prebentzio Zerbitzuan egiten du lan, eta esperientzia du eskoletan gazteekin lan egiten. Esku artean dituen datuak azken bost urteetakoak dira, baina aipatzen duenez, tarte horretan ez dute zigarro elektronikoaren kontsumoan gorakadarik antzeman, kasik kontrakoa.

«Guk Durangaldeko Mankomunitate mailan egiten dugu lan, eta nik horko esperientzia kontatu dezaket. Guk lau urtetik behin egiten dugu galdetegi orokor bat, gazteek zer kontsumitzen duten, zer ez eta abar jakiteko. Eta gero, urtero-urtero klaseetan sartzen garenean, DBHn, inkestatxo bat pasatzen dugu. Hitzaldiak eman aurretik, inkestatxo bat substantzien inguruan, klase horretan zer sakondu eta zer ez jakiteko. Gehienbat DBHko datuak ditugu. Datu horien arabera, ez dago igoerarik. Bapeatzearen inguruko galderak 2020an sartu genituen lehen aldiz, justu pandemia garaian, eta hor bai ikusten zen 2020tik 2022ra egon zela ‘boom’ moduko bat. Baina gero jaisten joan da», ekin dio azalpenari Sarrionandiak.

Zigarro elektronikoen kontsumoak gora egin duela aipatzen dute zenbait ikerketak. (GETTY)

«Badaude kontsumo batzuk, badaude gazteak bapeatzen dutenak, baina ez dugu igoerarik nabaritu. 15-16 urteko adin tartean mantendu egiten da, eta azken galdeketan agertzen zaigu noizbait probatu dutenen kopurua jaitsi egin dela. Eta ohiko kontsumoa dutenena ere urteetan jaisten joan da. 2023an noizbait probatu zutenak %39 inguru ziren, DBH eta Batxilergoa kontuan hartuta; aurten %24 inguru. Apurka jaisten ari dela ikusi dugu», jarraitu du.

Adituaren ustez, azken urteotan egin den prebentzio lanak bere eragina izan du jaitsiera horretan. «Guk vapper-ak zabaltzen hasi zirela ikusi genuenean, jada Lehen Hezkuntzan gaia lantzen hasi ginen. Eta uste dut informazioa ere zabaldu egin dela, komunikabideen bitartez eta abar. Badakigu ez dela ura, substantzia kaltegarriak dauzka, eta horren inguruko informazioa ailegatu zaie ikasleei. Ez dela goxoki bat. Azkenean beraiek horregatik kontsumitzen dute, zapore gozoak dituelako».

Botika berriak?

Iaz, urte amaieran, sona handia izan zuen albiste bat tabakoa uzteko botikekin zerikusia izan zuena da. Zehazki, halaxe zioen lerroburuak: «Byteqi: horrelakoa da erretzeari hiru hilabeteren buruan uzteko botika berria». Testuan nabarmentzen zenez, «Byteqiren printzipio aktiboa ez da zitisiniklina, bareniklina baizik». Amaia Sarrionandiak azaldu digunez, medikamentu horrek ez dakar beste munduko berritasunik, aldaketak gehiago ematen dira osasungintza publikoak diruz laguntzen dituen botiken zerrendetan.

«Aipatu duzun vareniclina duela urte batzuk jada erabiltzen zen, baina bere izen komertziala Champix zen. 2021ean hori eta Zyntabac ziren osasungintza publikoak diruz laguntzen zituenak. Champix-arekin gertatu zena da 2021ean nitrosamina maila altuak aurkitu zituztela eta orduan debekatu egin zela. Champix hori desagertu egin zen, vareniclina zeukana, eta beste substantziaren bat bilatzen hasi ziren. Ticisina agertu zen eta ea emaitza berdintsuak ematen zituen begiratzen aritu ziren. Ikusi zen baliagarria zela, eta orain diruz laguntzen dira vareniclina, bai formatu berrian bai generikoan, eta Biteqy, eta jarraitzen du Bupropion-ak ere, lehen Zyntabac zenak».

Sarrionandiak argi uzten du bera ez dela medikua, psikologoa baizik, eta alde horretatik aztertzen duela medikamentu hauek eskaini dezaketen laguntza. «Erretzeari uzteko ikastaroak egiten ditugu, eta medikamentu horiek batzuentzat lagungarriak izaten dira. Abstinentzia sindromea bideratzeko oso lagungarriak izan daitezke. Beste batzuek horrelako laguntzarik gabe uzten dituzte. Beste pastilla bat ez hartzeagatik edo dena delakoagatik. Hor niretzat gakoa da menpekotasuna arintzeko lagungarriak direla, egia da, abstinentzia sindrome horretan lagungarriak direlako, baina gero menpekotasun psikologikoa dago. Badago jendea urtebete erre gabe egon dena eta bat-batean erretzen hasi dena. Zigarro bat hartu du, jai batzuetan edo ezkontza batean, eta berriz ere tabakoan erori da. Menpekotasun psikologiko hori gainditzeko edo mantentzeko beste teknika batzuk lagungarriak izan daitezke. Farmakoak badira lagungarriak hasieran, baina gero hori mantendu egin behar da», dio.

«Erretzeari uztea ez da 45 egunean lortzen den zerbait», dio lerroburu deigarri horien inguruan. «Erretzeari uztea da urteetan erre gabe egotea. Denboran mantendu egin behar da. Guk egiten ditugun ikastaroetan, harremana dugu osasun zentroekin, baina guk egiten duguna da talde terapia bat. Menpekotasun psikologiko horretan lagungarriak izan daitezkeen baliabideak eskainiz. Biak batuta, badirudi prozesua arrakastatsuagoa izan daitekeela. Hala ere, batzuk berriz erretzera itzultzen dira. Erretzeari uzteko prozesuan saiakera bat baino gehiago egin behar izaten direlako batzuetan».

Farmazia bateko apalak, duela zenbait urte. Tabakoa uzteko botikak ugaritzen joan dira azken urteetan. (Jon URBE / FOKU)

Eta solasaldia baliatuz, alderdi psikologikoan gakoak izan daitezkeen zenbait elementu zerrendatu dizkigu: «Emozioen kudeaketa da garrantzitsuena: zergatik erretzen duzu? Batzuetan estresa edo antsietate egoerak bideratzeko izaten da, beste batzuetan plazer egoerari lotuta: “Nik erretzen dut momentu jakin hau nire momentua delako, edo gustura nagoen une horretan zigarro bat nahi dudalako”. Kontuan hartu behar da zergatik erretzen dugun, eta horrelako egoeratan beste zer baliabide erabili dezakegun zigarroaren ordez. Eta automatismoak. Erretzeari uzten dion pertsona askoren kasuan, urteak daramatza erretzen, eskuan zigarro batekin. Eta zerbait egiten hasten denean, izan telefonoa hartu edo beste edozer, ia konturatu gabe eskua poltsan edo poltsikoan sartzen du tabakoaren bila. Automatismo horietaz kontziente izan behar dugu eta horrelako gauzak lantzea ongi etortzen da. Gero badaude pertsona batzuk beren kabuz uzten diotenak erretzeari eta oso ongi egiten dutenak. Baina denok desberdinak garenez eta behar desberdinak ditugunez, ba laguntza hori eskaintzen dugu».

Tabernetako terrazak

Landu nahi izan dugun azken arloa legediarena da, urte hasierako albistea izan baita Madrilgo Osasun Ministerioak aldaketa prest duela tabernetako terrazetan erretzea debekatzeko. Amaia Sarrionandiak ohituren garrantzia aipatu duenez, galdetu diogu ea horrelako debekuek tabako kontsumoa jaisten lagun ote dezaketen.

«Eragina izan dezake, baina guk prebentzioan lan egiten dugunez, guretzat garrantzitsuagoa da txikitatik horren inguruko lanketa bat egitea. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu emozioen kudeaketa, autoestimua lantzea, talde-presioaren inguruko lanketa, eta horrelako kontuak. Zergatik kontsumitzen dugu tabakoa? Ba agian beste baliabide batzuk ez ditugulako. Tabako kontsumoarekin askotan gertatzen zaigu, klasean galdetzen dugunean ‘zuek zergatik uste duzue jendeak kontsumitzen duela?’. Erantzuten digute ‘lasaitzeko’, edo ‘urduri dagoelako’. Emozio horiekin lotuta dago haientzat kontsumoa. Eta gazte batzuk horregatik hasten dira kontsumitzen, ez dakitelako bideratzen antsietate edo urduritasun hori. Pentsatzen dute zigarroa lagungarri izango zaiela. Gu gehiago ari gara heziketa lantzen ikuspegi horretatik. Badakigu araudi bat dagoela, eta lagungarria izan daitezke, baina garrantzitsuagoa iruditzen zaigu bestea», aipatu du.

Terrazak, Gasteizko erdialdean. Oraindik ez da indarrean sartu, baina badirudi terrazetan erretzea debekatuko duen legeak aurrera egingo duela. (Raul BOGAJO / FOKU)

Eta erretzaileak estigmatizatzearekin ere kontuz ibiltzeko eskatu du. «Erretzaileek esaten digute askotan: ‘Badirudi zigarro bat pizten dugunean denak begira ditugula’. Eta erretzea menpekotasun bat da, adikzio bat, gaixotasun bat. Erretzaileei kosta egiten zaie erretzeari uztea. Orduan, errudun sentsazio horrek ere ez die laguntzen tabakoa uzten. Ongi dago bideratzea non kontsumitu daitekeen eta non ez, baina batzuetan ematen du erretzaileen kontrako kanpaina batean gaudela, eta beraiek ez dute momentuan erabakitzen erre edo ez erre. Kasu batzuetan ez behintzat. Ezin dutelako utzi. Laguntza behar dute, baina beraiek benetan motibazio bat daukatenean».

«Gure ikuspuntua gehiago da hezkuntza ikuspuntua, eta ez kontsumoa demonizatzea. Normalean etortzen zaizkigun pertsonak helduak izaten dira, eta beraiek erretzen hasi zirenean tabakoak ez zeukan horrelako ikuspegi negatiborik. Horregatik, orain demonizatzea niri ez zait gustatzen, eta badirudi batzuetan horretan gabiltzala. Beraiek hala sentitzen dute. Eta errudun sentimenduak ez du laguntzen. Zu errudun sentitzen zarenean zein da zure baliabidea hobeto sentitzeko? Ba erretzaileen kasuan, seguruenik, zigarro bat hartzea. Guretzat ez, baina haientzat agian bai. Askotan gertatzen zaigu tabakoa utzi nahian dabilen jendeak onartzea: ‘Ez dut etxean ezer esan, behin baino gehiagotan saiatu naizelako eta esaten badut denak gainean izaten ditudalako, behin eta berriro galdezka’. Horrek ez du batere laguntzen. Egia da gaztetxoentzat lagungarria dela jendea erretzen ez ikustea, baina beste aldea ere kontuan izan behar da», amaitu du.