Asier Aiestaran
Kazetaria

Euskaldunak Kanadan: Jauzarrearen Louisbourgeko proiektua, harreman luze eta sakon baten erakusle

Zeresan handia ematen ari da Pasaian eraiki duten XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika, baina euskaldunek Kanadako kostaldean izan zuten presentzia eta eragina hurrengo mendeetan ere luzatu zen. Horren erakusle da Jauzarreak Louisbourgeko gotorlekuan martxan duen proiektua, XVIII. mendera eramango gaituena.

Euskal Herritik joandako bi ordezkari, XVIII. mendeko etxearen kanpoaldean.
Euskal Herritik joandako bi ordezkari, XVIII. mendeko etxearen kanpoaldean. (Xabi OTERO | JAUZARREA)

Azaroaren 7an uretaratu zuten Pasaian XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika zientifikoa. Egun handia izan zen Albaolako kideentzat eta ekitaldi oso berezi batekin ospatu zuten unea. Portuan egin beharreko prestaketak egindakoan, asmoa ontziarekin Kanadara itsas bidaia egitea da, garai hartako baldintza berdinetan, eta ziur abentura horrek ere zeresan handia emango duela.

Baina euskaldunek Kanadako kostaldean izan zuten presentzia eta eragina ez zen XVI. mendeko balea-arrantzarekin amaitu, beste urte askoan luzatu zen, eta horixe erakusten du Jauzarrearen Lagunak kultur elkarteak Louisbourgeko gotorlekuan martxan duen proiektuak. Gune horretan XVIII. mendeko bizitza birsortzen da, eta Jauzarrearen programari esker euskaldunek bertan zuten garrantzia ulertzeko gakoak erakusten zaizkie turista eta bisitariei.

Proiektu horren xehetasun guztiak “Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744” liburuan bilduak ditu Xabi Otero argazkilariak, Jauzarrea elkarteko arima denak. «Garrantzia XVI. mendeari ematen zaio, baleazaleei. Horixe da liburua aurkezterakoan izaten dudan zailtasun nagusia. Aipatzen dituzu euskaldunak Kanadan eta automatikoki mundu guztiari baleazaleak etortzen zaizkio burura. Bada, ez, XVIII. mendean ere baziren bertan bizi ziren euskaldunak: merkatariak, bakailao arrantzaleak, ingelesen aurka borrokan aritutako kortsarioak... Elementu asko daude oso ezezagunak eta benetan interesgarriak direnak, pelikuletako bizitza izan zutelako horietako askok», aldarrikatu du Oterok.

«Noski, baleazaleen historia ezin dugu ahaztu, jende askoren lanari esker errealitate hori ezagutu ahal izan dugulako. Ni lau pertsonarekin gogoratzen naiz, 80ko hamarkadan sekulako lana egin zutenak: Robert Grenier, Brad Loewen, Laurier Turgeon eta Stephen Augustin, mikmak buruzagia. Ron Williamson ere aipatu daiteke. Horiei esker Kanadan existitzen gara; aurrez ez ginen existitzen, ez geunden inoren radarrean. Orain egin behar duguna beste garai historiko batzuk ere lantzea da, une oso garrantzitsuak aztertzeko bidea ireki dezakeelako: balea-ontzien desagerpena, bakailao-ontzien bidaiak, balea-ontzien eraldaketa kakao merkatari bilakatzeko, Venezuelakoa batez ere... Garai historiko oso konbultsoa da, oso interesgarria, eta deskubritzeko asko daukana», gaineratu du.

JAUZARREAREN NAZIOARTEKO SAREA

Louisbourgeko proiektua martxan nola jarri zen ulertzeko, beharrezkoa da Jauzarrea elkartearen lana azaltzea. «2009an hasi nintzen kultura funts hau sortzeko ideiarekin, eta pare bat urte eman nituen pertsona talde bat osatzen. Asmoa nazioarteko kongresu batzuk antolatzea zen, eta horretarako 300-400 bat pertsona behar genituen zenbait urtez kuota bat ordainduko zutenak gastuei aurre egiteko. Behin talde hori osatuta, antolaketa lanei ekin genien. Jauzarrearen asmoa hasieratik izan da Euskal Herriari eta euskaldunei buruz ikertzen ibili diren mundu guztiko ikerlariak Euskal Herrira gonbidatzea, horietako asko eta asko inoiz ez direlako hemen izan. Genetika, arkeologia, linguistika... interesgarria iruditzen zitzaigun arlo desberdinetako ikerlariak biltzea, eta modu kronologikoan euskaldunei buruz egin diren ikerketak ezagutaraztea», gogoratu du Oterok.

Iazko udan, ikurrina ipini zuten Louisbourgeko itsas pasealekuan, beste bandera guztien alboan. (Xabi OTERO | JAUZARREA)

«Ia hutsetik hasi ginen, ez geneukalako esperientziarik horrelakoak antolatzen, baina prozesu oso polita izan zen parte hartu genuen guztiontzat. Kongresu bakoitzean hamar-hamabi ikerlari ekartzen saiatzen ginen, baina zailtasun nagusia zen data bat aurretik zehaztuta genuenez, batzuek ezin izaten zutela etorri. Baina ideia hori zen: ekarri, gurekin astebete igarotzea Baztanen ostatu hartuta, eta egun horietan txangoak egitea kongresuan lantzen genituen gaiekin lotuta. Aukera ona zen beraiek elkar ezagutzeko, askok ez zutelako elkar ezagutzen».

Lehen kongresua Bilbon egin zuten 2011n, EHUren eskutik, eta hurrengo lau urteetan Irunen, Ficoban, hartu zuten egoitza, unibertsitatearen parte hartzerik gabe jada. «Lan horren emaitza izan zen 240 ikerlari inguruk osatutako corpus edo sare bat, harremanetan dagoena, eta noizean behin ekitaldiak antolatzen ditugu Ingalaterran, Kanadan edota Ameriketako Estatu Batuetan. Hortik informazio pila bat bildu ahal izan dugu, ez agian berrikuntza handiak, baina bai ohiko medioetan normalean lekua ez dutenak», nabarmendu du Xabi Oterok.

Eta kexa bat ere plazaratu nahi izan du: «Lehen mailako ikerlariez ari gara, unibertsitate eta museo ezagunetako kideak, baina paradoxikoki Euskal Herrian ez dugu onarpenik izan erakunde ofizialetan, intruso moduan tratatu gaituzte. Baina guk egin duguna izan da adituak ekarri, dakitena azaltzeko aukera eman, eta eztabaidatzeko aukera ireki».

ASPALDIKO LAGUNAK KANADAN

Louisbourgekoa urte horietan zehar garatutako proiektuetako bat da, eta jatorria Xabi Oterok aspalditik Kanadara egindako bidaietan eta han ezagututako pertsonetan dago, berak aipatu digunez.

«1983an lehen aldiz Kanadara joan nintzenean Red Bayko San Juan baleontziaren azaleratze lanak jarraitzera, Manu Izagirre lagunarekin batera, harreman ederra egin genuen Robert Grenier zuzendariarekin. Duela gutxi hil da eta sekulako galera izan da, bihotz-bihotzez maite zuelako Euskal Herria. Ba joan ginen lehen aldian, berak eraman gintuen Ottawara, kostalde atlantikoa zeharkatuz, eta bidean Louisbourgetik igaro ginen, Eskozia Berrian», ekin dio Oterok kontakizunari.

«Ipar Amerika osoan dagoen gune historiko baten berreraikuntza handiena da, eta datu eta aurkikuntza historikoen arabera eraikita dago. 1744ko herri baten birsorkuntza da, justu britainiarren aurkako gerra hasi baino urte bete lehenagokoa. Aurkitzen duzuna da 1744ko herrixka bat bizirik, garai hartara bidaiatuko bazenu legez, zorroztasun historiko erabatekoarekin eraikia eta garai hartako atmosfera sortuz. Bisita hartan gure asmoa zen biltegi arkeologikoan euskal kulturarekin zerikusia zuten materialak aurkitzea. Garai hartan beraiek ez zuten gehiegi ezagutzen gure kultura eta guk izan genuen zorte eta ohore hori. Zeramika piezak, metalak, egurrezkoak... denetik. Hori izan zen nire lehen kontaktua Louisbourgekin eta txundituta geratu nintzen. 1967an ipini zen martxan eta ordurako erabat osatua zegoen. Hasieratik ikusi genuen guk ere zerbait egin beharra geneukala».

«Louisbourgera urteetan zehar egindako bisitetan, proiekturen bat martxan jartzeko saiakera egin nuen -jarraitu du-. Euskal Herriko erakundeek ez zuten interesik erakutsi, baina 2018an mikmak herriarekin Sidneyn, Eskozia Berrian, egin genuen nazioarteko kongresu atlantikoan, Cape Bretongo Unibertsitatearekin elkarlanean, Eddie Kennedy egon zen, Louisbourgeko gotorlekuko zuzendaria, eta berak animatu gintuen orain esku artean daukagun proiektu hau martxan jartzera», gehitu du.

BI BOLUNTARIO UDARO

«Egiten duguna da uda bakoitzean bi neska bidaltzea uztailean eta abuztuan bertan ‘euskal biztanle’ papera betetzera. Boluntarioak izaten dira, eta egiten duten lana da proiektuaren ardatza», azaldu digu Oterok martxan duten programaren inguruan. Dioenez, orain artean beti neskak bidali dituzte ezinezkoa egiten zaielako prestakuntza egokia -hizkuntzen ezagutza batez ere- eduki eta joan nahi duten mutilak aurkitzea.

Euskal Herritik joandako boluntarioak, bisitariei Euskal Herriaren berri ematen. (Xabi OTERO / JAUZARREA)

«Praktikan, egiten dutena da han dagoen ‘euskaldunen etxean’ gotorlekua ezagutzera doazen bisitariei harrera egin. Arrantzaleen etxe bat da, Baionako familia batena, taberna ere baduena, eta gotorlekuaren kanpoaldean dago, justu autobusak iristen diren eremuan. Lortu genuen han kanpoan euskaldunok nor garen azalduz plaka bat jartzea, parke historikoa urtero bisitatzen duten 150.000 bisitarien gehiengoak ez duelako inoiz ezer entzun euskaldunoi buruz. Neskok azalpenak ematen dizkiete, lehenik euskaraz, eta ondoren ingelesera edo frantsesera itzultzen dute, taldearen arabera. Hor interakzio bat sortzen da, bisitari askorentzat oso exotikoa egiten delako bi euskaldun euskaraz hitz egiten entzutea».

«Jantziak ere ikusgarriak dira -jarraitu du Oterok-. Claude Iruretagoyena eta Jon Olazcuagak egiten dituzte, Maritzuli konpainiakoak; XVIII. mendeko euskal jantzietan adituak dira eta orokorrean Euskal Herriko dantza talde askorentzat egiten dituzte jantziak. Sekulako artistak dira. Louisbourgen aurki ditzakezun jantzirik onenak dira, telen kalitateagatik eta jostunen lanagatik. Arreta ematen dute. Horrek ere laguntzen du galderak sortzen eta ikusmina pizten».

«Gero, 15.30ean, dantza eta musika saioak izaten dira. Dantza ingeles eta frantsesekin batera euskal dantzak ere erakusten dira, eta musika frantses eta irlandarrarekin batera, euskal musika entzun daiteke, garaiko kolonia frantsesean ohikoak ziren doinuak. Hor ere galdera asko sortzen dira eta bisitariei euskal kulturaren berri emateko aukera ederra da. Horrez gain, egun jakinetan, Euskal Herriaren inguruan azalpenak emateko saioak antolatzen dira; Rafa Gorrotxategi txokolategilea eraman genuen behin XVII. eta XVIII. mendeko errezeta batzuk egitera; Euskal Sagardoa saltzen da gotorlekuko jatetxe eta tabernetan...», zerrendatu du Xabi Oterok.

«Aurreko udan bosgarren urtez joan dira Jauzarrea elkarteko boluntarioak. Kosta zaien arren, Parks Canadako kideek ulertu dute guretzat zer balio duen euskal nortasuna eta euskal kultura bertan ezagutarazteko aukera izateak. Urte askoan nahiko galduta egon da, baina kontuan izan behar da garai hartan euskal komunitatea bigarren jendetsuena zela frantsesaren atzetik. Udan herriak izan zitzakeen 6.000 biztanleetatik asko eta asko euskaldunak ziren. Guretzat oso garrantzitsua da ezezaguna den historia zati hori berreskuratzea», gaineratu du nafarrak.

PROIEKTUA AZALTZEN DUEN LIBURUA

Proiektuaren nondik norako guztiak “Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744” liburuan kontatzen dira, euskaldunek Kanadan izandako presentziaren historia ezagutzeko aukera ematen duen lan mardula.

«Interesgarriena da han saltzeko egina den liburu bat den arren, publiko anglofono eta frankofonoarentzat, liburuaren zati nagusi batek gutaz hitz egiten duela: gure historia, gure hizkuntza... Gainera, azaltzen diren elementu asko Euskal Herrian ezezagunak dira. Egia da dena oso sintetizatuta dagoela, oso laburtuta, liburua lau hizkuntzatan idatzita egonda leku gutxi zegoelako. Baina liburua eskuartean izan duen jendeak egin dizkidan iruzkinetan aipatu didate harrituta geratu direla zenbat informazio jasotzen den eta zenbat elementu ezezagun deskubritu dituzten. Ez da bakarrik han gure historia zabaltzea, baizik eta guk gure historiaz ikastea», azpimarratu du Oterok.

«Euskaldunak Kanata. Louisbourg 1744» liburuaren azala. (JAUZARREA)

«Hemen gehienbat ezagutzera eman dena baleazaleen historia da, eta geroago Islandiakoena, euskaldunak hiltzeko eman zen baimen famatuarekin. Baina hau berria da, lehen nazioekin izandako harremanei buruzko beste kontu asko bezala. Jendeak historia asko deskubrituko du, baita hizkuntzari buruz edota etnografiari buruz ere. Euskaldunak zergatik joan ziren hara, zer ustiaketa egin zituzten mikmak, innu eta jatorrizko beste nazioekin batera: balearen olioa, bakailaoa, larruak... Ondoren etorri zen kakaoaren merkataritza...», gehitu du.

Argitalpena liburu dendetan aurki daiteke, baina edonork txoriaerrekan@gmail.com helbidean eskatu dezake informazio gehiago.