Amagoia Mujika Telleria
BERTSOLARITZA

Asteasuko artxiboak kontatzen duenez, XIX. mendean emakumeen komunikazio tresna bizia zen bertsoa

Apartatzeko moduko istorioa topatu dute Asteasuko artxiboan. 1816. urtean, Maria Ignazia Mugikaren aitak herriko hainbat emakumeren kontrako salaketa jarri zuen alaba publikoki iraindu zutelako. Irain horiek bertsotan eman ziren eta eskribauak salaketan jaso zituen. Herriko ohiturez eta bizimoduaz pista asko ematen dituen harribitxia da.

Altxorren artxibategia da Asteasukoa. Amagoia Pia artxibozaina astean behin joaten da artxiboa txukuntzera eta askotan topatzen ditu apartatzeko modukoak. Ereiten Kultur Zerbitzuetan lan egiten du Piak, zenbait herri txikitako artxiboen ardura duen enpresa, tartean Asteasukoa. «Herri txiki askotan ez dute artxibozain propiorik eta gure enpresa kontratatzen dute artxiboko eguneroko lanez ardura dadin. Asteasukoa bereziki aberatsa da. Denboran zehar ez du kalterik izan, ez da erre, gerrateek ez diote kalte fisikorik eragin... eta, gainera, normalean udal artxiboetan gordetzen ez diren gauzak gorde dira bertan. Gauza asko artxibo probintzialera eramaten ziren, baina Asteasuko kasuan udal artxiboan gorde izan dira horiek denak eta horregatik dauzka besteek baino altxor gehiago», agertu du.

Eta horretan ari zela, astero bezala artxiboa arakatu eta txukuntzen, XIX. mende hasierako zenbait emakumeren bertsoak topatu ditu orain gutxi. «Ereitenen, artxiboak txukuntzeaz gain, saiatzen gara berri eta bitxikeriak ateratzen herriak jakin dezan udal artxiboan zer-nolako altxorrak dituen; horrela artxiboaren balioa nabarmentzen dugu. Eta horrela hasi nintzen Asteasuko artxiboan bertsolaritzari buruzko zer edo zer topatu nahian. Eta kasualitatez topatu nuen 1816 inguruan herriko zenbait emakumeren artean bertsotan emandako afera».

1816. urtean Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, beraien aitak lagunduta, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurka salaketa jarri zuten, lehenengoaren aurkako irainak plazaratzeagatik. «Berez espediente bat da topatu dudana, auzi bat. Gizonezko batek salaketa bat jarri zuen hainbat emakumeren aurka haiek bere alabaren kontra botatako irainengatik. Irain horiek bertso moduan bota zituzten eta emakume batzuk abestuak izan ziren. Eskribauak bertso horiek idatzi zituen auziaren parte bezala, ez iruditu zitzaiolako bertso horiek idatziz jaso beharra zegoela. Finean, auzia jartzearen arrazoia ziren bertso horiek eta horregatik jaso ziren idatziz. Baina egia da bertsoak harribitxia direla», azaldu du Piak. Ereiteneko Amagoia Pia eta Iago Irixoa aritu dira topatutako dokumentazioa aztertzen.

Josten eta bertsotan

Auzian esaten da salatutako emakumeek emagaldu deitu ziotela Maria Ignazia Mugikari, eta, gainera, bertsotan egin zutela. Ulertzera ematen da josten ari ziren bitartean jardun zutela bertsotan. Eta gero sesio horrek jarraitu egin zuela beste egoera zenbaitetan. Hiruzpalau emakumek botatako bertsoak dira eguneroko egoera ohikoetan.

Irainak tarteko auzi bat abiatzea oso ohikoa omen zen garai hartan. Auziarena bide nekosoa izan zitekeen arren, horren gainetik zegoen etxekoen ohorea eta izen ona. Garaiko emakumeek bereziki garrantzia handia ematen zieten ohore kontuei. Kasu honetan, baina, irainak bertsotan eman ziren eta hori askoz larriagotzat jotzen zen. «Bertsoak erabiltzeak publizitate handia zekarren eta honela, abesten zena hagitz azkar heda zitekeen. Komunikabide bikaina ziren bertsoak, zer erranik ez garai hartan irakurtzen zein idazten ez zekitenen kopurua hagitz handia zenean. Bertsoak, beraz, notizia, pasadizo, gertaera, zurrumurru eta bertzelakoen berri emateko komunikabide ezin hobea ziren, egia nahiz gezurra izan. Modu horretan, trikitia ‘infernuko hauspo’ gisa hartua izan den bezala, bertsoak ‘deabruaren tresna’ gisa har zitezkeen», nabarmendu dute egindako lanean Piak eta Irixoak.

Bide horretan, topatutako dokumentuak hala jasotzen du: «...se agrava la maldad al considerar que la afrenta se ha executado de la manera que recibe una publicidad escandalosa, y difícil de contener su pernicioso vuelo, porque la juventud que en todos los países y no menos en esta provincia se entrega a tomar los versos de memoria para contarlos, se olvida con dificultad de ellos por el frecuente uso que hace de ellos, resultando de aquí la extensión de la mala nota con que se califica mi referida hija...».

Udal artxiboetan jasotakoek pista asko ematen dituzte herri bateko ohiturez eta bizimoduaz. Asteasun topatutako auzi bertsotu honek ere arrasto dezente jartzen ditu mahai gainean emakumeek eta bertsolaritzak zuten harremanaz.

Plazan ez, bai esparru pribatuan

Mañazi zenaren inguruan kantatu zituztenak (bertsoak hari zuzenduta daude) eta bertsoak bota zituztenen izenak ere guregana iritsi dira. «Dokumentazioak lau izen ematen ditu eta horretan datza informazioaren beste esparru azpimarragarrienetako bat: guztiak emakumeak dira», nabarmendu dute Ereitenekoek. Lekukotzen arabera, bortz bertsoen egileak honakoak lirateke: Teresa Antonia Beobidekoa (lehen bertsoa); Concepcion Irazuztakoa (bigarren eta hirugarren bertsoak); Maria Magdalena Lertxundikoa (laugarren bertsoa); Maria Antonia Etxeberriakoa (bosgarren bertsoa). Emakume horiei buruz ezer gutxi esan daiteke; laurak zeharo ezezagunak dira eta bertsolaritzaren datu-base ofizialetan ez dago haien inguruko inolako daturik jasota.

Hala ere, eta dokumentazio lanean nabarmentzen dutenez, badago zer aipatua. «Hasteko, kronologiaren nondik norakoa. Izan ere, XIX. mende hasierako auzi bat denez, emakume guztiak XVIII. mendearen azken laurdenean jaiotakoak ditugu, lehenago ez bazen. Pello Errotaren herriak, beraz, tradizio luzea zuen halako jardunetan, bere sendiko alabek oso ongi islatzen duten bezala; arreba Sabina (1842an jaioa) eta Joxepa Iñaxi (1864) eta Mikaela (1869) alabak tartean. Orain, berriz, bizpahiru belaunaldi lehenagoko bertsolari emakumeez ari gara. Horrek ez du erran nahi halakoak Asteasun soilik ematen zirenik. Bertze herrietan gehiago izanen ziren halako lanetan, ziur».

Aipatu emakume horien bertso jardunari buruzko daturik ez izatean pentsatzekoa da ez zirela plazetan aritzen. Baina, Pia eta Irixoaren hitzetan, «jarduera ‘publiko’ bat ez izateak ez du erran nahi bertsoetan aritzen ez zirenik. Aitzitik, 1816ko salaketak halakorik bazela islatzen du. Ziurrenik, Asteasuko adibidea J. M. Lekuonak emakumeen paperaren inguruan aipatutako ildotik hartu behar dugu; hau da, bertsolaritzaren sugarraren euste-lana estuki lotuta dago bai emakumeen bertsozaletasunari bai emakumeek baserrietan jorratutako abestiei. Bertso hauek bide horretatik joanen lirateke. Emakumeek beraien artean eginen zituzten, esparru pribatuan. Plazetan ez ziren aritzen, baina bai beheko suaren berotan, artoa aletuz, garia jorratuz, behiak jetziz, harrikoa zein gorua eginez… Egunerokotasuna eta garaiko lanak eramangarriagoak egiteko. Baina baita, 1816ko honetan bezala, txutxumutxuak edo zurrumurruak akuilatzeko ere». Izan ere, auzi honek dezente esaten du bertsoak zuen funtzioaz eta balioaz. Salaketa jartzen duen aitak berak bereziki nabarmentzen du irainak bertsotan eman izanaren larritasuna. «Bertsoa, zalantzarik gabe, komunikazio tresna garrantzitsua zen, gaur egungo Whatsapp beraren parekoa. Bertso bat abestu eta jendeak entzun ondoren, beste bat eransten zioten. Pixkanaka, oso bertso ezagunak egiten ziren herrian eta inguruetan. Garai hartako jendearen ohiturakoa zen istorioak bertsotan kontatzea, eta gu baino askoz errazago gordetzen zituzten memorian bertso horiek», azaldu du Piak.

Azkenean, salatutako emakumeak barkamena eskatzen dio publikoki kaltetuari eta barkatu egiten dio. Salatutako beste batek etxean egindako atxiloaldi batekin ordaintzen du egindako kaltea eta horretan geratzen da kontua.

Ereiten kultur zerbitzuak

Ereiten enpresak zerbitzua eskaintzen die hainbat udalei beren artxiboak txukun mantentzeko. Hartara, garrantzi berezia ematen diote artxiboetan topatutako harribitxiak herritarrengana iritsarazteari.

«Blog bat osatu dugu topatzen ditugun altxor horien berri emateko – www.ereiten.eus webgunean dago eskura– garrantzitsua iruditzen zaigulako artxiboen balioa nabarmentzea. Finean, udalak diru bat gastatzen du artxibo horiek egoera onean egon daitezen eta gehienetan herritarrek ez dakite artxibo horietan zer dagoen. Blogean altxor horien berri ematen dugu, eta, gero, artxibora bertara joan daitezke herritarrak dokumentazio hori gertutik ikusteko. Artxiboak kulturalki oso aberatsak dira, altxor interesgarriak biltzen dituzte, eta horien berri ematea eta zabaltzea da gure helburua», nabarmendu nahi izan du Amagoia Piak.