amagoia.mujika@gaur8.info
IKUSMIRA

PARETETAKO HAUTAGAIEN ANTZ HANDIEGIA

Zenbat promesa eta agindu paretetatik, bozgorailuetatik, markesinetatik, postontzitik... Oraintxe, ezin da bat lasai ederrean egon, besterik gabe, egonean. Gutxien espero duenean, espero ez duen formatuan, «bozkatu!» hau, «bozkatu!» bestea, «eman botoa» honi, «babestu» hura...

Konbentzitu ez dakit konbentzitzen ote gaituzten. Paretetako kartelei begira geratzen gara irribarreak egiatakoak edo faltsuak diren bereizteko; akatsak ikusteko eta barre pixka bat egiteko. Izan ere, batzuetan hain da lausoa sinesgarritasunaren eta erridikuluaren arteko marra...

Arazoa da badakigula paretetan, bozgorailutan, markesinetan eta postontzietan agertzen zaizkigun aurpegiak eta promesak oso neurtuak direla, estrategikoki neurtuak. Eta, gero, egiatako hautagaiak parean ditugunean, paretetakoen antz handiegia hartzen diegu.

Altxatzeko dio besteak neurrira egindako panel horretatik. Kasu egin beharko diogu. Altxatu egin beharko dugu maiatzaren 25etik aurrera gure jendartea kudeatzeko ardura dutenek tente-tente dagoen herri bat topa dezaten parean.