Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos
Guatemalako aintzirarik ezagunena da Atitlan.
Guatemalako aintzirarik ezagunena da Atitlan.

Atitlan, sekretismoak argitzen dituen aintzira

Guatemalako aintzirarik ezagunena da. San Pedro, Atitlan eta Toliman sumendien gerizpean, herrialdean den ikuskizunik hunkigarrienetako bat zabaltzen da. Bere uretan nabigatu dugu, eta inguruko xendetan ibili gara San Antonio Palopotik Santiagoraino.

«Begira» esan dit Demetriok, bidelagun dudan guatemalarrak, eskuan daukan choca erakutsiz. 25 zentimoko txanpona da, eta alde batean emakume indigena baten irudia ageri da, tocoyala soinean duela, hau da, Santiago de Atitlaneko tzutujil emakumeen buruko apaingarri tradizionala. Txanpona erakustearekin batera, begi keinu batekin adierazi dit begiratzeko etxe baten parean eserita auzokideekin solasean ari den emakume bati, huipila daramanari. «Ez al diozu trazarik hartzen?», galdetu dit. Txanponeko irudia gazte batena da eta atondoko andrea hirurogeita hamarren bueltan ibiliko da, baina bai, elkarren antz handia dute. «Doña Chonita da», biak emakume bera dira, Concepción Ramirez Mendoza andrea.

50eko hamarkadaren amaiera aldera izango zen, eta Gobernuari asmo bat piztu zitzaion: herrialdearen nortasun indigena ispilatu nahi zuen txanpon batean. Taupada hori laburbildu, mamitu, gorpuztu zezakeen lekuren baten bila, hegoaldera begiratu eta hantxe aurkitu zuen: Atitlan aintzira. Eginkizun horretaz arduratu behar zen lantaldea Santiagora iritsi zen eta erabaki zuen Concepcion zela, bere 17 urteekin, maien arketipoa hobekien irudikatzen zuena. Demetrio bera, herrixka berean jaioa, harro dago herrialde osoaren ordezkari izateko hautatuko emakumearen komunitate bereko kide izateaz. Gaur egun, choca erraldoi baten eskultura dago herri erdian, Doña Chonitaren omenez, eta hedaduraz, aintzirako herritar guztien omenez.

Ura arrago

Lantalde hartako kideak ez ote ziren ari antropologismo folklorista moduko batek gidatuta, jatorrizko herrien benetako idiosinkrasia islatzeko batere asmorik gabe, susmoak baditut. Baina Atitlanen eta inguruetan zenbait egun eman ondoren egiaztatu ahal izan dugunez, talde hark, nahita ala nahi gabe, asmatu egin zuen. Sumendiz inguratuta eta Sierra Madreren bihotzean, aintziraren urertza indiarren oihan zaharrak gogorarazten dituen landaretzaz jantzita dago. Paisaiak oro har, bere edertasunaz harago, ispilu bat dirudi eta bertan islatzen da tradizio sakoneko eta biziraupen senetik eratorritako nahastura aztoragarriko Erdialdeko Amerika horren ehundegietan historia asaldatu batek jositako kosmobisioa.

Geologiak dioenari jarraituz, aintzira duela 85 mila urte sortu zen. Sumendien leherketak lurrazala kolapsatu zuen, eta depresio izugarri bat sortu zen. Sakonune hori gero urak hartu zuen. Baina Cerro de Oroko behatokitik, irudimenak hegoak zabaldu eta Itzamna herensuge handiarekin hegaldatzen da. Jainko sortzailea da bera, oka eginez lurrera ura isurtzen duena. Eguerdia iristean, hegoaldeko itsasbazterretatik iristen den aire beroak goi-lautadako korronte hotzekin talka egiten du uhin bortitzak eta zurrunbilo iragargaitzak altxaraziz, zuhurtziaz porturatzeko zentzurik izan ez duten ontziak mehatxatuz. Xocomil da, bekatuak jasotzen dituen haizetea, beharbada Kukulkanek bidalia, haizearen jainkoak, gure okerrekin atsekabeturik.

Chac sudurrandiak, euriaren jainkoak, abegi onez hartzen du Ah Mun artoaren jainkoa, elikagai preziatuari bizia emateagatik. Eta gaua iristean, Ix Chel ilargi zurbilak, uholdeen jainkosak, bere aurpegi ederra islatzen du aintzirako izara leunaren gainean. Behialako jainko-jainkosek tonalitate bizi eta aspaldikoz osatutako munduan murgiltzen gaituzte, mesoamerikar hizkuntzen kulunka guturalarekin lagunduta. Atitlanen, kaktxikel eta tzutujil herrien arteko mugek topo egiten dute, kitxe auzokideak ere ez daude oso urruti, eta antzinako maien bihotza pilpiraka dabil emakumeen janzkera koloretsuan, gizonezkoen arrantzarako trepetatan, kalabera maskaretan edo dantzetako jaguarretan, baita beren nortasunaren eta eskubideen alde borrokatzeko kemen menderakaitzean ere; izan ere, goi lur hauetan, mugimendu indigena oso indartsua izan zen, baita gupidagabea ere errepresioa, berunezko urteetan. Eta garaian 25 xentimo hutsaren hurrengoa izan ziren, Doña Chonitari berari aita torturatu eta senarra hil baitzioten militarrek.

Aintziraren gainean buruzagi gisa agertzen diren sumendien handitasuna, Atitlan, Toliman eta San Pedro, amore ematen ez duen herri honen metafora da. Hegoaldean dotore nabarmentzen dira, urdin asmagaitzez eta mendi magal berdez osatutako mihisean leku nagusia betez. Beraien ondulazioek, sakonetan mugikor eta lur azalean geldo, gogora ekarri digute jende honen erresilientzia: biziraupenerako etengabeko aldaketan lehendik dena izaten jarraitzen ikasi duen herria da.

Maximonen bila

Iraganean, lehenik konkista izan zen eta independentzia kreola gero, jainko eta santu berriekin, hizkuntza berriekin, botere harreman eta muga berriekin. Orainaldian, neokolonialismoa eta turismoa dira; eta gaurko aldaketa faktore horiek lehengo haiek bezain indartsu eta eraginkor dira, eta beren kontraesanak, batzuetan integratzen eta harmonizatzen zailagoak.

Panajachel, aintzirako herrigune nagusia, gaur egun ez da sorreran baino askoz handiagoa, hau da, frantziskotarrek kristautasunera bihurtutako indigenekin herrixka bat sortu zuten garaira jota. Eliza koloniala –orduko testigantza bakarra–, bi kale nagusiak –Rancho Grande eta Santander–, eta askoz gehiagorik ez; baina inguruko biztanleria mestizoaren zatirik handiena bertan biltzen da, eta turista gehienak ere bai, duela 60 urte inguru bertaratzen hasi zirenetik. Hotelak, jatetxeak, artisautza eta souvenir dendak, ibilaldi eta jarduera agentziak... Ironia jokoan jarrita, aintzirako biztanleek Gringotenango izenarekin bataiatu dute. Santa Catarina Palopo eta San Antonio Palopo herrixketan osteratxoa egin eta gero, kaktxikeleraren doinua asti gehiagoz dastatzeko, portura itzuli eta ontziratu egin gara aintzira zeharkatzen duten txalupa horietako batean.

Hegoaldeko herrixkak ezagutzera goaz. Espiritualtasun gurutzatuetan barnako bidaia da, hartzen duen parajea zirraragarria den hein berean bitxia ibilbidea. Lehenik, Santa Cruz la Lagunan egin dugu geldialdia, mendi magal baten gainean hedatutako herrixkan. Giroari halako lasaitasuna dariola, ibiltzera bultzatu gaitu, eta ordubetez sigi-sagan ibili gara labarraren ertzean, barealdi moduko bat den hostaje berdean barrena. Eta ibiliz, Jaibalitoraino iritsi gara; oinez edo ontziz baino ezin da heldu herrixkara. Orain arteko den-denak lur arkaikoko Guatemalan murgildu gaitu.

Berriro ontziratu gara, San Marcos la Laguna jomugan hartuta. Tupustean piramide eszentrikoak agertu zaizkigu parean, Akuarioren aroko testigantza lekuz kanpokoak. Izan ere, New Age mugimenduak indar teluriko-zerutiar bereziak antzeman zituen paraje hauetan, kontzientziak hedatzeko gai zirenak, eta hementxe egin zuen apatx, reikiak, barazkizaletasunak, mantrak, meditazioak eta abarrak ekarriz. Nolanahi ere, bainu eder bat hartzeko leku ona da.

Nabigatuz jarraitu dugu San Pedro la Lagunaraino eta bertako kafe sailetaraino, eta handik, Santiago Atitlanera, bera baita, zalantzarik gabe, aintzirako herririk interesgarriena. Tzutujilen hiriburua dela esan genezake. Hemen, indigena, dentxo hori baino ez da, itxurakeriak zeharo uxatuta: sinkretismo erlijioso eta kulturalen jokoa, iturri desberdinetatik elikatua, tradizioak batuz, josiz, urtuz eta konbinazio lotsagabe, surrealista eta sinesgaitzenetan katramilatuz mehatxuei erantzuten dakiena.

Udaletxearen plazan eliza dago, eta pulpituan zizelkaturik artaburuak ageri dira, sorkuntzaren sinboloa, eta Yum Kax gariaren jainko maia irudikatzen duten taillak. Baina sinkretismo horren erakusle gorena, muturrekoena, santu tunante bat da. Tradizioak dioenez, maien dibinitate baten eta San Judas Tadeoren arteko nahasketa bat da Maximon, edo Rilaj Maam, edo San Simon, hiru izenokin ezagutzen baitute. Zerutiar bezain mundutar, alproja bizizale bat da jendea babesten duena, beti bere txokorra erretzen, zintzurra bustitzen, dantzan... eta gizakien eta jainko-jainkosen arteko bitartekaritzan ari dena, ajq’ij edo gida espiritual on orori dagokion bezala.

Goi-lautada osoan gurtzen dute, Jesu Kristoren beraren gainetik, eta ezaugarri desberdinekin irudikatzen dute. Santiagon, adibidez, stetson kapela, gorbata eta zapi koloretsuak janzten dizkiote. Etxez etxe, txandaka zaintzen dute herriko familiek, bakoitzak urtebetez, eta haren inguruan fededunek eramandako eskaintzak gogotik ugaltzen dira.

Biziraupen kulturalaren eta berezko nortasun berrien sorreraren giltza beharbada azaleko aldaketan eta sinkretismoan egongo da. Hala balitz, Atitlan horren erakusle ezin hobea izango litzateke. Eta baliteke Maximon bihar berriro itxuraldatzea, beste zerbait bilakatuz, bere garaian Popol Vuh eta Chilam Balam kontakizunetako jainko-jainkosa guztiek egin zuten bezalaxe.