Andoni Urbistondo
Bakardade eta lasaitasun sentsazio handia sumatzen da Valderejon.

Valderejo, Euskal Herriko «Far West»

Valderejo misterioz eta xarmaz inguratutako tokia da. Euskal Herriko Far West edo Mendebalde Urruna. Ez dago haizeak hara eta hona mugitzen duen lasto fardorik, ezta John Wayne ere bere Winchester erriflearekin, baina bai bakardade eta lasaitasun sentsazio handia, Far West-eko pelikuletan bezala.

Euskal herritar askorentzat ezezaguna da Valderejo. Hiri handi gehienetatik urrun, edo oso urrun. Gasteizko jendeak esana: «Guretzat ere ordubetera dago, ez pentsa!». Kontrapuntua Ainararena, Lalastra herriko Parketxeko langilearena: «Noiz ez dugu ordubete egiten autoan mendira joateko?». Ez zaio arrazoirik falta. Valderejok merezi baititu ordu pare bat autoan.

Urri paraje haiek bezalakoak Euskal Herrian: haitz ikusgarriak, haitz horiek hausten dituen erreka indartsua, herri hutsak, sai arreak... eta neguko jantzi zuria! Horixe da Valderejo, mundu ezezaguna, pauso batera. Euskal Herriko Far West edo Mendebalde Urruna da.

Valderejok ezustean harrapatuko du bisitaria. Lalastra Natur Parkeko herrixka nagusira iritsi baino lehen hiruzpalau kilometroko zuzengunea pasatu behar da derrigor, Burgosko San Zadornil herria zeharkatu ostean. Gorantz egiten du bideak, eta iparrean Carrias mendi tentea eta gailur txiki multzoa dago (1.145 m). Arabako tontor madarikatua da Carrias, zaila delako, harritsua, eta gailurrera iristeko harriei itsatsitako kate batzuei heldu beharra dagoelako.

Vallegrull-eko haitzak, zaindari

Halako batean lepo bat gainditzen da, eta aurrez aurre Valderejoko goi lautada agertzen da begi bistan: Lalastra eta Lahoz herrixkak hegora, Vallegrull-eko haitzak zaindari dituela, eta iparrean Arrayuelastik Recuenco, Natur Parkeko gailur garaieneraino doan haitz multzoa (1.240 m). Bailara zuri-zuri, aberats. Gailurrak harri soil, gris, biluzik.

Paisaia askoz lehenago hasten da ikusgarri egiten, halere. Pobes eta Gesaltza-Añana igarotzean, Espejo, Villanañe. Gaubea bailara hegoaldean zuri-zuri dauden mendi ikusgarriak daude. Artzena mendikatea da, Mota eta Cueto gailurrekin (1.362 metro). Araba eta Burgos banantzen ditu mendikate horrek, eta errepidearen zoruak ere bai. Askoz gozoagoa Araban, Burgosen baino. 7 bat kilometroko bidea egin behar da Burgosko lurretan, berriro Valderejora, Arabara itzultzeko. San Millan de San Zadornil, San Zadornil eta Arroyo de San Zadornil zeharkatu behar dira.

Lalastran ordulari bitxia daukan eliza, iturri dotorea eta parketxe ikusgarria daude. Baita bazkariak ematen dituen taberna ere, noski. Parketxeak kristaldegi ederra dauka, eta astearte-igandea bitartean arreta ezin hobea ematen duten bi langile ere bai: Ainara eta Jagoba, euskaldunak biak. Ezinbestekoa da bertatik pasatu eta informazioa biltzea. Natur Parkea den neurrian, babes neurri zorrotzak baitaude Valderejon. Mugetako bat, ibilbideena. Urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era bitarte debekatuta dago Vallegrull eta Recuenco mendietara doazen bideetatik ibiltzea, bertan bizi diren harrapakarien ugaltze garaia delako.

Puron ibaiko haitzarteko bidea, aldiz, urte osoan egin daiteke. Eta merezi du. Lalastratik 4 bat kilometroko bide erosoa da, 915 metroan hasi eta 650 metroraino jaisten baita.

Bide eta soroak zuri daude, baina elurra goietan bakarrik mantentzen da. Pago eta pinu gorri basoan sartu aurretik, Villamardones herri hustua eta Vallegrull mendiko haitzak ikusten dira. Basoa itxia da, eta soinu asko entzuten da. Valderejo otso lekua izan zen, eta da. Pentsatzekoa da gizakiaren presentziak haiek uxatu dituela, baina ez-lasaitasun halako batekin egiten da bidea. Besteak beste, bat-batean zaunka baten antzeko soinuak entzuten direlako. Orkatzek ugaltzean egiten dituzten soinuak dira. Aztoratzeko modukoak...

Sai arreak

Basoan barrena, bat-batean uraren soinu txikia entzuten hasten da ibiltaria. Goi lautadako elurra lurmentzen ari da, eta Puron ibaia kabitu ezinik doa basoan behera. Une batean, pista bera gurutzatzen du eta derrigorrezkoa da zubi bat zeharkatzea. Ordubeteko bidea egin ondoren, errekaren bestaldean, eliza handi bat ikusten da muino baten gainean. Ribera herriko eliza da. Herri hau ere hustuta dago, baina mende hasieran 31 etxe 94 biztanle zituen. 60ko hamarkada bukaeran hustu zen, erabat. San Esteban eliza ikusteko modukoa da. Urteen joan-etorriak eraikin hondatu bilakatu dute XIII. mendeko eraikin erromanikoa, baina hurbiltzeak merezi du. Goitik Riberako zelaiak eta Artzena mendikateko mendebaldeko gailurrak ikusten dira, dotore.

Puron ibaiak milaka urtetan egin duen haitzartea Riberatik ordu laurdenera dago. Artzena eta Valderejoko mendiak erdiz erdi banantzen ditu errekak, eta pasabide polita eratu. Ur asko dator mendian behera, eta soinua burrunbatsua da. Haitz garai eta bertikalak hatzekin ukitu daitezke, ia-ia. Ogitartekoa dastatzen hasi eta berehala, hainbat sai arre multzo ikus daitezke planeatzen zeruan. Hilda dauden animalien haragiarekin elikatzen dira, baina itxuraz, harrapakin izan gaitezke haientzat, eta zaintza lanean ari direla pentsa daiteke. Valderejon 200 sai arre daude, eta esan beharrik ere ez, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen kolonia handiena da.

Zorionez, gizakiok ezin dugu haien bizitokietara iritsi, eta horri esker desagertzeko arriskuan ez dagoen espeziea da. Puron ibaiaren arrastoari jarraituz Burgosko Herran herrira irits daiteke, baina Lalastrara buelta luzatu egiten da handik, oinez bederen. Itzulerako bidea ez errepikatzeko, Ribera herri hustuan Vallegrull azpitik doan bidea har daiteke, eta Villamardones herrira iristean, Lalastrara bueltatu. Hiru orduko bidea da, lasai-lasaia, pendiz handirik gabea. Eta bakartia bezain ederra. Negu betean egindako ibilbidea da hau. Vallegrull eta Recuenco gailurretatik bista dotorea izango da ziur. Uda bukaeran bueltatzeko aitzakia ezin hobea.

Honi buruzko guztia: Mendibide