Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Elkarrizketa
Aimar Olaizola
Pilotaria
gara-2021-10-29-Entrevista
Fotografía: Jon Urbe | Foku

«Faltan botatzen dut jendearen artean Irujo eta nire artean zegoen pike hori»

Azaroaren 13an pilotaren aro baten azken kapitulua itxiko da Goizuetan. 43 urte betetzen dituen egunean bertan, agur esango dio Aimar Olaizolak, etxekoen artean, 23 urte, 1.300 partidatik gora, 27 final eta 14 txapela izan dituen ibilbide oparo bati.

Agurreko prentsaurrekoan esan zenuen ez dela erraza agurrerako data bat jartzea, beti dagoela zalantzaren bat, baina ematen du bete-betean asmatu duzula momentuarekin.

Nire ustez, bai. Ez da erraza eguna jartzea eta datarekin asmatzea, baina aurretik garbi nuen erabakia hartzen nuenean pilota sentsazio onekin utzi nahi nuela eta itxura ona emanez. Jendeak transmititzen didana da erabaki ona izan dela eta ni behintzat gustura nago. Azkenaldian gustura jokatzen ari naiz, maila nahiko polita ematen ari naizela uste dut, baita ondo hartutako erabakia dela ere.

Jokoz orain baino okerrago ibili izan zara. Ez dakit azkenean damurik ez ote zitzaizun sartuko...

Dagoeneko ez, askok esan didate oraindik segi egin beharko nukeela, baina nik garbi daukat eta nahiago dut horrela utzi. Garbi nuen ez nuela azken urtea arrastaka edo sufritzen pasa nahi, eta, gainera, burua pixka bat nekatuta sentitzen nuen.

Burua gorputza baino nekatuago?

Bai, dudarik gabe. Gorputza oraindik oso ondo errekuperatzen dut, baita partidak segidan jokatuta ere. Kontua da partidaren aurreko egunean, partidaren egunean bertan, presio hori nabaritzen nuela eta burua nekatuta sumatzen nuela. Gainera, ni oso exijentea naiz eta gustatzen zait partida egunean, baita aurrekoan ere, den-dena ongi egitea, errutina batzuk jarraitzea... eta horrek ere bere nekea badu.

Ibilbidearen balantzea egiterakoan ere gustura egoteko moduan zaude, ala?

Bai, inolako dudarik gabe. Ez nuen inola pentsatuko halako palmaresa izango nuenik, baina beti esandakoa, hori baino gauza garrantzitsuagoak ere badira: 23 urte, ia 24, profesionaletan egitea, ezagutu dudan jende pila, pasa ditudan momentu onak, txarrak ere bai... Ia nire bizi osoa izan da eta, niretzat behintzat, oso polita eta aberasgarria.

Azkenaldian jasotako jendearen aitortza ere handia izango da...

Bai, dudarik gabe, eta nik ez nuen espero jendearen aldetik halako erantzunik. Hor zaudenean ez zara konturatzen inguruan zenbait jendek jarraitzen zaituen eta ni ere harrituta nago, onerako, jokatutako azken partida hauetan hainbeste jende ikusita frontoian, giroa, mezuak, deiak… Hainbeste ez nuen espero.

Balantze horretan, une onenen artean beti aipatu duzu lehen buruz buruko txapela, 2005ekoa.

Momentu onak asko izan dira, txapel guztiak dira bereziak, baina beti final bat edo partida bat aukeratzeko esaten didatenean, final hura, Irujoren aurka Atanon jokatutakoa aipatzen dut; bereziena izan zen. Izan ere, aurretik beti pentsatu izan nuen buruz buru ez nintzela gai izango txapela ateratzeko.

Asperekin debuta egin eta gutxira irabazi zuen lehen lehiaketatako bat, Aitor Elkororekin, 1999ko Donostia Hiria. Argazkia: Andoni Canellada | Foku

Kaiolako zazpi txapeletako lehena Ogetan jantzi zuen, 2002an, Abel Barriolaren aurka. Argazkia: Jagoba Manterola | Foku

Buruz Buruko Txapelketako lehen garaipena 2005ean heldu zen, Martinez de Irujoren aurkako finala irauli eta gero. Argazkia: Jon Urbe | Foku

Urte hauetan guztietan, Asier anaia izan du botilero lanetan Aimarrek.
Argazkia: Jon Urbe | Foku

 

Eta txarrena, lesioak?

Bai, hiru lesio larri izan ditut, baina horren ibilbide luzean ez da hainbesterainokoa ere. Eta hiruretan txarrena ziurrenik buruz buruko finaleko Patxi Ruizen aurkako kontu hori izan zen: aurretik bi aldiz haustura, ireki eta berriz itxi, finala baino lauzpabost egun lehenago proba egin, oso ondo zegoen dena, eta, finaleko egunean, lehenbiziko sakean bertan berriz haustea… Momentu txarrena horixe.

Eta gero entzun beharrekoak…

Horregatik. Jendeak ez du jakiten eta kritikak berehala heltzen dira, baina ni alde horretatik nire buruarekin oso lasai nago; gauzak ondo egin nituen, baina bost edo sei hilabete geldirik egon behar izan nuen gero...

Iazko grebaren zalaparta eta hori guztia ere ez zen gozoa izango...

Dudarik gabe, inoren gustukoak ez diren gauzak dira. Baina askotan esan dut: ni hasieratik denekin oso garbia izan nintzen, bai nik bezala pentsatzen ez zutenekin bai nik bezala pentsatzen zutenekin, eta niri inork ezin esango dit gauza bat esan eta bestea egin nuenik. Denekin garbia izan nintzen hasieratik eta ni alde horretatik oso lasai nago.

Badago zauririk oraindik?

Ez, ez, ez. Nik behintzat ez dut ezer nabaritzen, pilotarien artean giro oso ona dago eta inolako arazorik ez dago. Esandakoa, bakoitzak errespetatu behar du bere iritzi bera ez duen jendea. Nik uste ez zela unea, eta pena hartu nuen lagunak greban ikusita, baina nik euren iritzia errespetatu behar nuen eta eurek nirea.

Balantze horretara itzulita, Binakako Txapelketan arantzatxoren bat geratu zaizu? Bentajarekin jokatzearena berandu xamar heldu zaizu agian?

Ez dakit, lortu dudanarekin oso gustura nago. Egia da hori galdetzen didatenei beti esaten diedala uste dudala urte batzuetan maila izan dudala beste txapelen bat irabazteko, baina gauza asko eman behar dira txapela irabazteko. Hortik aurrera, egia da urte askotan tokatu zaidala niri bentajak ematea eta ez da erraza, baina, hortik aparte, beste batzuetan nigatik ez genuen irabaziko. Egindakoarekin gustura nago.

Orduan, gainera, ez ziren tartean gaur egungo atzelariak. Lehen Juan Martinez de Irujo eta zu zeu zineten partidaren norabidea aldatzen zenutenak. Orain, berriz, aldea atzean dago?

Igual Beloki bai, baina gainontzean lehen halako zulorik irekitzen zuten atzelaririk ez zen. Azken bost edo sei urteak aztertuz gero, nork irabazi duen eta finaletan nor egon den, ia denak dira atzelari berdintsuak. Nik uste diferentzia handiak markatzen ari direla, eta horrela ez da erraza.

 

Jokin Altuna egon daiteke orain zu luzaroan egon zaren toki horretan?

Bai, baina Jokin gaztea da oraindik eta irabaziko ditu txapelak. Gainera, seinale ona ere bada hori beretzat: bikoteak orekatzeko bentajak eman behar badituzu ondo zauden seinale da.

Pilotaria jaio egiten den edo egin egiten den galdetzen da. Zure kasuan bi gauzak eman dira akaso?

Dudarik gabe, garrantzitsuena horrela jaiotzea da, baina nik ere jendeak uste baino lan askoz gehiago egin dut! Horretan ni oso zorrotza naiz nire buruarekin, ez partida egunean edo entrenatzen dugun ordu eta erdi horretan bakarrik. Agian ni gehien ezker gantxoarekin nabarmendu naiz, baina nahiz eta postura hori dominatu, ia egunero ariketa piloa egin izan ditut. Eta hortik aparte jana, ordutegiak… gauza horietan oso maniatikoa izan naiz. Nire ustez profesionala, izan behar den bezalakoa.

Profesional onaren eta maniatikoaren muga horretan ibili zara orduan?

Bai, nik onartzen dut hori. Gauza askotan maniak ere bai, baina nik uste gero emaitzak hor daudela. Nire ustez oso garrantzitsua da pilotari batentzat kantxara irtetea zure buruarekin seguru, gauzak aurretik ondo egin dituzula jakinda; gero egun ona edo txarra izan dezakezu, edo bestea zu baino hobea izan dela-eta galdu egin dezakezu, baina behintzat zure buruarekin lasai. Eta takoekin ere bai. Nik takoekin kristoren maniak izan ditut; partida aurretik igual aste barruan hiru edo lau aldiz takoak aldatu, gustura ez nengoelako. Eta gaurko egunean asko ikusten ditut aste tartean takoak begiratu ere egiten ez dituztenak. Hori bakoitzaren araberakoa da. Nik detaile txiki pilo bati garrantzi handia eman diot.

Neke psikologikoa ere hortik etorriko da...

Horregatik. Gero, gainera, familia izatean, andrea eta lau ume ditut, bestelako konpromisoak ere izaten dira, asteburuan bazkariren bat edo... Eta nik, partida banuen, ez nintzen joaten; gauza horiek guztiek ere desgastatu egiten dute bat azkenean.

Kirolari baten bikotekidea izatea erraza ez bada, pilotari batena are gogorragoa?

Orain oporrak eta baditugu, baina asko ez, asteburu bat libre. Baina, hortik aparte, guk ez dauzkagu udan bi hilabete libre beste kirolari askok bezala; guk asteburuero ditugu partidak, udan astez ere bai, eta gure ingurukoentzat, kasu honetan andrearentzat, gogorra da. Ez gaude kexatzeko moduan ere, noski, baina gure ondoan daudenek meritu handia dute.

Zuk esana da umetan egunean hiru edo lau aldiz joaten zinela pilotan jokatzera. Egun hori falta da?

Dudarik gabe. Gaur egun astean bi entrenamendu egiten dituzte, monitoreekin dituzten saioak eta gero pilotan gutxi gehiago. Ez ni bakarrik, oraindik ere kuadrillakoak garenok, egunean bi edo hiru aldiz ibiltzen ginen. Alde handia dago. Eskolatik irten eta frontoira joaten ginen, tartea genuen bakoitzean frontoira, gero partidak ere bai...

Zertan aldatu da pilota gehien 23 urte hauetan?

Nik uste asko aldatu dela; frontoien kolorea, pilotak, lehenagoko beltzekin ere ibilia naiz ni… baina hortik aparte abiadura, jokatzeko era bera ere, lehen askoz ere klasikoagoa zen. Ni neroni airez eta askoz gutxiago sartzen nintzen, gero Titin, Irujo, Unanue bera ere lau eta erdian heldu ziren, airez jokatzen zuten pilotariak guztiak, eta dena aldatu zen. Nire kasuan gehienbat Irujorekin ikusi nuen airera jokatzera aldatu beharra eta horrek pilotari hobea izatera bultzatu ninduen.

Irujoren izena beti egongo da zurearen alboan. Batak bestea hobea egitea ahalbidetu al zenuten?

Bai, urte pilo bat izan dira. Beste pilotari pila bat ere izan ziren, Abel, Xala, Oinatz eta horiek denak ere bai, baina hamarretik zortzitan beti biak ginen elkarren aurka. Nire kasuan behintzat, beti esan dut, eta berak ere bai, elkarri gauza batzuk aldararazi genizkiola, hobetu egin behar izan genuen eta, nire ustez, nire kasuan, joko horrek ekarri zaidan nire maila igotzea.

Inoiz esan izan didazu beranduegi ez ote zenuen egin aldaketa hori...

Bai, nire ustez, urte eta erdi edo lehenago egin banu, agian txapelen bat gehiago izango nuen, baina orain alperrik da!

Aldaketarekin emaitzak zure aldera hobetu ziren...

Bai, Irujoren kontra askoz hobeak aldatu nuenetik; nire aldera partida gehiago erori ziren, baina ez Irujoren aurka bakarrik, bestela ere, joko horrek konfiantza gehiago ere ekarri zidan.

Zuen arteko pike hori ere bazen, baina nik uste gehiago zela zaleen artekoa zuen bien artekoa baino, ala?

Nik beti esan izan dut Irujo zalea zenari Aimar gaizki erortzen zitzaiola eta Aimar zalea zenari Irujo gaizki. Gaur egun, adibidez, hori pixka bat faltan botatzen dut; pilotari oso onak daude, figura handiak, baina jendearen artean ez dago bi pilotariren arteko pike hori eta hori ona izango litzateke pilotarentzat eta baita pilotarientzat eurentzat ere.

Asko eman zenioten pilotari?

Irujori askotan entzun izan diot kalera irten eta jendea pilotaz aritzen zela hitz egiten, eta nik uste saltsa hori orain ere ona izango litzatekeela.

 

Zuen arteko harremana ona zen, hortaz?

Bai, inolako arazorik gabe. Biek jokatzean beti kanpoan zerbait desberdina sortzen zen, beti izaten genituen aukeraketetan saltsak, baina han geratzen zen dena.

Esaten da zuen arteko finalak aukeraketaren egunean hasten zirela irabazten...

Ez dakit, normalean ni izaten nintzen kritikatua, pilota baxuak eta hartzen nituela. Bestearen pilotak gustatzen ez bazitzaizkigun esan egiten genuen, baina gauza txiki batetik kristoren saltsa sortzen zen.

Behin Mikel Idoateri entzun nion zu zeu zinela pilotaren inguruko «zirku» guztia hobekien ulertu eta maneiatzen zuena. Ados zaude?

Ez dakit, garbi dagoena da pilota ez dela bakarrik partida jokatzea. Egun gauza pila bat daude aurretik eta atzetik, ni beti izan naiz nahiko hotza eta gauzak kalkulatzekoa; dena ondo prestatuta eramatea gustatu izan zait.

Buruz oso azkarra zaren etiketa hori jarri izan dizute behintzat...

Etiketa bai, baina esandakoa, lehenago aldatu izan banu jokatzeko era, igual txapel gehiago izango nituzke, beraz, ez dakit ba!

Olaizola III.enik izango da?

Ez dakit ba, anaiaren semea eta alaba ibiltzen dira eta nireak… zaharra ez, Irai futbolean ibiltzen da tope, hura gustatzen zaio, baina Joanek afizioa eta badauka, eta neskak oraindik txikiak dira. Ez daukat halako obsesiorik, garrantzitsuena euren gustuko zerbait egitea baita. Momentuz behintzat ilobek afizio handia dute, ni gehien jarraitzen nautenak ilobak dira; Ametsek behintzat partidak eta jokatzen ditu.

Zure etxean ere erori dira futbolaren atzaparretan?

Ez dut nik asko presionatu. Ez dut «pilota, pilota, pilota» esanez aritu nahi, gustatzen zaiena egin dezatela, disfruta dezatela. Bai bi ilobei eta baita seme txikiari ere gustatzen zaie pilota.

Zuk ikasketak goiz xamar utzi zenituen pilotan buru belarri aritzeko, ezta?

Bai, 19 urterekin utzi nituen eta argi daukat eurentzat garrantzitsuena ikastea dela. Gainera, gaurko egunean badago dena egiteko denbora. Badira pilotari gazteak ikasten ari direnak. Lehen gehiago zen mentalitate hori, pilotariek ikasketak segituan utzi behar zituztela eta nik uste, azken urteotan, behar duen bezala, profila aldatu dela, ikasi eta gero pilota.

Eta azaroaren 14tik aurrera zer?

Hasieran behintzat lasai egon nahi dut, familiarekin eta egon, gutxienez asteburu batzuk libre izan eta gero ehizan ere ibili nahi dut. Izan ere, urte pilo batean ehizan ibili izan naiz baina beti partidetako traba horrekin. Orain ehizarekin disfrutatu nahi dut, txakurrekin eta gustura ibili. Askok esan didate nahita jarri dudala azken egunaren data ehizara joateko. Gero andrearekin eta lagunekin ere egon nahi dut, ze, lehen esan bezala, beti asteburu guztiak okupatuta izan ditut.

Anonimo izateko gogorik bai?

Bai, ni ere lasaiago egongo naiz inor begira ez badago, eta garbi daukat gainera, hor zaudenean jendeak azkar ezagutzen zaituela, baina utzi eta hamar egunera nitaz ahaztu edo askoz anonimoago a izango naizela. Baina tira, ez dut halako arazorik, polita ere bada jendeak kalean eta geratzea edo argazki bat eskatzea.

Munduko beste puntara joanda ere azalduko da ezagutzen zaituen norbait...

Ez naiz toki askotan izan, baina bidaia luze batzuk ere egin ditut eta oraindik ez dut toki bat topatu euskaldunik edo topatu ez dudanik. Beti tokatzen da norbait, baina polita da hori.

Behin esan zenigun Leo Messi zu baino okerrago bizi zela...

Dudarik gabe gainera. Alde horretatik, haiek guk baino gauza pila bat gehiago izango dituzte, baina nik uste haiek kuadrillarekin eta edozein egunetan bazkaltzera edo afaltzera joaterik ez dutela eta niri gustatzen zait hori. Alde horretatik pilotariek ez dugu arazorik.

Zuk egindako dena asko magnifikatzen da. Zure inguruan astakeria asko entzun dituzu?

Ez nuke esango eta egia esan ez diot garrantzi handirik ematen. Orokorrean, dena hartuta, oso gustura eta oso pozik nago jendeak emandako tratuarekin, prentsak, bi enpresek… Beti izaten dira momentu txarrak, baina gauza horiekin ere, dena positiboa izan dela esango nuke. Ez dut inongo arazorik izan, pilotaren bueltan izan dudan guztia, nahiz eta une txarrak ere izan, lesioak eta, positiboa izan da.

Prentsarekiko tratuan ere oso profesionala izan zara: zerbait eskatu dizugun bakoitzean baiezkoa eman duzu. Lanaren partetzat hartu duzu.

Dudarik gabe. Gainera, ni zuen aldetik ere beti ondo tratatua sentitu naiz. Nahiz eta batzuetan kritikak jaso, hor gaudenean, kirolari batek jakin behar du gaizki jokatu duzunean gaizki jartzea eta ondo jokatutakoan ondo. Gauza horiek errespetuz jarriz gero, ez dago arazorik eta alde horretatik inongo arazorik ez dut izan, eta izan badut, berari esan diot zuzenean. Sekula ez dut esan elkarrizketa bat ez nuela egingo, nik uste denok ondo hartu zaituztedala, nire ustez hori ere gure lanaren barruan dago.

1.200 partidetan ere, partida txar gutxi eta keinu txar are gutxiago...

Partida txarrak ez dakit, baina keinu txarrak ez dut uste asko egin ditudanik. Nik uste hori izaera kontua dela, ez naiz sekula oihuak edo keinuak egitekoa izan. Nik ere barruan mala lechea badut, baina ez zait irteten. Gainera, ez zait gustatzen frontoian ematen duen inpresio hori. Nik gazteak eta ikusten ditudanean, askotan esaten diet halakorik ez egiteko.

Gazteak aipatuta, enpresan jarraitzeko gogoa baduzula esan izan duzu, erakusten jarraitzeko...

Orain nahi dut bukatu eta egun batzuetan lasai egon, disfrutatu andrearekin eta umeekin, ehizara pixka bat… Gero beti esan izan dut gustatuko litzaidakeela pilota munduan jarraitzea, baina orain benetan esaten dut ez dudala ezer pentsatuta.