NAIZ.INFO
DONOSTIA

Olaberriko baserriaren enkantea, behin behinean bertan behera

Tolosako epaitegian egitekoa zen Olaberriko baserri baten enkante prozesua behin behinean gelditzea onartu du epaileak eta, hortaz, bertan bizi diren hiru lagunek, adinean aurreratutakoak, etxean gelditu ahalko dira.

Kaleratzeak Stop plataformako kideak, Tolosako epaitegiaren atarian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Kaleratzeak Stop plataformako kideak, Tolosako epaitegiaren atarian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Goierriko Hitzak berri eman duenez, Olaberriko baserria baten subastatze prozesua «momentuz» gelditu egin du epaileak.

Eskualdeko Kaleratzeak Stop plataformako kide Ana Urangak adierazi duenez, enkantea bertan behera utzi izanak prozesu guztia atzeratu egingo du, eta bitartean, plataformako abokatuek kasu honetan egingo dute lan.

Tolosako epaitegiaren atarian elkarretaratzea egin du plataformak.

Olaberriko baserri «historiko bat» da subastatzekoa zena. Bizilagunetako batek 15.000 euroko mailegu pertsonala eskatu zion mailegugile pribatu bati, eta ordainkizun gisa hark sartu du salaketa, baserria maileguaren berme modura jarrita baitzegoen, 30.000 eurotan tasatua.

Bestalde, Kaleratzeak Stop plataformak bihar egitekoak diren protestetan parte hartzeko deia egin du: Bilbon (18.00etan, Arriaga plazan), Donostian (12.00etan, Bulebarrean), Iruñean (18.00etan, Gaztelu plazan), Tuteran (18.00etan, Plaza Berrian) eta Gasteizen (eguerdiko ordu batean, Ama Zuriaren plazan).