KOLDO LANDALUZE
DONOSTIA

Umap, Twitterreko euskarazko jarduna jasotzeko egitasmoa

Umap proiektuak 2010ean eman zituen lehenengo urratsak. Twitterrek ematen duen APIari esker, jarduna «streaming» bidez jarraitzen du Codesyntax enpresak, denbora errealean eta automatikoki, eta euskaldunon jarduna filtratzen saiatzen da.

Luistxo Fernandez, Codesyntax enpresakoa, Umap proiektuaren aurkezpenean, Twitterreko zuzeneko ‘streaming’-a atzean duela. (CODESYNTAX)
Luistxo Fernandez, Codesyntax enpresakoa, Umap proiektuaren aurkezpenean, Twitterreko zuzeneko ‘streaming’-a atzean duela. (CODESYNTAX)

Codesyntax enpresakoak aspaldi dabiltza sare sozialen inguruko tresnekin lanean, eta batez ere, Twitterrek eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzen saiatzen. Izan ere, Twitter da bere jarduna modu irekian ematen duen sare sozial bakarra. Twitterren APIak aukera ematen du sare sozial horretan dagoen edukiari automatikoki jarraitzeko moduak sortzeko.

Umap ere horrela dabil. Codesyntax-eko lankide Asier Arangurenek horrela azaltzen ditu bere nondik norakoak: «Labur-labur esateko: Twitterren dagoen jarduna jarraitzen dugu, euskaldunak izan daitezkeen erabiltzaileak identifikatzen ditugu, eta horien euskarazko jarduna filtratzen dugu. Hori guzti hori, modu automatikoan eta denbora errealean. Hortaz, esan dezakegu Umapek Twitterreko euskarazko jarduna filtratzen eta erakusten duela».

Horrekin batera, beste datu batzuk emateko ere balio du Umapek. Besteak beste, erabiltzaile euskaldun aktiboenen zerrenda eta euskal TT edo joerak (Trending Topic-a). Eta gainera, euskal tuiterlarien artean pil-pilean dauden albisteak ere filtratzen ditu, horiekin Sustatu albistegi automatikoa elikatzeko: http://sustatu.com/auto.

Baina, nolakoa izan da orain arte Twitter-en eta euskal txiolarien arteko harremana? Asier Arangurenen hitzetan: «Lehenengo tuiterlariak 2007 inguruan hasi ziren lehenengo txioak botatzen, baina 2010. urtetik aurrera etorri zen benetako eztanda. Umap ere orduan jaio zen, bere lehenengo bertsioan. Garai hartan 400-500 tuiterlari inguru ziren modu jarraituan euskaraz txiokatzen zutenak. Harrezkero komunitatea asko handitu da. Hazi ez ezik, sendotu ere bai. Gaur egun 3.500 tuiterlari aktibo daudela esan dezakegu (horiek ditugu Umap-eko gure komunitatean une honetan). Eta seguru asko gutxi batzuk gehiago ere izango dira, nahiz eta gutxiago idazten duten, edo euren jarduna nagusiki erdaraz den. Eta datozen hilabeteetan goraka jarraituko duela uste dugu. Albiste ona, euskara bizirik dagoela erakusten duelako horrek. Euskara eguneroko hizkuntza dela, komunikatzeko, lagunartean jarduteko edo txantxarako balio duena».

Hizkuntzarena ere funtsezkoa baita gai honetan. Umapek horren irudi bat ere ematen du, tuiterlari bakoitzaren hizkuntza erabilera ere neurtzen baitu aldi berean. Beraz, datu soziolinguistikoak ateratzeko tresna ere bada Umap. Oraingoz, profil indibidualetan bakarrik ikusten dira euskararen erabileraren inguruko datuak, baina epe motzera, Asier Arangurenek adierazi digunez, «erauzketa zabal samarragoa egiteko asmoa daukagu. Twitterreko euskarazko jardueraren argazki osatuagoa izaten lagunduko digu, alderdi soziolinguistikotik begiratuta».