NAIZ.INFO
ORDIZIA

Monozikloz Ordiziatik Gasteizera, presoen herriratzea eskatzeko

Iruñerako bidea egin zuen Jon Lekuona ordiziarrak lehenbizi eta igande honetan ekimenaren bigarren saioa osatuko du, kasu honetan Gasteizera abiatuz. Presoen herriratzea eskatzea eta dispertsioak familiengan eragiten duen kaltea salatzea du helburu ekimenak.

Jon Lekuona Iruñera iritsi zen unea, otsailaren 2an. (@monozikloz)
Jon Lekuona Iruñera iritsi zen unea, otsailaren 2an. (@monozikloz)

Otsailaren 2an Ordiziatik Iruñerako bidea egin zuen Jon Lekuona ordiziarrak monozikloz, dispertsioaren aurka eta preso politikoak Euskal Herrira gerturatzea eskatzeko. Orduan ere esan zuen ekimenari segida eman asmo ziola, gaur iragarri dute igandean Gasteizko bideari ekingo diola.

Goizeko seiak aldean abiatuko da Ordiziako Herriko tabernatik eta 16.30erako Gasteizko Gaztetxera iritsi asmo du. Bidean herritarren animoak eskatu ditu Herrira mugimenduak. Honakoa ibilbidea: Ordizia - Beasain - Iurre - Idiazabal - Segura - Zegama - Otzaurte - Altsasu - Olazti - Egino - Urabain - Durruma - Agurain - Langarika - Dulantzi - Burgu - Arkaute - Gasteizko Gaztetxea.

Ekimenaren zuzeneko jarraipena egingo dute @monozikloz kontuaren bidez.