NAIZ.INFO
DONOSTIA

Preso donostiarren inguruko aldizkako jarraipena egiteko konpromisoa hartu du Udalak

Donostiako EH Bilduko zinegotziek eta alkateak euskal presoen eskubideen aldeko hainbat konpromiso hartu dituzte, tartean hiri horretakoak diren presoen inguruko udal dosierra osatu edota haien senideekin bilerak egingo dituztela agindu dute.

Donostiako Udal Gobernuaren agerraldia. (@gafz11)
Donostiako Udal Gobernuaren agerraldia. (@gafz11)

Juan Karlos Izagirre alkatea buru, Donostiako EH Bilduko udal taldeko zinegotziek agerraldia egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko adierazpena irakurri eta afera honen inguruan hartu dituzten konpromisoen berri emateko.

Izagirrek berak irakurritako adierazpenaren arabera, jendartea ordezkari politikoei eskatzen ari zaie urratsak eman ditzatela eta konponbidearen alde inplika daitezela, giza eskubideen aldeko lana eginaz.

Nabarmendu dutenez, euskal gizarteak askotan eskatu du, adibidez, iragan urtarrilaren 12ko manifestazioan, euskal presoen Euskal Herriratzea, «legeak eta gizatasunak halaxe eskatzen dutelako».

Egun 77 preso donostiar daudela zehaztu dute, eta horietako seiri «Parot doktrina» delakoaren bitartez zigorra luzatu diete. 

Testuinguru politikoaren inguruko irakurketaren ondotik, Nora Galparsoro eta Josu Ruiz zinegotziek Udal Gobernuak hartu dituen konpromisoen berri eman dute.

Hauen arabera, Donostiako presoen egoeraren inguruko udal dosierra osatuko dute, sei hilabetero berrituko dutena. Espetxe Zuzendaritzari, Justizia Ministerio espainiarrari, Auzitegi Nazional espainoleko Espetxe Zaintzako epaileari eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari bidaliko diete txostena.

Horrez gain, Udal Gobernuak aldizkako batzarrak egingo ditu presoen senideekin, «egoeraren berri zuzena izateko».

EH Bilduko zinegotziek, udaltzarretan presoen eskubideen aldeko txartelak eramango dituzte.

Era berean, Udaleko Giza Eskubideen Batzordera presoen eskubideekin lotuttako ekimen zehatzak eramateko konpromisoa agertu dute.