NAIZ.INFO
GASTEIZ

EH Bildu: «Iraganeko eszenatokia gogortu nahi dute 40 gazteren aurkako epaiketarekin»

40 gazteren aurkako epaiketak agerian uzten du EH Bilduren ustez espainiar Gobernuak bake prozesuari «muzin» egin eta «iraganeko eszenatokia gogortu» nahi duela.

Segiko kide izatea egotzita 40 gazteren aurkako epaiketa abiatuko dute Audientzia Nazional espainolean datorren urriaren 14an. Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak erabakia salatu du, «beren lan politikoagatik epaituko dituztelako».

Horrez gain, gogora ekarri du urriaz geroztik, 40 gazte horiek ez ezik, beste hainbeste ere preso egon daitezkeela, ‘Herrikoen auzia’ medio. «Urrian 80 preso politiko gehiago egon daitezke espainiar kartzeetan lan politikoa egiteagatik», salatu du.

«Ulertezintzat» jo du Mintegik Estatuko botereek hartu duten bidea eta epaiketa hauek agerian uzten dute haren iritziz Estatu espainiarrak «ez duela abian dagoen bake prozesuan murgiltzeko eta aurrerapausoak emateko borondaterik».

Hori gutxi ez eta prozesuari «muzin» egitea egotzi dio Estatu espainiarrari, baita «iraganeko eszenatokia gogortu» nahi izatea ere.

Presio politikoa «behar-beharrezkoa» da Mintegiren ustez Gobernu espainiarra prozesuan murgilduarazteko.