Gipuzkoako hiriburuan burututako agerraldi batean, Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguezek, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Imanol Landa Euskal Fondoko lehendakariak iragarri dute Mendebaldeko Saharan izandako eskubide urraketen inguruko jardunaldiaren berri eman dute, hain zuzen ordezkatzen dituzten erakundeek finantzatu baitute Hegoa, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari buruzko Ikasketa Institutuak sustatutako proiektua.
Mediku eta sikologian doktore den Carlos Beristainek, Aranzadi Fundazioko lehendakari eta auzitegiko medikuntzako aditu den Paco Etxeberriak eta Elghalia Djimi ekintzaile sahararrak plazaratuko dituzte, aurreneko aldiz, Mendebaldeko Saharan desagertutako pertsonak bilatzeko proiektu honen emaitzak.
Rodriguezek aurreratu duenez, ikerketaren fruituak «oso adierazgarriak» izango dira eta «Nazioarteko Zuzenbidearen arloan ondorio juridiko garrantzitsuak izango dituzten aurkikuntzak eskainiko ditu».
Datorren asteartean, aipatu hiru erakundeek harrera instituzionala egingo dute San Telmo museoan, eta bertan proiektu hori aurkeztuko da, Euskal Herriko eta Saharako hainbat agintariren aurrean. Alderdi politiko guztietako ordezkariekin batera, giza eskubideen aldeko elkarteak, zientzialariak, irakasleak eta beste arlo batzuetako lagunak ere han izango dira.
Asteazken arratsaldean, emaitzen aurkezpen publikoa egingo da Donostiako Udaleko batzar aretoan, 19.00etatik aurrera, eta nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera.
Bi ekitaldiotan, dokumental bat proiektatuko dute eta hitzaldia eskainiko dute Carlos Beristain, Paco Etxeberria eta Elghalia Djimik.
Halaber, bertan izango dira kanpamenduetatik nahiz lurralde okupatuetatik etorritako sahararrak, aurkeztuko diren frogen lekuko zuzenak direnak.
‘Izan litekeen itxaropena’
‘Izan litekeen itxaropena’ biktima sahararrek 37 urtez egia, justizia eta ordain eskubidearen bila egindako eskaeren ondorioz sortutako ikerketa da, eta Beristain doktoreak eta Eloisa Gonzalezek egindako ‘El Oasis de la memoria’ ikerlanaren barruan dago kokatua.
Duela urtebete inguru aurkeztu zen txosten horrek oroimen historikoa berreskuratzeko xedea du, eta Mendebaldeko Saharako giza eskubideen egoera aztertu, Egiaren Batzordeen metodologia oinarri hartuta eta kaltetutako pertsonengandik zuzeneko informazioa bilduta.
Ikerketa horretan, 261 biktimek giza eskubideen urraketa larriak, herritarren kontrako bonbardaketak, desagerpenak, bidegabeko atxiloketak eta torturak kontatu zituzten.
Ikerketa honen emaitzek ondorio garrantzitsuak izan ditzakete, ordaina jasotzeko eskubidearen nazioarteko printzipioaren arabera, eta dei egingo diote nazioarte osoari, Nazio Batuak, Europako Parlamentua eta Europako Kontseilua bezalako erakundeei.