Nagore Belastegi
DONOSTIA

26 konpainiak hartuko dute parte dFeria Arte Eszenikoen jaialdian

Aurtengo dFeria Arte Eszenikoen jaialdia aurkeztu dute Donostian. 26 konpainiak hartuko dute parte guztira, horien artean erdia baino gehiago Euskal Herrikoak. Jaialdia kanpora begirako erakusleiho bat da eta bertan ikusi ahal izaten diren lanak saltzeko bidea.

Ezkerretik eskuinera, Belen Moneo (kartelaren egilea), Garazi Lopez de Etxezarreta, Norka Chiapusso, Jose Luis Ibarzabal, Nerea Txapartegi eta Xabi Puerta. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Ezkerretik eskuinera, Belen Moneo (kartelaren egilea), Garazi Lopez de Etxezarreta, Norka Chiapusso, Jose Luis Ibarzabal, Nerea Txapartegi eta Xabi Puerta. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Arte Eszenikoen jaialdia, dFeria, martxoaren 10 eta 13 bitartean ospatuko da aurten.  Parte hartuko duten 26 konpainietatik hamarrek dantza emanaldia eskainiko dute, hamalauk antzerkia eta bik diziplina desberdinak nahasten dituzte. Hala ere, Norka Chiapuso dFeriaren zuzendariak esan du aurten aipatzekoa dela nola gero eta hobeto nahasten diren diziplina desberdinak ikuskizunetan eta horregatik jarri diote ‘Mugak’ izena aurtengo edizioari. «Lehen ikus-entzunezko elementu bat sartuz gero arrotza gelditzen zen, orain, berriz, lanean integratzen asmatu dute», azpimarratu du. Belen Moneo artista grafikoak ere mugen ideia horri heldu dio kartela diseinatzeko: itsasoa eta lurraren arteko muga.

Eskainiko dituzten emanaldietatik 18 estreinaldiak izango dira Euskal Herrian eta, gainera, euskal eszenaren aldeko apustua egin da, 26 konpainietatik %53 Euskal Herrikoak baitira. Beste %27 Estatu espainoletik eta %20 Mexiko, Uruguay, Danimarka eta Estatu frantsesetik datoz. DFeria erakusleiho aparta da kanpora begira Donostian aurkezten diren lanak zabaltzeko. Izan ere, iazko edizioan aurkeztu ziren lanak saltzean azokaren aurrekontua bost aldiz gailendu zuten.

Sarrera orokorrak sei eurotan daude salgai otsailaren 16ra arte (hamar euro Victoria Eugeniako butakak). Asteak pasa ahala pixkanaka igoko dituzte prezioak, hau da, zenbat eta lehenago erosi orduan eta merkeago. Victoria Eugenia antzokia da eszenatoki nagusia baina beste txikiago batzuk ere izango dira. Horien artean, berrikuntza Atano III. pilotalekua izango da.

Chiapusok ikusgai izango diren zenbait lan aipatu ditu: ‘Hautsa’ (Parasite kolektiboa, antzerki-dantza, martxoak 10, Intxaurrondo K.E.,13.00etan), ‘La escuela de los vicios’ (Morfeo teatro, martxoak 11, Antzoki Zaharra, 19.00), ‘Cuarteto del alba’ (Laurentzi producciones, martxoak 12, Antzoki Zaharra, 19.00) eta ‘Barrokamiento’ (Siosi teatro, martxoak 13, Intxaurrondo K.E., 11.15etan).