NAIZ.INFO
Donostia

Aske Gunearen karpa Donostiako Bulebarrera itzuli da

Berriz ere kolore laranja nagusitu da Donostiako Bulebarrean, hainbat gazte independentisten espetxeratzea eragingo zuen ebazpenaren aurka Aske Gunea altxa zen leku berean. ‘Libre topaketak 01’ ari dira egiten ekinbide politikoaren aurkako ebazpenei aurre egiteko desobedientziaren bidean sakondu asmoz.

Arratsaldeko asanblada Donostiako ‘Libre’ topaketan. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Arratsaldeko asanblada Donostiako ‘Libre’ topaketan. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

‘Libre topaketak 01’ ari dira egiten asteburu honetan Donostian, konpromisotik desobedientziara igarotzeko deialdia zabalduz. Ekinbide politikoaren aurka Madrildik datozen ebazpenei aurre egin asmo diete eta Konpromioen Hitzarmena deitu duten dokumentua izango da topaketen emaitza.

Orain urtebete Aske Gunea osatu zen leku berean ezarri dute gaur karpa, askoren oroimenean betiko geratu zen desobedientzia ekimen hura gogoratuz. Orduan Donostiako hainbat gazteren aurkako zigor ebazpenari aurre egiteko antolatu zen ekimena, eta oraingo topaketak antzeko esperientzia Ondarroan edo Iruñean hedatu ostean eta ebazpen judizial berrien mehatxupean datoz.

Desobedientzian sakondu asmoz hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako. Gaur goizean eragile sozialen azoka izan da lehenbizi eta hainbat auzoetatik zutabeetan irten dira dozenaka herritar Bulebarrean denek bat egin arte. Irekiera saioan iaz atxilotu zituzten gazte independentisten senideek hartu dute hitza babesa eskertu eta euren gertukoak espetxera eraman zituzten arren, orduan erakutsitako duintasuna mantentzen dutela azaltzeko.

Eragile sozialen batzarrean Konpromisoen Hitzarmena txostena aurkeztu dute, gaur eta bihar horren inguruko eztabaidak burutu ostean topaketen amaieran aurkeztuko dute 10 konpromisoko dokumentua. Bazkalostean arloka landu dute konpromisoen agiria eta igande goizean burutuko dituzten desobedientzia ariketa praktikoak zehaztu dituzte.

Gaua bertan pasatzeko deia egin dutenez orain urtebeteko oihaletxez beteriko Bulebarraren irudia errepikatuko da gaur Donostian.