NAIZ.INFO
DONOSTIA

Klikmetroak ekimenaren laugarren edizioa aurkeztu dute

Urriaren 5ean Orion egingo den Kilometroak jaialdiko arduradunek aurten ere abian jarri dute Klikmetroak ekimena. Zirkuitu birtualari ahal beste itzuli ematean datza erronka, eta parte-hartzea sustatu zein babesleak lortzea da helburua.

Klikmetroak ekimenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Klikmetroak ekimenaren aurkezpena. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Aurtengoan Erria Txikota! lelopean Orion egingo den Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiaren antolatzaileek agerraldia egin dute, Klikmetroak ekimenaren aurkezpena egiteko.

Laugarren urtez jarri dute abian ekimena, eta dagoeneko webgunea ere erabilgarri jarri dute.

Azaldu dutenez, ekimenaren azken xedea zirkuitu birulaari ahalik eta bira gehien ematea da, eta horretarako, nabarmendu dute, «ezinbestekoa da milaka pertsonen parte-hartzea». Bisitari bakoitzak metro birtual bat egingo du, eta ahalik eta herritar gehienen laguntzarekin ibilbideari ahal beste itzuli eman nahi dizkiote.

Bisitariek egindako metro bakoitzeko babesleek ekarpen ekonomikoa egingo dute Kilometroak jaialdiaren alde.

Zentzu horretan, proiektua bi norabidetan mamitzen dela zehaztu dute. Alde babetetik, jendearen parte-hartzea landu nahi da eta, bestetik, merkatari, elkarte nahiz enpresen laguntza sustatu nahi da.

Aurtengo ibilbideak 5.632 metro dituela argitu dute antolatzaileek eta, hortaz, erronka ibilbideari itzuli bat baino gehiago ematea izango dela esan dute.

Parte hartzea oso erraza dela azpimarratu dute, bisitariek Twitter, Facebook edo e-posta bitartez izena eman, argazki bat zintzilikatu eta esaldi labur bat idatzi baino ez baitute egin behar.

Beste alde batetik, Kilometroak aldizkariaren lehen alea aurkeztu dute. 25.000 ale kaleratu dituzte, Gipuzkoa osoan banatzeko asmoz. Bigarren alea irailean plazaratuko dute.

Kilometroak jaialdiaren antolakuntzari buruzko berriak eta Orioko Herri Ikastolari buruzko informazioak bilduko dituen aldizkaria interneten ere jarriko dute ikusgai. Aste honen bukaerarako Kilometroak jaialdiaren webgunean jarriko baitute.