
Zinemaldi donostiarrrak Urrezko Maskorra lortzeko Sail Ofizialean lehiatuko diren nazioarteko zuzendari entzutetsuen film berriak ekarriko ditu beste behin Gipuzkoako hiriburura, eta hurrengo astean ezagutaraziko dira Sail Ofizialean lehiatuko diren gainontzeko zuzendariak, antolakuntzak jakinarazi duenez.
Zehazki, Michael Sturminge austriarrak ‘Casanova variations’ aurkeztuko du. John Malkovichek antzezten du inoiz inon izan den seduktorerik handienaren mitoa, Casanovarena, hain zuzen. Giacomo Casanovaren ‘Mémoires de Casanova’ liburuan oinarrituriko lanak, W.A. Mozart eta Lorenzo da Ponteren ariak biltzen ditu. Fikzioaren bidez ez ezik, antzezpenekin ere kontatzen dute protagonistaren istorioa: Casanovaren abenturak, pasioak eta, batez ere, heriotzari zion beldurra.
Michaël R. Roskam flandiarrak, Hollywooden egindako debutean, ‘The Drop’ aurkeztuko du. Dennis Lehane idazlearen eleberri bat egokitu du, eta Tom Hardy, Noomi Rapace eta James Gandolfini ditu protagonista: Gandolfinik zinemarako egindako azken lana da, gainera. Bertan, krimen antolatua New Yorkeko auzoetako tabernetan dirua zuritzen nola saiatzen da kontatzen da.
Mia Hansen-Love zinemagile frantsesak french house musikaren istorioa kontatzen du ‘Eden’ bere azken lanean. Musika elektronikoa abiadura bizian garatu zen 1990eko hamarkadan, eta Parisko gau bizietan, Paul DJ lanetan hasiko da.
Shim Sung-bo zinemagile hegokorearrak ‘Hameu’ bere lehen filma eramango du Donostiara. Benetako itsas abenturak oinarri dituen kontakizuna da. Paperik gabeko etorkinak garraiatzen dituen arrantza ontzi baten ahaleginek sekulako hondamendia eragingo dute, tripulazioa erotzerainoko hondamendia, hain zuzen.
François Ozon
François Ozon zinemagile frantsesak, 2012an Urrezko Maskorra irabazi ondoren, ‘Une nouvelle amie / The new girlfriend’ pelikula berriarekin itzuliko da Zinemaldira. Txikitako lagunek diren bi emakumeren arteko istorioa kontatzen du. Biak ezkondu egingo dira, eta batek haurtxo bat izango du. Handik denbora laburrera, amak gaixotasun larria izango du, eta lagunari agintaraziko dio haurra eta senarra zainduko dizkiola. Heriotzaren ostean, lagunak erabakiko du senarra eta haurra ikustera joatea, baina sekulako ezustekoa hartuko du.
Ozonek aski ezagun du Donostiako Zinemaldia, 2009an ‘Le Refuge’ filma aurkeztu baitzuen eta, 2012an Beste Begirada Saria jaso zuen ‘Jeune et Jolie’ lanarekin.
Christian Petzold zuzendari alemanak ‘Phoenix’ bere azken filma aurkeztuko du, eta Nina Hoss izango du oraingoan ere protagonista. Traizioa egin ostean, kontzentrazio eremu batera eraman zuten emakumezko bat. Aurpegia erabat desitxuratuta duela itzuliko da, eta zirujano ospetsu bati eskatuko dio aurpegia atzera itxuratzeko, ahal den neurrian lehengo tankera bera hartzeko. Operazioaren ostean, bere onera etorritakoan, bere senar pianistaren bila hasiko da, baina ez du espero zuena topatuko.
Azkenik, Bille August zinemagile daniar sonatua, Oscar baten eta Canneseko Urrezko Palmorriaren irabazlea,‘Stille hjerte / Silent heart’ drama intimista eramango du Donostiara. Familia bateko hiru belaunaldi asteburu batean elkartu dira. Sanne eta Hedidi ahizpek onartu dute hilzorian den beren amak bizitzari agur esatea, egoerak okerrera egin aurretik, baina, asteburua igaro ahala, gero eta zailago egingo zaie amaren erabakia onartzea, eta garai bateko gaztazkak azalera agertuko dira.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba
